Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Kartzelako dramen barrunbeetan

Canneseries Jaialdian estreinatu eta Eskandinavian arrakasta itzela lortu ostean, Filminen lurreratu da «Prisoner» miniseriea. Ikusten ari nintzela, kartzelako drama azpigeneroko telesailekin zenbat gozatzen dudan oroitu naiz. Gaur8-n aurretik egindako testuak errepasatzen hasi naiz eta ohartu naiz oraindik ez dudala espetxeetako hormen barruan girotutako telesailen inguruko ezer idatzi. Horri konponbidea aurkitzeko asmoz, jarraian kartzelako dramen barrunbeetan murgilduko gara, gaiari loturiko pantaila txikiko zenbait izenburu interesgarri aipatzeko.

Wentworth telesailaren fotograma bat.
Wentworth telesailaren fotograma bat. (GAUR8)
Prisoner (Hust)

Filmin

Danimarkako Gobernuak espetxe berri bat zabalduko duela jakinarazi du, ‘zero tolerantzia’ politikan oinarrituko den kartzela bat. Horren eraginez, zabalik dauden hiru espetxeetako bat itxi egingo dute. Zein itxi erabakitzeko, hiru hilabetez ikuskatzaile batzuk bidaliko dituzte espetxe horietara gertatzen den guztia behatzera. Telesailaren ekintza nagusiak espetxe ‘lasai’ batean gertatzen dira. Helburu nagusia gatazkak saihestea eta ‘lasaitasun’ hori mantentzea denez, kartzelan presoekiko malgutasun handia dago. Bestalde, bertako lan baldintzak eskasak dira, eta prekaritatea nagusi da langileen artean. Hori horrela, banden artean hierarkiak daude eta droga trafikoak espazio handia hartu du. Baretasun hori, ordea, ekaitzaren aurreko lasaitasuna baino ez da; espetxea ixterik nahi ez badute, neurriak asko zorroztu beharko dituzte. Pertsonaia asko azaltzen dira telesail honetan, baina laurengan jartzen du arreta bereziki: espetxe horretako lau langilerengan. Horietako bakoitzaren lana ikusteaz gain, eremu pertsonalera jauzi egingo dugu eta presondegi kanpoko bizitza sakon ezagutuko dugu. Barrukoen, kanpokoen eta langileen sufrimenduaz elikatzen den eta erortzear dagoen erakunde baten b aldea erakusten du nolabait. Istorioa garatzeko, kartzelako dramen ohiko baliabide narratiboak erabiltzen ditu telesailak, sorpresa gutxi daude alde horretatik, baina Danimarkakoa izateak berezitasun eta nortasun handia ematen dio telesailari. Gordina eta zuzena da, errealista, itzulinguruka aritzen ez den horietakoa; erraietatik kontatua dago. Eta kritika sozialak ere badu tartea: Danimarkako kartzeletako baldintzak ezbaian jartzen dira, batez ere, baina, arrazakeria, erlijioa, ustelkeria edota pobrezia ere oso presente daude. Antzezpen lanak apartak dira, eta alor tekniko zein estetikoa ere nabarmena iruditu zait: musikak tentsioa areagotzen laguntzen du, kamera mugimendu zakarrek akzio-sekuentziak elikatzen dituzte, eta argazki gris eta ilunaren bitartez pertsonaien gatazkak barruraino sartzen zaizkigu.

Time

Movistar +

Zer nolako erakustaldia eskaintzen duten Sean Bean eta Stephen Graham aktoreek hiru atalez osaturiko telesail motz honetan! Kartzelako drama xumea, iluna, baina aldi berean, hunkigarria. Britainia Handiko kartzela sistemaren erretratu gordina azaltzeaz gain, bizitzan hartutako erabaki txarrek amildegira eramandako pertsonei buruzko erradiografia zehatza erakusten du. Istorio honetako bi protagonista nagusiak legearen alde banatan daude, baina biak etsai-ingurune batean bizirik irauteko saiatzen dira. Sean Beanek erruak oinazetutako gizon bat gorpuzten du: Mark Cobden, kartzelan sartu aurretik pertsona arrunta, aita eta irakaslea. Bat-batean, bizitza goitik behera aldatuko zaio eta lau urteko zigorra bete beharko du. Beste aldean Eric McNelly dago (Stephen Graham, izugarri, betiko moduan), presondegiko funtzionario beteranoa, hainbat preso talderen babesaz eta kudeaketaz arduratzen dena. Itxura zakarra duen arren, McNellyk bere lana zintzo betetzen du eta presoei eguneroko beharretan laguntzen saiatzen da. Abilezia txundigarriz, Lewis Arnold zuzendariak eta Jimmy McGovern-en gidoi bikainak bi pertsonaia horien barnean murgilduko gaituzte eta lehen segundotik haien infernu pertsonaletara egiten duten bidaia horren barruan ibiliko gara haien eskutik. Zuzendaritza lan paregabez, gidoi biribilez eta interpretazio bikainez jositako istorio zuzena, bortitza, errealista eta oso gordina. Telesail antologiko honek bigarren zati bat ere badu, non istorioa eta pertsonaia berriak diren. Lehenengoan gizonezkoak dira nagusi; bigarrengoan, emakumezkoak. Bigarren zati horretan, “Game of Thrones” eta, bereziki, “The Last of Us” telesailaei esker oso ezagun egin den Bella Ramsey, Jodie Whittaker eta Tamara Lawrance dira protagonista nagusiak; amatasun erretratu hirukoitza erakusten digu. Lehenengoa baina gogorragoa iruditu zait.

