Gilen TXINTXURRETA BEITIA - @GilenTxintxu
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Tourist go home

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA
Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Bartzelonan gertatu zen. Joan den astean, milaka ‘barceloní’-k urte luzez zapaldu gabe zuten La Rambla esanguratsua berreskuratu zuten. Ur pistolaz horniturik, kalea guztiz okupatzen duten terrazetara joan ziren, inongo koplarik erabili gabe, haietan zeuden alemaniar, txinatar zein estatubatuarrak bustitzera. Etsaiak mila aurpegi ditu, baina bat bakarra da. Etsaia turismoa da.

“Tourist go home” leloa aspalditik dabil bolo-bolo hiri askotako paretak atontzen, baina duela gutxira arte, erreibindikazio politiko marjinala izan da leku gehienetan. Turismoa, oro har, begi onez ikusten zen. Are gehiago, poza ere ematen zuen gure hirietan bisitariak ikusteak. Harrotasun puntu batekin genioen: hara, bagara zerbait, badator jendea gugana! Hasierako abegikortasun hura, baina, urte gutxian mesfidantza bihurtu da, turistak traba dira orain. Bertokoenak ziren txokoak konkistatu dituztelako, gure ohiturak aldatzera eraman gaituztelako, gure etxea izan zitekeenaren prezioa hirukoiztu dutelako…

Turismoak, gentrifikazioaren modura, lekuen identitatea galtzea eragiten du. Galera hori prozesu bikoitz baten ondorioa da. Identitatea toki bat definitzen duten eta gainerakoetatik ezberdina egiten duten ezaugarrien multzoa da. Hori da, logikoki, turista orok bilatzen duena, tokien esentzia aurkitzea eta gozatzea. Baina zenbat eta turista gehiago, orduan eta gutxiago dagokio bakoitzari esentzia horretatik. Bartzelonan eginiko inkesta batek argi utzi zuen, bisitari eta bertokoak ados zeuden: hirian turista gehiegi dago. Horrekin batera, tokiak turista horien ustezko gustuak asetzera bideratzen dira, eta, klase turista klase globala izanik, frankiziarizazioan eta generikotasunean ez erortzea ezinezkoa da. Denei gustatzeko eskaintzak neutroa izan behar du.

Gai honi buruz hizketan, lagun batek Ciberlokutorio deituriko Podcast-a gomendatu zidan. Bertan, Leo Espluga filosofoak “akzio zuzenaren” beharra defendatu zuen turistifikazioari aurre egiteko estrategia bakar gisa. Hiria gorrotagarria egin behar zaie bisitariei, hiri ostalariaren ideia guztiz ezabatu beharra dago. Baina, Osakatik etorri eta euskal gastronomia dastatu nahi duen bikoteari nork izorratu nahi dizkio oporrak? Nahi genuke guri halakorik gertatzea?

Denok maite dugu bidaiatzea, eta munduan gero eta jende gehiago dago horretarako baliabideekin. Beraz, arazoa okerrera besterik ez da joango. Alokairu turistikoak kentzea eta hotelak mugatzea euste neurriak dira, baina filtro ekonomiko bat besterik ez dute ezartzen. Bertan geratzea garestiagoa izango da eta kito. Bidaiatzea luxuzko produktu bihurtzea ez da bidegabea soilik klase ikuspegitik, aberatsentzako turismoak aberatsentzako zerbitzuak eskatzen ditu, eta horrek hirien garestitze orokorra dakar. Monakon ez dago fruta-dendarik.

Eztabaida garratza da, eta hirietako erdiguneak bizigarriak izatea nahi badugu, hazi besterik egin ezin duen sistema kapitalista bera zalantzan jartzea funtsezkoa da. Esan beharra dago, hori zalantzan jartzea, hiriaren ideia bera zalantzan jartzea dela, bata eta bestea modu banaezinean baitaude lotuta. Kapitalismo industrialaren ondorio da gure hiri fisikoa, eta kapitalismo postindustrialarena, gure “hiri kulturala”.

Paradoxikoki, marketin kapitalistak askotan ematen ditu pistak hari aurka egiteko. Leroy Merlin-en uda honetako iragarkiak honela dio: “Oporretan etxean bezala egon nahi baduzu, etxean oporretan bezala sentitu nahiko duzu”. Bidaiatzen dugun bakoitzean, benetan ari al gara leku eta kultura berriak ezagutzen, edo besterik gabe, ez al gabiltza errutinatik ihes egiten? Zer du egunerokotasunak horren gogaikarria egiten zaiguna? Gurean hobeto bageunde, horrenbeste bidaiatu nahi genuke?

Etxean gustura egoteko, uste dut oso beharrezkoa dela gauzak egiteko denbora izatea. Paul Lafargek “Alferkeriarako Eskubidea” defendatzen zuen, alferkeria (aisia) artearen eta zientziaren ama baita. Kultura, jaiak, kirola, eztabaida… Lanaren aroan, aisia ihes egiteko aprobetxatzen dugun moduan, lanik gabeko munduan, aisia egoteko eta egiteko aprobetxatuko al genuke? Ez du zertan, baina baietz uste dut. Uda on denoi. •