«Les étrangeres»
Étrangers, ne nous laissez pas seuls avec les français» (Ezpeletako horma batean irakurria). Fronte Herritar Berriaren (Nouveau Front Populaire edo NFP) garaipenak denok harritu gaitu, ez baitzuen inork halakorik aurreikusten. 180 eserleku eskuratu ditu NFPk hauteskunde legegileetan. Rassemblement Nationalek (RN), aldiz, 142. Hirugarren lekuan iritsi da, hortaz, 159 eserleku lortu dituzten Ensembleko macronisten atzetik. Kanpainan zehar errepikatzen zen Frantziak hartzen zuen bidea adierazgarria izango zela Europak hartuko zuen bidea aurresateko. «L’Europe risque l’infarctus» laburbiltzen zuten “Libération”-en. Eta Europakoetan aise irabazi zuen RNk. Hortaz, Europako indar aurrerakoiek arnasa hartu dutela esan genezake.
Baita Euskal Herrian ere. Europakoetan hiru hautesbarrutietan irabazi zuen RNk, eta Hendaian edo Baionan. Legegileetan, aldiz, zortzi puntuko aldea atera zion NFPk RNri Hendaian, eta Collette Capdevillek, NFPko hautagaiak, Serge Rossok (RN) jasotako babesa bikoiztea lortu zuen Baionan. Zergatik horrelako aldaketa hain azkar ?
Izan daiteke oraingoan hurbilago ikusi dugula arriskua. Adibidez, kanpaina egiteko baliatu zuen Jordan Bardellak (RN) «le droit du sol» deiturikoa. Legeak zehazten du nola transmititzen den belaunaldien artean frantziar naziotasun eskubidea. Legearen arabera, automatikoa da jaiotzez, gurasoetako bat frantsesa bada. Eskatu ahal dute eta, automatikoa ez bada ere, jasotzen dute 18 urte betetzearekin batera, bi gurasoak ‘kanpotarrak’ dituzten haurrek. Bada, Bardellak kanpainan eskubide hori kendu edo mugatzearen alde egin zuen. Horrek eragin zuzena du gure bizi proiektua iparraldean garatzeko hautua egin dugun hegoaldeko euskaldunon kasuan, adibidez. Gure haurrak bigarren mailako herritar izatera kondenatzen dituelako, zentzu guztietan bertakoak badira ere.
Edonola, frantziar eskalan begiratuz gero, legegileek balio izan dute erakusteko eskuin muturraren indarra alternatiben ahultasunarekiko erlatiboa dela. Bere hazkundea, bestela esateko, ez da prozesu naturala. Hortik aurrera, NFPk ordezkatzen duen “alternatibak” zer emango duen ez dago esana. Hauteskundeak baino egun pare bat lehenago, horri buruz galdetu zioten Raphaël Glucksman hautagai sozialistari, “L’Evénement” telebista saioan. Zuek, baina, zeren alde zaudete? Erantzuna esanguratsua egin zitzaidan. Ez baitzion agerikoa zen kontraesanari ihes egin. Fronte herritarra hiru egunetan osatu zen, bestela oso sakabanatuak zeuden indar politikoak bateratuz. Ez dakigu, erantzun zuen. Baina historiaren momentu jakin batzuetan, jakin behar dugu ezetz esaten eta kontra bozkatzeak duen indarra balioan hartzen.
Euskal Herrian ere irakurketa antzekoa dela uste dut. Emaitzek haren neurria ematen diote eskuin muturrari; handiegia, baina ez aski lurraldea irabazteko. Alderantziz, mugimendu interesgarriak eman dira, esparru aurrerakoi eta abertzalean. Lurralde ikuspegia gailendu da, interes alderdikoien gainetik. Eta ate berriak ere ireki dituzte hauteskundeen emaitzek; konkretuki, Parisekoak, hiru euskaltzaleri, eta, lehen aldiz, EHBaiko hautagai bati. Ateak Parisera daramatza. Nire haurrei herritartasuna Frantziako lur eskubideak bermatu ahal dien bezalaxe. Baina historiaren momentu batzuetan jakin behar da ezetz esaten, kontra bozkatzen, ate batzuk ixteko, etorkizunean beste batzuk irekitzea posible izan dadin. •