Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Oinherrik dakarren begirada aldaketa

Doraemonen ate magikoa izanen bazenu, nahi duzun lekuan ateratzeko, non aterako zinateke?». «Xagun», erantzun dit seguru. Ondoko herriko liburu eta jostailu denda da Xagu, eta bertako kotxe eta kamioiak izugarri gustatzen zaizkio. Biok lasai egiteko planik ederrenetakoa bertan egunkaria eta ibilgailuren bat hartu eta ondoko kafetegian gosaltzea da. Gero han bertan dagoen parkean pixka bat ibili, plazako dendan argazki batzuk inprimatu, eta etxerakoan, ibilgailu berria bertze gurpildunei aurkeztu, eta irudi, margo eta hitzekin albuma sortzen dugu.

Plan bereziak antolatzen ditut batzuetan, ikusgarriak, eta bueltan, «zer gustatu zaizu gehien?» galdetzen diodanean, badakit harrituko nauela, eta erantzuna «bidean ikusi dugun katua» izan daitekeela. Ideia hori bera aipatu zuen Txusma Azkonak berriki Bergaran egin den Oinherriren batzarrean, Txusma izeneko lehendakaria duen elkarteak ez duela hagitz serioa ematen aitortzearekin batera. Are gutxiago, Txatxilipurdi, Katxiporreta, Kokoriko edota Plisti Plasta partaide izanda. Ezin da serioa izan, ez, ekitaldia “harri, orri, ar” jolasean dena emanez bukatzen duen egitasmoa, bazkideak elkarri sorbaldatik helduz irabazlea animatzen oihuka, denen artean tren bat osatuz, Seminaixo atarian, “txu-txu!”. Zer da haurtzaroaren kultura hedatzearen zorakeria hori?

Duela 12 urte ekin zioten bideari, Joxe Mari Auzmendi zenaren eskutik, haur eta nerabeen hezkuntza bertze modu batera egin zitekeenaren ametsaren atzetik abiatu zirenean. Euskara, aisia, hezkuntza eta kulturan ari diren eragileekin batera, herri hezitzailearen filosofia eta praktika Euskal Herriko hainbat herritara jaisten hasi ziren, eta geroztik ederki sendotzen eta zabaltzen ari da Herri Hezitzaileen Sarea.

Begirada aldaketa bat dakar Oinherrik, haurren parte-hartzea sustatu nahi baitu, ez etorkizuneko herritar gisa, ez parke bat diseinatzeko bakarrik, baizik eta edozein gai lantzen hasteko haur eta nerabeekin, beraien egiteko moduekin, gu ezin baikara haien lekuan jarri. •