13 JUL. 2024 Gorria da kolorea Xabier Mikel ERREKONDO Droga gogorra dira sanferminak. Konturatzerako, jaiak harrapatu eta eraman egin zaitu milaka zapi gorri dantzariren erreka harrotuan hostotxoa bezala, gora eta behera, batzuekin eta besteekin, edonora, edonorekin… alai eta berritsu... oooso berritsu. Gorria da kolorea, gorriak kaleetako jende uholdeak, gorriak German Rodriguez eta Joseba Barandiaranen omenezko krabelinak, gorriak jazarriak izaten ari diren emakume ahaldunduen salaketa eta deiadar ezpainak. Gorriak eta goriak dira besarkada, muxu eta irribarre bakoitzean elkar trukatutako emozioak. Ez dut inoiz inon sanferminetan beste besarkada eta muxu eman-jaso, uztailaren 6an bereziki, niretzat egunik gorrienean, ez soilik Txupinazoaren eguna delako, baizik eta lehen eguna denez, iruindar eta nafar bakoitzari urte osoan pilatutako antsietate guztia sabelaren barru-barrutik lehertzen zaiolako, emozio menderaezinak gorputz-azal, gihar eta barruak malko gozoekin blaitzeraino. Eta hori, kuriosoa gertatzen da, zezenketarik gabeko egun bakarra izanik. Ez ditut gogoko sanfermin zuriak, arropa oraindik ere garbiekin etxeratzen direnenak; ezta beltzak ere, jaiak hasterako burutik behera ardo putzuetan harrokeriaz galtzen direnenak; ezta “girien” souvenir sanferminak ere. Nahiago dut tonaka emozio konpartitzen diren edozein kale estu zikinetan galdu berriketan, dantzan eta kantuan. “Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko” egia bada, betiko biziko da gure Iruñea zaharra, egun bakarrean eta hainbeste alditan ez baititut beste inon entzun, emozioz urratutako dozenaka eztarritatik, “Xalbadorren heriotza” eta “Txikia”. Iruñeak emoziotik kantatu eta dantzatzen du. Gora sanfermin gorriak!! •