Iker BARANDIARAN
{ KOADERNOA }

Ereduak

Mugikorraren atzealdean futbol jokalari baten karta daramat aspalditik. Mahaian jartzerakoan ohitura dut mugikorra poltsikotik atera eta bistan jarri beharrean, buruz behera jartzeko, mahaiaren bestaldekoari merezi duen arreta emateko. Halakoetan asko harritu egiten dira, eta batek baino gehiagok kartagatik galdetzen dit, futbolaren eta nire arteko lotura hori interpretatu nahian.

Asteon semearen futbol taldeko jokalari baten aitak gonbidapena luzatu du ume eta gurasoek elkarrekin denboraldiko agur partida jokatzeko. Nik ez dut parte hartu, ez naiz busti. Eta semeari ere, antza, ez zaio burutik pasatu niri galdetzea. Lagunik ez dutenean jokatzen dut beraiekin pixka bat eta laguntzen diet, jakina, baten zein bestearen asteburuetako partida goiztiarretan, baina futbolaren esparruan ez didate besterik eskatzen.

Kartari buelta emanez gero, esango dizuet aspalditik kezkatuta nagoela gaur egungo ume eta gazteek eredutzat zer eta nor hartzen duten ikusita. Horregatik, aspaldi, Sadio Mané jokalari senegaldarraren berri izan nuenean, hari buruz hitz egin nien semeei: nonbait, eliteko futbolean jokatzen badu ere, auto eta mugikor arruntak ditu, ageriko luxu barik bizi dela dirudi eta irabazitako diru asko bere herrian eskolak eraiki eta han bizi direnen bizi maila hobetzera bideratzen du. Gai horrekin halako “txapa” eman ei nien, ezen karta hori eskuratu bezain laster oparitu egin zidaten eta mugikorrean jartzea proposatu. Hala egin nuen, jakina. Ez dut inoiz Mané delakoa jokoan ikusi eta -daukaten kromoarekin alderatuta- taldez aldatu dela esan didaten arren, ez galdetu niri non eta zertan jokatzen duen. Nahikoa dut bere ekintzekin, hori da-eta niretzat garrantzitsua.

Hortaz, ez naiz ni asteon guraso kirolari eredu izan. Horren ordez, egunerokoan -eta ez soilik denboraldi bukaeran-, nire ustez, hartu behar dugu lan eta ardura handia beste esparru askotan haientzat eredu izateko, eta beste eredu batzuk ere erakusteko eta ezagutzen laguntzeko. Guk izan behar dugu -begi bistan duten- lehen eredua, haientzat erreferente gertukoena garelako, eta, kontuz, esaten dugunari baino gehiago erreparatuko diotelako egiten dugunari. Izan ere, algoritmo eta interes desberdinen jukutriatik harago, guk hartu behar dugu ardura bestelako pertsonak, ekintzak eta ereduak ere badaudela jabetu daitezen.

Jokatu dute partida guraso eta seme-alabek eta gogor jokatu dute gurasoetako batzuek; nire ustez, gogorregi. Hori ote da eredua ematea? Hain zuzen ere, lesionatu egin dira gurasoetako batzuk, baina zorionez, neska-mutikoek ez dute minik hartu.

Duela pare bat urte, seme txikiari sorpresa emateko, Unai Simoni haren jaioterrian egindako ekitaldi xume batera jo genuen. Simonek kasu egin zion semeari modu atseginean, eta txikia mutu gelditu zen. Antzeko zerbait gertatu zitzaion gerora seme nagusiari autoan hainbeste entzun eta abestu izan dugun Sexpeares taldekoekin batu ginen hartan.

Hain ohituta daude praktikan heldu ezinezkoak diren pertsonak jarraitzen eta miresten, ezen ez baitira konturatzen horiek ere hezur-haragizkoak direla eta guztiak ez daudela gugandik hain urrun.

Eta txikien begietan eredu diren mainstream horiei argi eta garbi esango nieke kontura daitezela haien eraginaz, eta beraz, zaindu beharko luketela asko esaten dutena, egiten dutena, baita esan eta egiten ez dutena ere; busti daitezela, arren. •