Miren AZKARATE BADIOLA

Janariarekin ez da jolastu behar

Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak bertako gobernuaren kudeaketaren esku daudenetik ezin uka aspektu batzuetan, behintzat, egoera hobetu dela. Pentsa, bertso eskolak dauzkate!

Urte batzuk atzera hori eta beste kontu batzuk pentsaezinak ziren, eta esan beharra dago horrelako hobekuntzek bizi baldintzak hobetzea dakartela. Aldaketa txikiak sistemarentzat, baina onura handiak bertan “bizi” direnentzat.

Hala ere, badira hobetu beharreko zenbait kontu gehiago, bizi baldintzetan izugarri eragiten dutenak, eta presoentzat, bereziki haien osasunarentzat, oso garrantzitsuak direnak: elikadura, kasu. Elikadura, edozeinentzat, bizi den lekuan bizi dela ere, funtsezko zutabea da. Eusko Jaurlaritzak milioi erdi euro eman dizkio aurten, eta urteak atzera eginda hiru milioi euro guztira, janaria egoera txarrean eskaintzeagatik zigortua dagoen enpresa bati. Agintarientzat ez du arazorik suposatzen -nahiz eta zigor horien jakitun izan-, haiei esleitu baitiete Zaballako janari hornidura, besteak beste.

Jakin badakit murruen beste aldean gertatzen denak inoiz ez duela inporta izan erabaki horiek hartzen dituzten eta egunero gure kontu ederki bazkaltzen duten horientzat. Espetxean egotea zigor nahikoa izango ez balitz bezala, janari kontuekin ez zigortzea oinarrizkoa dela iruditzen zait. Bost izarretako hotel baten pare ez, baina usteldu gabeko produktuak jateko aukera, bederen? •