06 JUL. 2024 { KOADERNOA } Bere burua nabarmendu gabe, lorratz nabarmena Xabier Izaga Beharrak ase, ametsak errealitate bihurtu, gauzak egin... nahierara esanda eta edozein direla ere, proiektuak ez dira beren kasa aurrera ateratzen. Norbaitek pentsatzen ditu, norbaitek bultzatzen, gauzatzen eta garatzen. Batzuk nabarmenago agertuta, bestetzuk oharkabeago. Jose Mari Lopez de Elorriaga Coppi, esate baterako, bere burua batere nabarmentzen ez duten horietakoa izan da. Hamabost urterekin hasi zen euskal dantzaren munduan eta txistua jotzen ere ikasi zuen. Aldi berean, mendizaletasuna piztu zitzaion; hala ere, goitizena ez zion mendizaletasunak eman, txirrindularitzak baizik. Gasteizko Manuel Iradier Elkarteko espeleologia taldera sartu zen, Arabako Espeleologia Taldearen jatorria izan zen hartan. 1963an, espeleologo gaztea dantzari eta musikaria ere bazenez gero, Gorbeiako Mairuelegorreta leizeko «zezen plaza» esaten dioten aretoan zela, bertan Jesus Guridiren “Amaia” operako ezpata-dantzaren doinurako egindako koreografia dantzatu behar zela bururatu zitzaion, eta ideia hura ez zen burutazio hutsean geratu, Manuel Iradier Elkarteak Coppiren ideiari eutsita, 1963ko uztailaren 21ean leize horren barruko jaialdi batean, dantza hura izan baitzen protagonista, zenbait bertsolari, abeslari eta musikarirekin batera. Hala segitzen du gaur egun ere, Zigoitia Euskaraz ekimenari esker. Hainbat motatako eragozpenak gorabehera, jaialdia baino askoz gehiago izatera iritsi zen, euskal kultura, euskara, mendizaletasuna bera jarduera subertsiboak ziren garaian, ezinbesteko hitzordu bihurtzeraino. 70eko hamarraldian, debeku artean, Euskal Herri osoko milaka lagun biltzen ziren Gorbeiako leize horren ingurura, denak barrura sartu ezinik. Garai bertsuan, uste sendoa baitzuen euskal dantzek Araban harrobia behar zutela, Gaztetxu dantza taldea sortu eta zuzendu zuen Puri Goikoetxea emaztea izango zuenaren laguntzarekin. Oso talde garrantzitsua izan zen Gaztetxu. Coppik nahi zuen bezala, benetako harrobia. 60ko hamarraldi hartan kezka handi bat zuen: desagertzear zeuden euskal musika tresnak berreskuratu eta ezagutaraztea. Hartara, alboka jotzen hasi zen anaia Iñakik panderoarekin lagunduta. Jo ez ezik diseinatu eta fabrikatu ere egiten zituen albokak eta dultzainak. 1972az gero, Gasteizko jaietan Nafarroako eta Guardiako gaita taldeak baino ez zirela agertzen ikusita, “Iru bat” taldea sortu zuen, Gasteizko lehena, eta hainbat laguni irakatsi zien gaita jotzen. Astebetetsu da Coppi hil denetik, Manuel Iradier Elkartean Mairuelegorretako jaialdiaren historia bildu duen “Txingarrak” erakusketa zabaltzeko bezperan. Sugarrik gabe ere suari iraunarazten dioten txingarrak bezala amatatu da, nabarmendu gabe, baina lorratz nabarmena utzita. Jende umil eta garrantzitsua hizpide, ezin amaitu Koldo Campos Sagaseta aipatu gabe. Hura ere zendu berria. Egunkari honetako luma atsegin bezain zorrotza, bere zutabeetan beti gordetzen zuen lerro bat esaldi berbera idazteko, gure artean ez daudenak gogoan atxikitzeko aldarria: Preso politikoak aske. Coppi eta Koldo gogoan. • Mairuelegorretakoa jaialdia baino askoz gehiago izatera iritsi zen, euskal kultura, euskara, mendizaletasuna bera jarduera subertsiboak ziren garaian, ezinbesteko hitzordu bihurtzeraino