GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Blai

Rishi Sunak lehen ministroa, euritan blai. (Tejas SAND | Europa PRESS)

Aurreko astean Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi zuen moduan, uztailaren 4ra aurreratu dituzte komunen Ganberarako hauteskundeak. Downing Street kanpoan egindako adierazpenetan esandakoak baino, emandako irudia pasako da historiara. Sekulako euri jasa baten erdian, blai eginda egin zuen prentsaurrekoa. Ironikoki, bere ibilbidearen amaierako diskurtsoa zirudien unean, etsita zirudien Sunakek; ilusiodun eta itxaropen hitz guztiak euriak barreiatu zituen. Atzean, kazetarien artean, toryen aurkako manifestari batek jarritako abesti bat entzun zitekeen, “Things can only get better”, alderdi laboristak 1997. urteko hauteskundeetako kanpainan erabilitako abestia. Tony Blairrek John Major garaitu zuen hauteskundeak izan ziren.

Erdipurdiko agintaldi bat optimismoz gogoratu zuen, «agindu nizuen planaren emaitzak aurreikusita bezala doaz» esanez. Irribarrerik egin gabe. Eta, lorpen guztiei Sunaken ukitu berezia emanez, bereak bakarrik izan balira bezala, bera izan balitz bezala gure salbatzailea. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Erresuma Batuak bizi izan dituen «bost urterik gogorrenak» izan direla esan zuen, egungo egoera horrekin justifikatu nahiko balu bezala. Covid garaiak gogoratu zituen, distantziak ematen duen perspektiba positibotik, toryek egindako hanka-sartze guztiak ahaztuz. Egungo egoera ekonomikoaren kontaketa egin zuen, berriro ere alde positiboetan zentratuz, inflazioaren jaitsiera lortu duela esanez.

Sunaken ibilbidearen hasierako promesak, aurrekaririk gabeko testuinguru hartan, itxaropena piztu zuen; 2022. urteak eman zigun hirugarren lehen ministroa zen, gauzak hobeto egitea ez zela zaila izango pentsatu genuen denok.

Jantzia eta gaitasunduna zela zioten analistek, eta buelta emango ziola egoerari. Eztabaidagarria da egin duen lana. Barruan, bere alderdikideen artean sortu duen banaketak ere bestelakorik adierazten du. Datozen asteetan toryen hainbat parlamentarik Sunaken aurkako konfiantza mozioa deitzea ez zen harritzekoa izango.

Amaitu aurretik Alderdi Laboristari eraso egin zion, planik ez zuela esanez. Inkestek eta azken emaitzek bestelakorik esaten dute. Hitzen sinesgarritasuna euriak eraman zuen, berriro ere.

«Ez zintuzketet inoiz bakarrik utziko» esan zuen diskurtsoko une batean; ironikoki, bere amaiera iristear dagoen honetan. •