Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Post mortem

Bizitza eta heriotza txirikordatu egiten dira ezinbestean, nola ilea trentza batean. Ez da segida bat, lehenbizi bizi eta gero hil. Maite eta gorroto ditugunon heriotzak gurutzatzen dira gure bizi lerroan. Baina bada heriotza, bizi lerroan, marra bat, honaino erraten duena. Izatetik oroituak izatera. Nork oroitzen gaituen, eta zergatik, zein usain arrasto utzi dugun, non-zer, nori-zer, jendarteari zer. Nork bere bizipenetik oroitzen du, edo kontatu diotenetik. Isilpean gordea izan dena azaleratzea ere bada bizi lerroan marra bat, ingurua birkokatzera edo bertze aldera begiratzera behartzen duena. Egia-ostea egiaren aurretik ezagutarazia. Sarean biak josten dira.

Euskal idazlea, Legorretan sortua 1943ko irailaren 12an. Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxeko irakasle hainbat hamarkadatan. Literatura ikasi du Oxford eta Cambridgeko unibertsitateetan. Glotodidaktikaren arloan ikertu du. Literatur sari ugari irabazi ditu (Auñamendi Eusko Entziklopedia).

Ez dio muzin egiten poesia deskriptiboari, ez erromantikoari, eta naturarekiko interesa erakusten du. Bere liburuetako askok oihartzun gutxiegi izan dute, nahiz eta sari literario ugari jaso. Arrazoietako bat bere poema batzuen atzealde erlijiosoa izan daiteke. «Ezkiaga pertsona eta bere kontraesanak esploratzen ahalegintzen da». Jon Kortazar (Luma eta lurra, Edit. Labayru-BBK, 1997).

«Maisuari omenaldia. Patxi Ezkiaga zuen izena, nire lehen bizi-maisua. Garai batean Donostiako ikastetxeko zuzendaria izan zen, eta horregatik ezaguna egiten zitzaigun bere euskal trazu urduriko aurpegia, trikuharrian zizelkatutakoa. Txabusina zuri batekin ibiltzen ziren beti -‘guardapolvos’ deiturikoa-, adimenaren doktore izango balira bezala, ezjakintasunaren birusa gure baitatik desagerrarazteko prest. Zentzu horretan, Patxi primerako desagerrarazlea zen. Pasio garbi eta laua, klase bakoitzaren hasieran bere ahots serio eta kementsuari zeriona» (sinfonía de la mañana. Youtube).

«Zortzi edo bederatzi urte izango nituenean hasi zen. Lehen oroitzapen gogor gisa, akordatzen naiz egun batean diapositiba batzuk jartzera etorri zela. Ilunpetan, bere hanken gainean esertzera behartu ninduen, eta fraidea zenez, inork ez zuen ikusten edo ez zuen ikusi nahi. Hankak irekita esertzen nintzen bere hanka baten gainean, eta denbora guztian nire belauna ukitzen, nire ipurdia, bizkarra. Genitalak ukitzen zizkidan hankarekin, hanka igurzten zuen, edo ni mugitzen ninduen, edo bera mugitzen zen, igurzteko. Esku batean proiektorearen agintea zerabilen, eta bestearekin ukitzen ninduen. Hori guztia, nire gurasoak gela berean zeudela» (Marisol Zamora, ‘El País’).

Idazle laudatua, munstro hila. Ez nuen Patxi Ezkiaga ezagutu, ezta bere libururik irakurri ere. Izena ezagun zitzaidan arren, post morten izan dut haren berri, erasotzaile, higuin. Ez nekien Legorretako seme kuttuna zenik izendapena kendu dioten arte. Ez nekien bertako kultur etxeak bere izena zeramanik soilik kultur etxe izendatu duten arte. Bere profila gugan ez dagoenean ezagutu dut, wikipedian bere orria osatuta. Ez ditut pertsona horrekiko sentimenduak eraldatu behar, ezagutu zutenen ondare dira, Pako Aristik erran bezala. Baina Patxi Ezkiaga asko dago, modu batean edo bestean jardun dutenak.

«Omertá hautsi da. Abusatzea ahalbidetu zion sistema itsuan jarri behar da fokua» (Olatz Mercader, Edurne Saizar, Faktoria).

Besarkada estu bat. •