15 JUN. 2024 SUBIJANAKO LANGILEAK Villabonako oihal fabrikan lan egin zuten emakumeei omenaldia egin diete Amasa-Villabonako Udalak eta Bertsozale Elkarteak Subijana oihal fabrikan lan egin zuten emakumeak omendu zituzten «Emakumeen haria» ekimenaren bidez. Gainera, Subijana eraikina Bertsozale Elkartearen egoitza dela baliatuz, emakume bertsolarien lana goraipatu eta belaunaldien arteko lotura ere egin dute. Subijanan lan egin zuten emakumeek familia argazkia atera zuten antolatzaile eta agintariekin (Jon URBE | FOKU) Asier Aiestaran Amasa-Villabonako Udalak Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimen hunkigarria antolatu zuen joan den astean, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Hain zuzen, elkarte horren egoitza da gaur egun Subijana etxea, baina 1880tik 1980ko hamarkadara arte, Subijana oihal fabrika famatua egon zen bertan. Gizonezkoak ere baziren arren, batez ere emakumeek egiten zuten lan Subijana fabrikan, eta ekainaren 7ko ekitaldian bertan lan egin zuten emakumeei merezitako omenaldia egin zitzaien. Bide batez, azken urteotan bertsolaritzan bide berriak irekitzen ari diren emakumeen lana ere goraipatu zuten, modu horretan iraganaren eta orainaren arteko hariak josiz. Lehenik eta behin, bertaratu ziren 20-25 langile ohiekin mahai-inguru moduko bat egin zen Subijana eraikinean -fabrikaren jabeen etxea izan zen eta enpresaren bulegoak ere hartu zituen garai batean-. Gipuzkoako oihal industria sakon ikertu duen Fanny Alonsok gidatuta, langileek bertako pasadizoak berritu zituzten umore onean. Ondoren, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztu duten horma-irudi ikusgarriaren inaugurazio ekitaldia egin zen -Maialen Lujanbioren bertsoa du bere baitan-. Eta mokadu txiki baten ostean, bertso saioa eskaini zuten Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Alaia Martinek, Amaia Agirrek bikain gidatu zuen emanaldi aski pedagogikoan. Esku finagoak Villabonako Subijana oihal fabrikaren sorrera XIX. mendearen bigarren erdian oihal industriak Gipuzkoan zuen indarraren beste adibide bat da. Andoain edo Bergarako kasuek erakusten dutenez, oihalgintzaren sektoreak pisu handia zuen bertako ekonomian eta bazuen berezitasun nabarmen bat garaiko beste enpresa batzuekin alderatuta: langile ia denak emakumeak ziren. Hasierako urteetan lan guztia eskuz egiten zen, eta emakumeek esku txikiagoak eta finagoak zituztenez, egokiagoak omen ziren lan horretarako. Langile gehienak 17 urterekin hasten ziren lanean, baina diotenez, baziren askoz gazteago hasitakoak ere, eta fabrikako arduradunak eskolaz eskola ibiltzen omen ziren eskurik finenak zituzten nesken bila. Euren lanaren une zailenetako bat, adibidez, haria apurtzea izaten omen zen, ahalik eta azkarren korapilo berezi bat egin behar izaten zutelako. Korapiloak ahalik eta txikiena izan behar zuen nabarmena ez izateko, baina ahalik eta indartsuena oihala ez hausteko. Estanpatuen kasuan, akatsen bat eginez gero, azken orduan pintzel txikiarekin egiten omen zituzten konponketak, eta horretarako ere esku fina izatea komeni. Gainera, eskuz maneiatzen ziren "telar" edo ehungailu haiekin lan egiteko trebetasun handia behar zen, eta arriskua ere izaten omen zuten. Fanny Alonsok kontatu zuenez, Bergaran ezagutzen dira zauri larri samarrak izandako emakumeak, “lanzadera” izeneko egur zatiak jota, eta Villabonako bilkuran ere bazen hortza apurtu zuela onartu zuen langile bat. Maria Dolores Arrizabalaga izan zen omenaldian parte hartu zuen emakume zaharrenetako bat. Duela 101 urte Villabonako Kale Nagusian jaioa, ongi gogoratzen ditu oraindik ere oihal fabrikan bizi izandakoak, eta gerraosteko urte gogorretan etxera soldata bat eramateak laguntza suposatzen zuela azpimarratzen du oraindik ozen, ahots garbiarekin eta denek entzuteko moduan. Estanpazio famatuak Baina esku finak izateaz gain, lan gogor eta neketsuak egitera