GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Mundua zabaltzeko lurrikarak


Zazpi urte bete ziren atzo gure herriko plazako bankua ortzadarraren kolorez margotu genuenetik. Zazpi urte, halaber, ekintza aldarrikatzaile horren ostean, “batzuek badaukazue, bai, nahiko harrokeria” entzun behar izan genuenetik batzuen partetik. Arrakala txiki bat eragin zuten pintzelkada haiek herrian, eta zeresan ugari.

Aurten, bestelako lurrikara bat izan dugu gurean ekainean, herriko jaietan izandako eraso homofobo batek eraginda. Duela zazpi urte guk margotutako aulki hartan hamaika ordu igarotako nerabeek egin dute erasoa. Tristura, haserrea, egonezina, negargura, inpotentzia, hotzikara... gainezka egin digute sentimenduek herritar askori, eta hitzak jartzea ere kostatu zaigu.

Baina “arazoa” ez da mugatzen festetako eraso horretara, eta are gutxiago, nerabe horietara. Izozmendiaren zatitxo bat baino ez da orain azaleratu zaiguna. Horri eusten dion izotz bloke gogorrak kezkatzen nau gehien. Oraingoan, eraso homofobo gisa azaleratu da, baina bestelako agerpenen bat ere izan zezakeen: sexista, arrazista... Boterean, abiaduran, indarrean, lehian, alkoholaren kontsumoan eta zapalkuntzan oinarritutako gizontasuna sumatzen dut uraren azpian, gozo bezain eroso.

LGTBIfobiaren aurkako egunetik lau astera lehertu zaizkigu herriko festak muturren aurrean. Eta jaietako leherketa horretatik bi astera iritsi da berriro ere Ekainaren 28a, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna. Aurten bestelako gorputzaldi batekin harrapatu banau ere, aldarriz eta ospakizunez betetako eguna da atzokoa gutako hainbatentzat. Heteroarauaren aurka borrokan ari garen gorputz eta subjektuok kaleak harrotasunez hartzeko eguna; harrotasun politikoz, eta ez behinola mutil adinkide haiek leporatu ziguten harrokeriaz, ezta sistema kapitalistak eraikitako harrotasun huts horretaz ere.

Hautsi zen gure herriko plazako banku hura, denboraren joanak eraginda -batzuen ezinikusiak ere eragingo zion, beharbada-. Sei kolorez margotu genuen orduan; orain, kolore, forma eta aldarri berriak biltzen ditu sexu askapenaren banderak, gero eta subjektu eta borroka gehiago batuz. Desira sexual hutsa baino askoz gehiago biltzen du bandera horrek: zapaltzen gaituen sistema zisheteropatriarkalean arrakalak eta lurrikarak eragiten ari garen gorputz eta kolektibo politikoak gara, eta mundua zabaltzen dihardugu; guztiontzat mundua zabaltzen.

Gurea herri txiki bat da, 600 biztanle eskasekoa. Apenas dago bandera koloretsurik herriko balkoietan, eta are gutxiago, bandera hori harrotasunez plazan astintzen duen pertsonarik. Horren ordez, bizitza lasaiaren bandera astindu izan dugu sarri, mendi arteko patxada harro salduz. Baina bizitzak ez dira lasaiak eta seguruak mundua estutzen duten izozmendien artean -ez, bederen, guztiontzat-, eta are gutxiago, guk geuk eraiki eta eusten badiegu.

Zoritxarrez bezain zorionez, azaleratu berri zaigu izozmendiaren zati bat gurean. Agerian dago jada, ezin dugu beste aldera begiratu. Ezinbestean heldu behar diogu. Eta aukera ederra dugu, ur gainekoari ez ezik, hari eusten dion azpiko mendiari ere heltzeko; orain da horretarako garaia. Bihur ditzagun arrakalak eta lurrikarak mundua zabaltzeko aukera eta bide, baita herri txikietan ere. Horrela soilik astinduko baitugu zazpi urte barru lasai eta seguru harrotasunaren bandera. Horrela soilik biziko baita gorputz eta pertsona oro lasai eta seguru gure herrian. •