29 JUN. 2024 3 BEGIRADA: Beldurrak (Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA) Ula Iruretagoiena Arkitektoa Beldurrak zerra-uhin forma du, egitura asko aise zeharkatzeko aukeraduna eta urruti iritsi daitekeena, dentsitatea hartzean itsaskorra ere gerta daitekeena. Beldurra eta zuhurtasuna ez dira berdinak, baina batzuetan nahastu egiten ditugu, gertuegi kokatuta, eta desberdintzeko zaila gertatu daiteke. Gizarteko egitura askotan beldurrak aginte handia (handiegia) du erabakiak hartzeko garaian. “Hau gertatuko balitz?” galderak egoera bat zulatzen duenean, zulatze efektua kutsakorra izan daiteke, kasik geldiezina eta amaigabea, gertaera okerren segida fikzionatzeko gaitasunean datzalako, eta berez, agorrezina izan daiteke. Hala ere, beldurrak ez ditu pentsaezinak diren egoerak geldituko. Beldurra sortzailea da irudikapen ariketa bezala, pentsakorrak diren egoerak infinituak direlako, baina beldurraren sormen mugimendua mugatzailea da, errealitatearen aukerak loratzea geldiarazteko eta uzkurtzeko indar handia du. Espazio publikoan beldurrak indartsu eragiten du. Egoera latzak irudikatzeko leku aproposa denez geroztik, beldurraren haztegia da. Gerta litezkeen desgrazien eta salaketa posibleen zerrenda egin ondoren, espazioen aukerak mugaturik gelditzen dira beldurraren egiturara. Beldurrarekin kalea istripu leku bilakatzen da; eroriko, puskaketa, jaurtiketa, zikintasun eta irudikaturiko segurtasun eta funtzionamendu “ona” desorekatzeko gertaeren iturri. Haurren jolas eremuan, adibidez, helduen beldurrak zeharkatzen du kokaleku, material eta diseinu elementu oro. Baina kale baten zoruko material eta landaredi aukeraketa ere jendartearen jarrera basatia aurreikusiaz egiten da. Beldurrak egoera dramatikoak eta arazoak kokatzen ditu gure aurrean, eta agian, egoera asko ez dira hainbesteko arazo. Espazio publikoan jendartean pentsatzen da masa uniforme baten gisa, errazegi jotzen da jendarteari gutxietsitako haur-izaera bat esleitzera. Jendartea bezalako entitate abstraktuarekin lan egitean beldurra ereiteko zelai emankorra da. Beldur zanpatzailea da, “jendarteak lekua ulertu behar du” pentsamendu paternalista, espazioari konplexutasuna lapurtuz. Bestalde, ez da erraza beldurrari aurre egiteko sostenguak sortzea. Izan ere, beldurraren uhinean kokatu ezean, nork eutsiko dio arriskuari? Esperimentazioa eta beldurra ez dira lagun. Probatzeko aukerak bide zaila du beldurraren ondoan, beti egongo baita aukera posiblea beldurrez jantziko duen beste aukera bat. Norbaitek esan lezake espazio publikoa ez dela esperimentatzeko leku. Baina ez al da tranpa, konfiantzan oinarritutako espazioetan murgil ez gaitezen, horrek ekar lezakeenaren beldur? Eta beldurrak itotzen dituen aukeren inguruko erantzukizuna nork hartuko du? •