GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Ihintza Bidart Obiague eta Xabi Goienetxea Iragorri
Grazi Etxebehereren lagunak

«Guretzat Grazi beti berezia izango da»

Harreman berezia eta gertukoa izan zuten Ihintza Bidartek eta Xabi Goienetxeak Grazi Etxebehererekin. Ihintzak txikitatik ezagutzen zuen Grazi; beranduago eta gatazkari lotutako testuinguruan ezagutu zuen Xabik; baina maitasunez betetako harremana izan zen bien kasuan. Graziren izaeraz eta ekarpenaz galdetu diegu.

(Argazkiak: Guillaume FAUVEAU - Bob EDME)

Etorkizuneko Artefaktuan Grazi Etxebeherek 2015eko uztailean egindako adierazpen famatuak gogoratu ditugu. Grazi eta bere ekarpena hobeto ezagutzeko gako batzuk eman dizkigute Ihintz Bidart eta Xabi Goienetxeak.

Nola gogoratzen duzue Grazi eta zer nabarmenduko zenukete beraren inguruan?

Ihintza BIDART: Ba burura etortzen zaidan lehen ezaugarria agian bere mihi zorrotza da, gauzak errateko zuen modua, eta umorea. Biziki argi hitz egiten zuen eta biziki argi adierazten zituen bere iritziak.

Xabi GOIENETXEA: Nik maitasuna aipatuko nuke. Testuingurua ere desberdina da: Ihintzak txikitatik ezagutzen du, nik beste egoera batean ezagutu nuen. Baina bai, maitasuna da etortzen zaidan lehen ideia.

Zuk, Ihintza, nola ezagutu zenuen? Zer harreman zenuen berarekin?

I.B: Nik txikitatik ezagutzen nuen, familiako laguna zelako, bai amarena eta bai aitarena. Beti gure familiatik biziki hurbila izan da. Engaiamendu politiko handia zuen, eta nire familiak ere bai. Eta kulturalki ere kristoren ekarpena egin du. Baigorrin biziki inplikatua izan da: kultur elkartearen sorreran, Nafarroaren Egunaren antolaketan... Nire familia ere bai, eta betidanik oso hurbilak izan dira. Familiakoak bagina bezala, beraz.

Bere militantzia eta inplikazioa aspalditik zetorrela esan daiteke, beraz.

I.B: Bai. Eta sektore anitz ikutzen zituen bere inplikazioak. Mugimendu kulturaletan, politikoki, balore feministetan... Pixka bat denetarik.

Ipar Euskal Herrian/Nafarroan ezagunagoa zen, baina Euskal Herrian orokorrean 2015eko uztailaren 9an ezagutu genuen. Bere adierazpenak, bere ekarpena aldarrikatuz eta aktore desberdinei bakearen alde inplikazio handiagoa eskatuz, deigarriak izan ziren. Zer garrantzia ematen diozue?

I.B: Horrek ere bere izaerarekin bat egiten zuen. Argiki hitz egitea, zintzoki.

X.G: Une horretan ni atxilotuta nengoen. Espetxera iritsi nintzenean eta kideekin elkartu nindutenean, orduan izan nuen adierazpen horien berri. Ihintzak aipatzen zuen zintzotasun horretatik, ahoan bilorik gabe hitz egiten zuen pertsona bat zen Grazi. Berari galdetu ziotelarik berak erantzuna bota zuen filtrorik gabe. Hala zelako. Grazik hori zuen, botatzen zuen pentsatzen zuena. Sentimenduetatik hitz egiten zuen, bihotzetik. Zerbait galdetzen bazenion Graziri prest egon behar zenuen erantzuna jasotzeko. Bestela hobe zenuen ez galdetzea, argi eta garbi. Ez zen ibiliko itzuliak emanez pentsatzen zuena ezkutatzeko. Hitz gordinekin, sinpleekin, ez zelako diskurtso handiak egiteko pertsona, baina esaten zizun «nik hau horrela ikusten dut». Eta hori umiltasunetik egiten zuen beti. Bere ekarpena oso gutxitua baitzeukan. Bere adierazpenak hor kokatuko nituzke, bere izateko era horretan.

Eta uste dut asko konektatu zuela jendearekin, bazelako zerbait jende askok sentitzen zuena. Jende asko ez dakit interpelatua, baina bai identifikatua sentitu zen bere hitzekin. «Aski da, hemen zerbait pasatzen ari da eta Estatuek oztopatu egin nahi dute. Ez dauka zentzurik. Hau ezin da ulertu». Hori berak horrela botatzeak asko lagundu zuen eta segur aski azeleragailu bat izan zen gero etorri zen guztiarentzat. Segur aski jende askok esan zuelako «ba bai, urrats bat egingo dut, banoa eta arriskatuko dut nik ere». Grazik egin badu...