ohituta zeuden emakumeak. «Lan gogorra zen, karga handiekin ibili behar izaten genuen. Pintura pote handiak hartu eta haiek igo behar izaten genituen. Lan neketsua zen. Eta gero moldeak ere garbitu eta prestatu behar izaten ziren. Eta oihala orratzarekin josi», gogoratu du Joakina Iturbe zizurkildarrak. Joakina 17 urterekin hasi zen Subijanan lanean, oraindik oihalak egiten ziren garaian, baina azkar pasatu zen estanpazioak egitera. Hain zuzen ere, hori izan zen Villabonako enpresaren desberdintasunetako bat Bergara edo Andoaingo kasuekin alderatuta. Mahai inguruan parte hartu zuten hainbat langile. Eskuinetik lehena da Maria Jesus Martinez. Atzealdean Maria Dolores Arrizabalaga ere ageri da. 101 urte ditu baina ez zuen ekitaldia galdu nahi izan. (Jon URBE / FOKU) Antza denez, 1957ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten lantegian eta eraldaketa handi bat egiteko baliatu zuten berreraikuntza. Estanpazioak egitera igaro ziren. Fanny Alonsok aipatu zuenez, 1970eko hamarkadarako estanpazioak bakarrik egiten zituzten Villabonan, telak Bartzelonan erosita ekartzen baitziren. Oihalak egiten ziren garaiko langile gutxi geratzen dira bizirik. Maria Jesus Beristain da horietako bat: 90 urte ditu eta ekitaldian izan zen. Gazteenek, aldiz, estanpazioaren garaia ezagutu zuten. «Ni 17 urterekin hasi nintzen hemen lanean eta 36rekin utzi nuen. Sukaldean egiten nuen lan estanpatzeko koloreak egiten», kontatu digu Maria Jesus Martinezek. Ordizian jaio arren lau urterekin joan zen Villabonara bizitzera eta oroitzapen onak ditu fabrikako lanaz. Diseinatzaile garrantzitsuekin lan egin zuela ere aipatu digu. «Cristobal Balenciagarekin askotan egin nuen lan parez pare; zapiak eta horrelakoak egiten genituen. Idazkariarekin etortzen zen eta oso jatorrak ziren biak. Oso eleganteak». Azkenaldian pil-pilean dagoen Cristobal Balenciagak askotan bisitatzen omen zuen Villabonako lantegia, bertan egiten ziren estanpazioak asko maite zituelako. Louis Vuitton bera ere Subijanatik pasatu omen zen, baita beste hainbat diseinatzaile famatu ere. Maria Jesus eta bere lankideak ez ziren famatu egin, noski, eta azalean tratamenduren bat egitera joandakoan azkar antzematen omen zieten zertan lan egiten zuten, inolako babesik gabe arituta kolorea azaleko poroetan barruraino sartzen zitzaielako. Soldata bai, baina... Garai hartan, etxetik kanpo lan egitea urrats iraultzailea izan zen emakume askorentzat. Astero jasotzen zuten soldata sobre marroi batzuetan. Baina, zoritxarrez, kasu gehienetan etxetik kanpoko lan horrek ez zuen balio benetako independentzia ekonomikoa lortzeko. Gazteenek gurasoei eman behar izaten zieten soldata oso-osorik, eta ezkondutakoan fabrikako lana uzten zuten emakume gehienek. Joakina Iturbek, adibidez, bere kasua kontatu zigun. «Nik ordu asko sartzen nituen, baina azkenean utzi egin nuen gutxi ordaintzen zutelako. Bizikletan etortzen nintzen Zizurkildik, zortzi ordu egiten nituen eta beste leku batera joaten nintzen lanera, amarekin bakarrik bizi nintzelako. Aurrena josi egiten genuen. Gero estanpadoran ere ibili nintzen, gizonezkoak bezala, baina gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen ziguten guri eta lana uztea erabaki nuen. Halaxe esan nion enkargatuari: ‘Gizonezkoek bezala lan egin eta haiek baino gutxiago kobratu? Nik horrela ezin dut lanean jarraitu. Amarekin bakarrik bizi naiz eta dirua behar dut. Errenta ordaintzeko ere ez bazait iristen, hobe dut lanean ez jarraitu’. Ni ezkondu nintzenetik ez nintzen gehiago hona etorri, ez nintzen nahi ordurako ezkondu!» Adierazgarria da. Hasierako urteetan, eskuz egin beharreko lana nagusi zenean, ia ez zegoen gizonezkorik Subijanan lanean. Gero, makinak erabiltzen hasi zirenean, gizonezko gehiago hasi ziren fabrikan lanean, asko enkargatu moduan, eta emakumeak baino gehiago kobratuz. Ikusmina sortu zuen Fanny Alonsok gidatu