The Night of

HBO MAX

Egiari zor, telesail osoa ez da espetxeetan gertatzen. Nasir ‘Naz’ Khan da protagonista nagusia, Queens auzoan bizi den pakistandar jatorriko erdi mailako ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiaren taxia hartu du Manhattanen antolatutako festa batera joateko. Autoa hartu nahi zuten hainbat bidaiariri ezezkoa eman ostean (ezin baitu taxiko “in service” mezua itzali), Andrea Cornish izeneko neska bat igoko da, azkenean, autora. Paseoa, droga eta alkohola tartean, eta hainbat sedukzio jokoren ostean, protagonista neskaren sukaldean esnatuko da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta neska agurtzera doanean, ordea, hilik topatuko du, ohean, labankadaz josia. Hortik aurrera betiko aldatuko zaio bizitza. Drama penal desberdina, ausarta eta, batez ere, kritikoa aurkituko duzue harribitxi honetan. Arrazakeria, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza, borroka eta antzeko gaiak jorratzen ditu “The night of” telesailak. Helmuga baino gehiago, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bidea, maisulanak iruditzen zaizkidan lehen eta azken atal zoragarrien artekoa. Aktoreak, pertsonaiak, gidoia eta erritmoaren erabilera paregabeak dira, eta alderdi teknikoa, zoragarria.

El marginal

Netflix

Bahiketa bat ikertzen ari den bitartean, polizia ohi bat San Onofre izeneko kartzelan infiltratuko da. Erabat gainpopulatua, lege bakarra gailentzen da bertan: indartsuenarena. Kritika sozial eta politiko bezala eraikia, Argentinako “El Marginal” telesaila munduari bira eman dion polizia drama nabarmena da, non agerian geratzen diren sistema judizialaren hainbat gabezia. Ekoizpena errealismo maila harrigarria eta kalitate bisual zorrotza dituelako nabarmenduko nuke. Gogortasun handia eta tonu zakarra dira kartzelako drama honen ezaugarri nagusiak. Telesail gordina da, non trama nagusia ia bigarren planora pasatzen den, benetako protagonista ia guztia xurgatzen duen San Onofre kartzela baita. Alarde tekniko handiko hasiera batekin, “El Marginal”-ek ikuslearekin azkar konektatzea lortzen du. Ekoizpena atalez atal hazten doa, erritmo biziari eta bikain zizelkatutako pertsonaiei esker.

Black Bird

APPLE TV+

“Mindhunter” edota “True Detective” telesailen erako proposamenak gustuko badituzue, adi izenburu honekin. Telesaila osatzen duten osagarriekin hasiko naiz. Gidoilaria Dennis Lehane da: bere eleberriak sarritan egokitu dituzte eta arrakasta handiko filmak izan dira -”Mystic River”, “Gone Baby Gone”, “The Drop” edo “Shutter Island”, besteak beste-. Soinu banda, Mogwai talde eskoziarrak konposatua. Aktore zerrendan, izen ezagunak: Taron Egerton, Greg Kinnear eta, erne, Ray Liotta (hil aurretik egin zuen azkenetariko lana). Generoa, thrillerra eta kartzelako drama. Zer gehiago behar duzue? Premisarekin jarraituko dut, zentzugabea dirudien arren, benetako gertaeretan oinarritutako telesaila baitugu honako hau. Jimmy Keene (Taron Egerton) droga trafikatzaileari hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote. Kartzelan sartu eta hilabete gutxira, ordea, bi aukera proposatuko dizkiote: lehena, dagoen tokian jarraitu eta hamar urteak oso-osorik betetzea, eta bigarrena, aske geratzea, baldin eta segurtasun goreneko espetxe batean sartu eta Larry Hall ustezko serieko hiltzailearen lagun egiten bada. Zertarako? Hainbat hilketaren aitortza lortzeaz gain, neska batzuen gorpuak non lurperatu zituen jakiteko. Generoaren ezaugarri den polizia ikerketa ere topatuko duzue, jakina, baina thriller horietako bat da, non zimenduak Jimmy Keene eta Larry Hallen arteko elkarrizketak diren, Dehanek zehaztasun milimetrikoz idatzitakoak -hor “Mindhunter” telesail bikainarekin gogoratzea saihetsezina da-. Bien arteko harremana katuaren eta saguaren arteko jokoa bilakatuko den arren, bietako batek bakarrik daki jolasten ari direla.

