GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Ultraeskuinak ez du Euskal Herrian eserlekurik lortuko


Frantziako hauteskunde legegileen lehen itzuliak kontu batzuk argitu zituen eta besteren batzuk argitzeke utzi. Bihar izango ditugu lehenengoen baieztapena eta bigarrenen erantzuna. Frantziako parlamentuan lehen aldiz ultraeskuinak gehiengoa izango ote duen dugu auzi nagusia.

Duela urte batzuk ez zegokeen halako galderarik, Fronte Nazionalak lehen itzulian bozen %33 jasotzea ezinezkoa izateaz gain, bigarren itzulirako gainerako indarren eta, oro har, hautesleen jokabidea oso argia izango zelako. Adibide bat jartzearren, 2002ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulian, Jacques Chirac-ek bozen %82,21 jaso zuen eta Le Pen aitak, %17,79.

Bistan da egoera beste bat dela, alde batetik, Frantziako gizartean eta politikan izandako aldaketengatik; bestetik, Le Pen alabaren alderdia bere burua egokitzen joan delako, eta, azkenik, gainerako alderdien jokabidea nahasiagoa delako. Barruti askotan hiru hautagai lehiatuko dira bihar. Beraz, ez da ultraeskuinekoari aurre egiteko aukera bakarra izango, eta horrek, bistan denez, eskuin muturrekoen homologazioa indartzen du.

Euskal Herrian irakurketa propioa egin beharra dago. Le Penek ez du hemen hainbesteko indarra, zortzi puntu gutxiago lortu baititu, eta ez delako lehen indarra izan, baina horrek ezin dezake estali 44.000 boz baino gehiago lortu dituela. Izugarrikeria da.

Zorionez, bigarren itzulirako argitu da RNk (Rassemblement National) ez duela Euskal Herrian ordezkaritzarik lortuko. Aurreko igandeko datuak ikusita, ezinezkotzat jo daiteke halakorik gertatzea. Hiru barrutietan beste indar bateko hautagaia aterako da. Ezustea alimalekoa litzateke, bestela.

Nortzuk izango diren bihar hautatuak dugu gurean kontu nagusia. Laugarren eta seigarren barrutietan NFPkoak (Nouveau Front Populaire) dira faboritoak, lehen itzulian alde dezente lortu zutelako (nabarmenena laugarrenean, 15 punturekin) eta RNko lehiakideek orain arte lortutakoa baino babes handiagoa lortzea oso zaila dutelako.

Seigarren barrutian egoera oso bestelakoa da. NFP indar batuketaren baitan EH Baiko Peio Dufauk irabazi zuen lehen itzulia, eta historikoa litzateke eserlekua lortzea. Ez da, ordea, erronka erraza. Alde batetik, lehen itzulian lortutako aldea ez delako besteetan bezain handia (hiru puntu eskas) eta bigarren indarra ez zelako RN izan. Gehiengo presidentzialaren Christian Deveze (MoDem-Renaissance) izango du Dufauk lehiakide nagusi, eta erabakigarria izango dira bai abstentzioaren joera, bai bigarren itzulira pasatu ez diren hautagaien boto-emaileen jokabidea, baztertu gabe aurkezten diren hautagaien boto-emaileen artean ere aldaketak egon daitezkeela. Lehen itzulian hautagai baten alde bozkatu ohi da. Bigarrenean, aldiz, askok beste hautagaien kontra egin ohi dute.

Emmanuelle Brisson-ek (Les Républicains) gehiengo presidentzialaren alde egin izanak Dufauren aukerak gutxitzen ditu, baina, boz kopuruan aurrekoan bezain erabakigarria ez izan arren, abertzaletasunaren ikuspuntutik EAJk hain modu argian EH Bairen alde boza eskatu izana berri aipagarria izan da. Ikasgaia ere bada bakarren batzuentzat. •