zuen langileen mahai inguruak. (Jon URBE / FOKU) Maria Jesus Martinezek, agian geroxeago sartu zelako, oroitzapen hobeak ditu alde horretatik: «Guk erreleboka egiten genuen lan, goizean edo arratsaldean, baina ongi irabazten genuen. Aparteko orduak ere sartzen genituen eta pozik geunden. Gurasoei laguntzeko modu bat zen». Fabrikako soldata osagarri bezala hartzen zuen 95 urteko Maria Milagros Mendizabalek ere. Amasan jaioa, nahiz eta gaur egun Andoainen bizi, goizez esnea banatzen jarduten zen marmitak hartuta eta arratsaldez Subijanara joaten zen. Lan asko egin izana omen da oraindik ere sasoi bikaina izatearen arrazoia. Denak bat datoz, hori bai, langileen arteko giro ona nabarmentzerakoan, gaur egun horrenbeste aipatzen den ahizpatasuna balioan jartzerakoan. «Oraindik ere auzo honetan bizi naiz, bakarrik. Oso lagunak ginen langile guztiok, eta oraindik ere elkar ikustean sekulako besarkadak ematen dizkiogu elkarri», baieztatu digu Martinezek. Beti laguntzeko prest Bereziki gogoratzen dute, adibidez, Jesusen Bihotzeko AmaBirjinaren eguna, oihalgintzako langileen eguna. Garai batean bazkaltzera gonbidatzen omen zituzten langileak. Oihal lehiaketa bat ere egiten zuten eta Andoainen ama birjina kalera ateratzen zuten prozesio moduko batean. Gaur egun 99 urte dituen Angelines Quintanak gogoratzen duenez, langileek familia handi bat osatzen zuten eta giroa ederra izaten zen. Haien artean ez zegoen dirudunik, baina denak zutena elkarbanatzeko prest zeuden, izan ogitartekoa edo beste edozein mokadu. Beste arlo batzuetan ere onartu behar zaio aitzindari izatea Subijana oihal fabrikari. Langile gehienak emakumeak izatearen berezitasun horretan, langileentzako haurtzaindegi zerbitzua jartzen aurrenetariko enpresa izan omen zen, gaur egun begiratuta ere amatasunaren eta kontziliazioaren aldetik zer pentsatua ematen duena. Apurka-apurka, enpresaren gainbehera gero eta nabarmenagoa izan zen, eta 1980ko hamarkadan itxi egin zuten azkenik. Eta 2008an, ordura arte Donostian kokatua zegoen Bertsozale Elkartearen egoitza modernoa bilakatu zen. Behinola oihalak josten ziren lekuan bertsoak josten dira gaur egun. «Emakumeen haria» ez da eten Arreta eta protagonismo nagusia, batez ere, Subijana oihal fabrikan lan egindako emakumeek izan zuten arren, "Emakumeen haria" ekimenaren helburuetako bat bazen garai bateko langile haien eta gaur egungo bertsolarien artean harremanak jostea ere. Eta lotura horren sinbolo grafikoa Subijana etxearen horman Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztu duten mural ikusgarria da, bere baitan Maialen Lujanbiok propio sortutako bertsoa daramana. Inaugurazio ekitaldian, bi margolariek hartu zuten hitza sortze prozesua nolakoa izan zen azaltzeko. Lizarragak kontatu zuen Bertsozale Elkartetik beraiekin harremanetan jarri zirela egitasmoaren berri emateko, iragana eta oraina lotu nahi zituztela nolabait, iraganeko fabrika eta Bertsozale Elkartearen gaur egungo lana. Aurreneko urratsa Fanny Alonso adituarekin elkartzea izan omen zen -Maialen Lujanbiok ere gauza bera egin zuen-, fabrikan egiten zen lanaren xehetasun guztiak ezagutzeko, eta behin informazio hori jasota lanean hasi ziren. Eraikinaren fatxadak ere hala bideratuta, irudiak bi zati dituela esan daiteke. Alde batean, emakume bat ikusten da, hainbat koloretako hari mataza pilo bat magalean hartuta eta josteko gurpila aurrean duela. «Emakumearen nortasunari erreparatzea eskatuko nuke. Zer ikusten duzue bere begietan? Ez dut gehiegi esan nahi, nahiago dut norberak begiratu eta zer ikusten duen pentsatzea. Hori da garrantzitsuena», nabarmendu zuen alde hori landu duen Arantxa Orbegozok. Izaro Lizarraga eta Arantxa Orbegozo, Subijana etxean margotu duten muralaren aurrean. (Jon URBE / FOKU) Beste aldeaz Izaro Lizarraga arduratu da eta bertan hainbat elementu daude: «Oihal zuri bat ikusten da, arropa eta oihal zuriak