Ortzaizen egindako harrerak, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberrirekin batera, argi erakutsi zuen jendeak zion maitasuna eta euskal gizarteak (zati handi batek behintzat) eskaintzen zion babesa. Nola gogoratzen duzue?

I.B: Itzulera baino lehenago ere, justuki atxiloketaren unean, antzematen zen desberdina zela. Jende aunitzentzat sorpresa izan zen Terexa eta Jeff ere atxilotuta zeudela ikustea, ez zuten espero, eta beste gertakari batzuekin normalean hurbiltzen ez zen jendea ere hurbildu egin zen egun hartan. Atxiloketak berak jada sortu zuen pertsona batzuengan zerbait desberdina. Eta Graziren adierazpenen ondoren are gehiago. Ortzaizen egin zen harrera horretara adibidez jende anitz hurbildu zen, lehenago ez litzatekeena hurbilduko.

X.G: Jeff eta Terexa ezagunak dira, mugimendu abertzalean aktiboak direlako, aspalditik, gazte garaitik. Graziren figura ere bai, noski. Eta uste dut nahasketa bat izan zela. Zeren Graziren adierazpenetan ez dio soilik armagabetu nahi duen erakunde bati laguntzeagatik atxilotuko dutela. Berak argi dio bere lagunek etxean jendea gordeta dutela berak hala eskatu dielako. Eta horrek alde humano bat ematen dio guztiari.

Eta testuinguru orokorra ere kontuan izan behar da. Hau dena ez da bat-batean gertatzen. 2015a zen, Aiete 2011an heldu zen, ia-ia lau urte ziren erakundeak jada borroka armatua utzi zuela, ezker abertzaleak egindako urrats guztiak, presoen kolektiboak espetxe barruan emandako pauso guztiak... Egoera hori zen. Jendeak ikusten zuen bazegoela blokeo egoera bat, blokeo horretaz hitz egiten zen behin eta berriz, baina inork ez zekien blokeo horretatik nola atera. Eta bat-batean, Grazik hor bueltaka zebilen zerbaiti ematen zion bultzada bat: «Ba guk egin beharko dugu». Gauza asko juntatzen dira: egoera orokorra, Jeff eta Terexa tartean egotea, erakundeko atxiloketak Ipar Euskal Herrian izatea, eremu konkretu batean non mugimendu abertzaleak baduen indar bat... Denak egiten du koktel berezi bat.

Gerora etorriko ziren Luhusoko atxiloketak 2016ko abenduan. Ez zen kartzelatzerik izan, baina prozesua oztopatu nahia nabaria zen. Ikusten zuen Grazik arriskua egoerak okerrera egiteko?

X.G: Ez dut uste bereziki kezkatuta zegoenik prozesua gaizki irtetearekin. Gehiago uste dut bere kezka zela nola egin hori. Azken batean, zuk badakizunean nora joan behar duzun, baina bidean oztopo bat topatzen duzunean edo ateak itxita aurkitzen dituzunean, galdetzen duzu «orduan nola egingo dugu hau?». Nola antolatzen duzu armagabetze bat Estatuen parte-hartzerik gabe? Edo bake prozesu batean nola egiten duzu aurrera uneren batean Estatuen aldetik ez badago nolabaiteko parte-hartzeren bat? Nik uste galdera horiek zituela berak. Baina uste dut oso argi zuela erabakia itzulezina zela, eta afera zela zer gaitasun izango zuen mugimenduak horri forma emateko.

Armagabetze egun berezi hura 2017ko apirilean iritsi zen azkenean, baina Grazik, adibidez, penaz hartu zuen 2018ko epaiketan, jada armagabetzea burutua zela, gertatutakoa: epaile eta fiskaltzaren jarrera, epaia bera... Nola uste duzue bizi izan zituela gorabehera haiek?

I.B: Dezepzioa esan daiteke, pena. Biziki maitakorra zen eta biziki lotzen zen pertsonekin. Bortxaz, jakitea maitatzen dituzun pertsona batzuk kartzelan sartuko dituztela... Zuen bihotz handiarekin tristura izango zuen. Biziki sentikorra zen.