Escape at Dannemora

Skyshowtime

Oso gutxietsia izan da miniserie hau, baina niri aparta iruditzen zait. Zuzendari lanetan Ben Stiller dugu eta aktore zerrendan, Benicio del Toro, Patricia Arquette eta Paul Dano izarrak. Hirukote protagonistaren antzezpen lana biribila da; Patricia Arquetterena, bereziki. 2015. urteko New Yorkeko goi mailako segurtasuneko kartzela bateko bi preso arriskutsuren benetako ihesaldia du oinarri. Zazpi kapituluko miniseriea da, su motelean kozinatzen doana, baina apurka-apurka guztiz harrapatzen duena. Horrez gain, kartzelako bizitza erakusten duen drama interesgarria da, baita Amerika sakonean bizi diren pertsonen erretratua gordina ere. Narrazio lan oso zaindua du oinarri “Escape at Dannemora”-k; kutsu errealista du (gidoia polizia txostenetan oinarrituta dago adibidez), baina, aldi berean, elementu oso zinematografikoz josia dago.

Prison Break (lehenengo denboraldia)

Disney +

Telesailak eta espetxeak aipatzen hasita, derrigorrezkoa da “Prison Break” aipatzea. Ikusle askorentzat adikzio hutsa izan zen eta, 2005ean estreinatu zenean, jarraitzaile mordoa bereganatu zuen. Michael Scofield, Lincoln Burrows, Sucre, Abruzzi, Sara Tancredi eta konpainiaren izenak garunean iltzaturik geratu ziren betiko. Bost denboraldi, 90 kapitulu, film bat eta sekuela bat dituen arren, lehen denboraldia da gomendatzen dudan bakarra, bigarrenetik aurrera telesaila sinesgarritasun, koherentzia eta zentzu guztia galtzen joan baitzen apurka-apurka, ia komedia bihurtu arte nahi gabe. Premisa bera nahiko zoroa eta zentzugabea den arren, lehen zatiak ezin hobeto funtzionatzen du kartzelako drama frenetiko eta oso entretenigarri moduan. Michael Scofield da telesailaren protagonista nagusia, plan korapilatsu bat gauzatu nahi duen gaztea: Fox River izeneko segurtasun goreneko kartzelan sartu eta Lincoln Burrows anaia erreskatatu nahi du. Horretarako, espetxetik ihes egin ahal izateko plano eta dokumentu guztien tatuajez josi du gorputz osoa.

Wentworth/Oz

“Wentworth” eta “Oz”, telesail bikainak diren arren, une honetan ez daude Hego Euskal Herriko Vod plataformetan ikusgai; aipamena egitea, behintzat, garrantzitsua iruditzen zait. Zoritxarrez, emakumezko protagonista gutxi topatu daitezke azpigenero honetan; “Orange Is the New” adibide interesgarria den arren, kanpoan utzi dut komedi ukituak dituelako eta gehiago zentratu nahi nuelako drametan. “Wentworth”-ek, hala ere, badu gainerako telesailetatik bereizten duen osagarri bat: emakumezkoen espetxe batean girotuta dago. “Orange Is the New Black” baino ilunagoa eta ausartagoa iruditzen zait. Australiakoa da eta zortzi denboraldi eta 100 atal izan zituen. Bigarren aldiz, “Oz”, 1997ko telesail txalotua: HBO ren urrezko telesail sorten lehenengoetakoa izan zen, gerora etorri baitziren “The Sopranos”, “Six feet Under” eta “The Wire”. Oswald State Rectional Facility izeneko segurtasun goreneko espetxeko bateko egunerokoa kontatzen du.