asko egiten zirelako hemen garai batean. Hortxe kokatu dugu bertsoa, beste gehigarririk gabe. Eta horrekin batera, langileei eginiko keinu batzuk gehitu ditugu: estanpazio ereduen liburua, hor izaten zituzten patroiak gordeta eta pentsatzekoa da altxor bat zela langileentzat; pintzel txikia, azken orduko zuzenketa txikiak egiteko erabiltzen zutena; sobre marroia, astero jasotzen zuten soldata; eta estanpadun oihal koloretsuak, Villabonako ikur bilakatu zirenak». Eta irudiaren goiko aldean, bi aldeen arteko lotura. Emakumearen ilea eta oihalaren haria, oraina eta iragana, korapilo batez lotuta. Hain zuzen ere, Subijanako langileentzat ongi egitea horren garrantzitsua zen korapilo hori. Arantxa Orbegozok artea kalera ateratzeko aukera eskertu zuen. «Askotan artea leku itxietan geratzen da, oso zalea den jendeak bakarrik ikusten du, eta hau, aldiz, hemendik pasatzen duen guztiak ikusiko du, baita gustatzen ez zaionak ere». Eta horrek transmisiorako izan dezakeen garrantzia azpimarratu zuen: «Historia kontatzen duelako mural honek, hemen gertatu den zerbait. Transmisio bide bat da, langileek kontatzeko zer lan egiten zuten hemen. Animatu nahi zaituztet, norbaitekin topo egindakoan, hemen egin zenuten lan guztia kontatzera», eskatu zien bertaratutako emakumeei. Maila pertsonalagoan, asteotan horma margotzen ibili diren bitartean izandako pasadizo batzuk ere gogoratu zituzten. Eguraldiarekin izandako kezkak, batez ere euriak asko baldintzatzen zuelako beraien lana, edota inguruko jendearen laguntasun eta elkartasuna, animoak emanez edo kafea eskainiz. Eta horman zintzilik zeudela entzun beharreko komentarioren bat ere bai: «Hara, emakumeak dira-eta». Gauza batzuk oraindik ez direlako hainbeste aldatu. Muralaren ikuspegi osoago bat (Jon URBE / FOKU) Ondoren, Amaia Agirrek hartu zuen hitza, ekitaldian egoterik izan ez zuen Maialen Lujanbioren mezua helarazi eta haren bertsoa kantatzeko. Oihal bat josteko eta bertso bat sortzeko prozesuak harilkatu nahi izan ditu Lujanbiok hamarreko txikian: Historiaren fardotik soltatu ta tira hamar lerro hitzezko hamar metxa dira lerrotik errimara metxatik harira kanillatatik pasa ta ahotsa argira... Eskuen memoria bertsotan ari da. Eta egunari amaiera emateko bertso saio aparta eskaini zuten Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Alaia Martinek. Amaia Agirrek egin zuen gai-jartzaile eta gidari lana ere bereziki aipagarria izan zen, Subijana fabrikako datu historikoak oroituz, egungo hainbat egoerarekin loturak eginez -amatasuna edo ahizpatasuna, kasu-, eta bertsolaritzaren historiako pasarte eta bertso zaharrak gogora ekarriz. Jexux Mari Irazu eta Naiara Arreseigor ere igo ziren oholtzara, garai bateko bertsolarien azaletik kantatzera, eta Maider Iñurritak lagundu zien biolinarekin. Ale aipagarri asko utzi zituzten bertsolariek, baina bat idatzita uztearren, hauxe Alaia Martinen amaierako agurra: Botoietako zirrikitutik patroi berrien emagin oholtzak hartu ditzan nahi beste gorputz, uste eta adin garai bateko andreek bistan zeuzkatenak bi letagin jarraitu beharko dugu afoni hau isilarazten arin behingoagatik eztarriko min hau guztiz sendatu dadin Maria Dolores Arrizabalagak 101 urte ditu eta gerraosteko urte gogorretan etxera soldata bat eramateak laguntza suposatzen zuela azpimarratzen du ozen, ahots garbiarekin «Cristobal Balenciagarekin askotan egin nuen lan; zapiak eta horrelakoak egiten genituen. Idazkariarekin etortzen zen eta oso jatorrak ziren», gogoratu du Maria Jesus Martinezek Dena ez zen arrosa kolorekoa. «Estanpadoran ere ibili nintzen, gizonezkoak bezala, baina gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen ziguten guri», salatzen du oraindik Joakina Iturbek Angelines Quintanak, 99 urtekoak, gogoratzen duenez, langileek familia handi bat osatzen zuten eta giro ederra izaten zuten haien artean, beti elkarri laguntzeko prest