GAUR8 - mila leiho zabalik

Irudi iragartzaileak


Badaude bizitza bat argitzen duten irudiak, ibilbidearen iragarpen direnak. Arginzoniz, The World’s 50 Best zerrendan bigarren postura igo berri dena, amonari begira egoten zen umetan beheko sua hauspotzen ari zenean. Gerora Bittorrek Etxebarri jatetxean parrillaren iraultza jarri zuen martxan.

Andoni Luis Adurizi, zerrenda horretako beste abonatu bati, arrautza bat botatzen zion gaztetxoa zela amak patatak ilarrekin jartzen zizkionean. Arrautza egosi itsusi horren testurarekin obsesionatuta ibili zen gero eta hiru orduz 60 gradutan egosiz gero, arrautzak bere amak jartzen zionaren eitea zuela erabaki zuen.

Amurizaren “Enaz banaz” liburuan gero bertsolari izango zen ume bat ageri da, eskolatik bueltan behizain, zuhaitzik handienera igo eta ahots goraz bertso jarriak kantatzen, munduak edo auzokoek jakin zezaten han bazela bertsolari bat.

Imanol Lazkano umea etxe aurreko arto sailari begira egoten zen eta egunen batean berak, bertsotan hasten zenean, artaburuen ordez, entzuleen buruak ikusiko zituela pentsatzen zuen.

Saramago umea, beste adibide bat jartzearren, eskolan azken lekuan jarri zuen maisuak, atea zaintzen, baina diktatua egiteko eguna iritsi zenean, akatsik gabeko lan bat entregatu zion eta lehen postura pasatu zuen. Nobelak ere ez zion sari hark adinako pozik eman.

Orain bi aste “Errautsak hauspotzen”, Urola Erdiko trikitiaren ondarea biltzen duen lana aurkeztu zuten Azpeitian eta Anjel Larrañaga umetako irudi eder batekin gogoratu nintzen: igande arratsaldez auzoko etxe batera joan eta “erromerietara” egiten zuten jolas. Anjelek eskuak airean astinduz panderoa jotzen zuen panderorik gabe eta kantatu. Beste batek behatzak saihetsen kontra mugituz soinua jotzen zuen soinurik gabe eta beste guztiek dantzan egiten zuten.

Eta politikoek ba ote dute haurtzaroko irudi iragartzailerik? Seguru baietz, baina buruan ezabatu ezinik daramaten irudia zifrez eta portzentaiz betetako hauteskunde gaueko pantailarena izango da. •