X.G: Berak ez zuen ulertzen. Guri esaten zigun epaiketa hasieran: «Epaiketa honetan ez zaituzte zigortuko». «Nola ez, ba» erantzuten genion. Eta batez ere gure kezka nagusia zen Terexa, Jeff eta Grazi ez zitzatela espetxeratu. Alde humanotik eta militantetik ere, bai Iñakirena eta bai nirea. «Bueno, baina jada egin dituzue urte batzuk barruan eta fite izango zarete aske». «Ez, ez, oraindik urte batzuk egin beharko ditugu hemen». Ez zuen ulertzen, berarentzat beste logika batek agindu behar zuelako. Gogoratzen naiz nola egiten zuen negar epaiketa gelan Iñaki eta bioi eskuburdinak jartzen zizkigutenean. Estatuen jarrera ez zuen ulertzen, baina nork uler dezake?

Argi dagoena da Ipar Euskal Herriak eta bertako militanteek (Txetx Etxeberri eta Beatriz Molle-Haranek berriki izan dute epaiketa Parisen) protagonismo oso handia izan zutela armagabetze prozesuan. Zer irakurketa egiten duzue horren inguruan? Hegoaldean lortu ez den heldutasun demokratiko bati erantzuten al dio?

X.G: Nik galdera hori ez nuke horrela formulatuko. Ez dut uste heldutasun demokratikoa denik. Faktore desberdin asko daude. Bat adibidez, gatazkaren alde gordinena Hegoaldean kontzentratu izana da. Ez dena, hemen ere egon dira borrokan hildako militanteak, GALek hildakoak, egon da engaiamendua, egon da errepresioa... Baina errepresioaren eta gatazkaren gordintasun nagusia Hegoaldean izan da, eta horrek asko baldintzatu du.

Eta gero, prozesuaren abiapuntua hasiera-hasieratik oso desberdina izan da. Hori ere kontutan hartu behar da. Aiete pasa eta oso denbora gutxira Baionako Adierazpena etorri zen, eta hor daukazu eskuin frantseseko jendetik, ezker frantsesa, zentrokoak, abertzaleak... Espektro politiko osoa eskuin muturra izan ezik. Eta Baionako Adierazpena ez zen nolanahikoa izan. Estatuei interpelatzen zitzaien prozesuan parte hartzeko, hitz egiten zen presoen kaleratzeaz, hitz egiten zen amnistiaz, biktimetaz... Hitz egiten zen gatazkaren konponbide integral batez. Hemen segituan itzuli ziren horretara, Hegoaldean, aldiz, Aiete pasa eta ezer ez zen gertatu. Denek esaten zuten engaiatuko zirela ehuneko ehunean gatazkaren benetako konponbide baterako, baina gero engaiamendu hori ez zen existitu. Eta ez alde espainolistan bakarrik, alde abertzalean ere ez.

Eta azken urteetan zer oroitzapen geratzen zaizue? Gaixotasun bati aurre egin behar izn zion, baina zuen alaba ezagutzeko aukera izan zuen, behintzat.

I.B: Euri ezagutzeko aukera izan zuen, bai. Gure bikote harremanaz ere poztu zen anitz, dena gertutik jarraitu zuen. Gaixotu zenean borrokan segitu zuen gaixotasunaren kontra, irauten eta irauten, eta azkenean zortea izan genuen; Euri ezagutu zuen eta besoetan eduki ahal izan zuen. Pena Xabi ez zuela ikusi kartzelatik irtetzen hilabete batzuengatik.

X.G: Egin ahal izan genuen azken bisita bat. Hirurok egon ginen, edo laurok, Ihintza haurdun zegoelako. Gogorra izan zen aldi berean, baina horrek ere ematen dio edertasuna. Bazuen pena presoak espetxean ikusita. Preso guztiak kalean ikusi ez izana da berarekin eraman duen pena. Berak horrekin amesten zuen eta bazuen pena hori. Beretzat ulertezina zen oraindik espetxera bisitak egiten ibili behar izatea.

Bestetik, esaten zuen sekulako maitasuna jasotzen ari zela. Ez zuela merezi esaten zuen, umiltasunez, berak ez zuela ezer berezirik egin, bere izaera horretan.

Zuek ere pertsonalki omenaldi bat egin zenioten: zuen alabari bigarren izen moduan Grazi jarri nahi izan zenioten.

X.G: Hemen ohikoa da bigarren izen bat jartzea, hori ez da ezer berezia. Ihintzak komentatu zidan aukera hori eta pentsatzen ibili ginen. Eta bai, omenalditxo hori egitea pentsatu genuen. Guretzat Grazi beti berezia izango da.

I.B: Eurik beti jakinen du Grazi nor zen.