GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Etsaiarena

Joan den asteburuan Donostian izandako manifestazioa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nor ote den etsaia galdetu zenidan. Non ezkutatzen ote den, ze jantzirekin estaltzen dituen bere deabru adarrak, zein etxetan ematen dioten ostatu, noren kopatik edaten duen, noren eltzetik jaten. Manifestazio baten ondoren izan zela esango nuke, milaka gorputzen arteko lainezapean. Denok hemen bagaude, non dago etsaia?

Poliki etxeratu nintzen, kale kantoi ilunetan zokomiran, ea deskuiduan berarekin topo egingo ote nuen kezkatan, ez ote nuen zakarrontziren baten ahotik begira edukiko, estoldaren batetik zelatan sumatuko. Bakarrik iritsi nintzen etxera, ordea. Nire itzala baino ez nuen ikusi, farol batetik bestera jauzika. Manifestatzen segi genuen; etsaia ezkutuan beti eta, hala ere, presente. Autobide bat egin zuten Leitzaranen, erraustegi bat Zubietan, eta hotelak nonahi. Aurrerapenaren kontra geundela esaten ziguten, ez geneukala proposamenik, dena gelditzea ez bazen. Eta batzuetan nolako mesedea egiten duen ekaineko lehenengo eguzki printzapean gelditzeak, arnasa sakon hartu eta ingurura begira jartzeak.

“Kapitalismoa geu gara” idatzi zuen norbaitek, “horregatik ez dugu sekula garaitzen”. Nire itzala daukat zelatan, faroletik farolera jauzika, asteburu gauetako etxerako itzulian. Eta, hala ere, hatz erakusleak altxatzen hasi dira ingurukoak, denaren errudun omen direnak seinalatzen: gure lana kentzen digutenak, gure dirua ostera datozenak. Gure mundua hankaz gora jartzera datozenak. Beti da errazagoa norbait seinalatzea hatz erakusleak goratzen dituzten botere harremanen korapiloak banan bana askatzen hastea baino. Zergatik gelditu hari-muturrei begira; hobe aurrera egin, beti aurrera; bide bazterrean geratu denak begira diezaiola atzerago datorrenari.

Zuk ez diezu eskuin muturra goratu eta hatza erakusten dutenei sinesten. Korapiloak askatzen geratu zara. Eta ez nekatzeko esan dizute, munduak ez daukala soluziorik, alferrik ari zarela dena hankaz gora jarri nahian, zu ere mundua zarelako, obretan, belarri-zuloetatik porlana darion mundu presati hori daramazula zure azalaren pean. Turismoaren kontra dagoen turista zarela, Palestinaren alde dagoen europarra, errepideen kontrako gidaria, trenbideen kontrako bidaiaria, errauskailuen kontrako kontsumista. Zure lotsaren oskol barruan trikutu nahiko zenuke halakoetan, zure arantzetan dauden odol arrotzen arrastoak lehortu arte bertan egon, inork ikusi gabe. Baina ez dago astirik: mundu bat sentitzen duzu zure oinpean desegiten, hiriak souvenir denda erraldoi bilakatzen, bizi zenituen lekuak bi dimentsiotako argazkietara murrizten. Beste mundu batekin egiten duzu amets, baina, hura eraiki bitartean, zure barruko kale kantoietan bizi diren itzalak ezagutzea besterik ez zaizu geratzen. •