08 JUN. 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Euskal Herria, babes eta garapen leku Iñaki Altuna Europako hauteskundeetara –baita Estatu mailakoetara ere– herri gisa aurkeztearen alde hitz egin du aste honetan Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Horietan kolaboratu behar dela dio, eta lehia hurbilago diren hauteskundeetarako utzi. Ez da ideia berri-berria. 2003an plazaratu zuen halako zerbait ezker abertzaleak, “Bergarako proposamena” izenburuarekin. Garaia ez zen bera, ezta gutxiagorik ere, eta horregatik Otegiren hitzok, berri-berriak ez izanagatik, berritzaile ere gertatu dira beste batzuen azken asteetako mezu politikoen ondoan, batez ere EAJk oso jarrera oldarkorra duelako azkenaldian. Erretxinduta dabil aspaldi. Nonbait, erosoago zegoen beste garai batzuetan. Alderdien arteko ika-mikez harago, Arnaldo Otegiren adierazpenok eta adierazpenok egindako momentuak (Europako hauteskundeen atarian, hain zuzen) beste gogoeta batzuk piztu eta indartu beharko lituzkete. Izan ere, bihar Euskal Herrian –batez ere, Hego Euskal Herrian– islatuko den herri gogoak ez duelako zerikusirik izango hauteskunde barrutiko emaitzekin. Estatu espainoleko barrutian PPk irabaz dezake eta VOXek indar esanguratsua izango du. Beharbada, beste hautagaitza ultraeskuindar batek ere ordezkaritza lor dezake. Euskal Herrian, berriz, horiek ez dute halako emaitzarik lortuko, ezta hurrik eman ere. Inposizioaren ajeak Euskal Herriak ez du soilik bere ahotsa mugatua edo ukatua, bere ahotsaren kontrako beste muturreko posizio politikoak inposatu ohi zaizkio. NATOren erreferendum hura izan zen adibide ezin argiagoa. Igandean, munduaren aurrean, euskal herritarren iritzia urtua agertuko da berriro, oso bestelako gehiengo batzuetan disolbatua. Euskal Herria ardatz beharko luke nazioaren, langileen eta herri sektoreen emantzipazioa helburu duen edozein estrategiak. Alde batetik, biziraupen hutsagatik, Euskal Herriaren nortasuna, kultura eta hizkuntza ezingo baitira bestela segurtasun osoz bermatu. Aurreko belaunaldiek gure herria frankismoaren eta Frantziako jakobinismoaren putzu ilunetik atera bazuten ere, premiak eta egoera larriak ez dira desagertu, ezta gutxiagorik ere. Euskararen inguruan larritasuna piztu da berriro ere, eta datozen bi hamarkadak erabakigarriak izan daitezkeela diote adituek. Broma gutxi, beraz. Beste alde batetik, gurean hamarkada hauetan baldintza egokiak loratu direnez, bertan halako estrategia emantzipatzaile bat garatzeko aukera egon badagoelako, estatuen eta boteretsuen aurrean indar harreman egokiak sortuz eta epe labur zein luzeko helburuak erdietsiz. Hasitako ibilbidean barrena egiteko erronka historikoa du oraintxe herri honek. Eta horrek ez die munduan barrena askatasunaren alde eta zapalkuntzen kontra garatu beharreko borrokei kalte txikiena ere egingo; justu kontrakoa baizik, internazionalismoaren eskutik. Paradoxatzat jo badaiteke ere, internazionalismoa ez da inoiz nazio askapen prozesuen zabalkundearen garaian bezain indartsua izan. Euskal abertzaletasunaren kontrako mezua pozoi erreakzionario besterik ez da. • El País Vasco no solo tiene su voz limitada o negada, sino que se le suelen imponer otras posiciones políticas opuestas