Juantxo EGAÑA

Erbesteratuak Parisen, Jesus Elosegirentzat posatzen

(JESUS ELOSEGI. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.)

Ekainaren 23ko gaua magikotzat jotzen da suak pizten dituzten Euskal Herriko herri askotan. Tradizio hori kristautasuna iritsi aurreko garaikoa da. Aipatu ohi denez, suak espiritu txarrak uxatzeko eta, aldi berean, udari ongietorria egiteko balio du. Ospakizun horrekin bat eginez, Euskal Herriko auzo eta herri askok egun seinalatu hauetan ospatzen dituzte jaiak. Artikulua ilustratzen duen argazkia ekainaren 24an egina da, duela 85 urte, 1939an. Segur aski, urte batzuk lehenago irudian agertzen diren euskal erbesteratuak beren herrietan jaiak ospatzen arituko ziren. Gerraren, errepresioaren, espetxearen edo heriotzaren mehatxuak erbestera eraman zituen. Irudian erbesteratuen talde bat ikusten da Jesus Elosegirentzat posatzen, ekipaje batetik erreskatatutako ikurrin batekin. Irudia Parisko Saint Lazare geltokian zegoen tren batean egin zen, urte luzez Euskal Herritik urrunduko zituzten helmuga ezezagunetara abiatu baino lehen.