Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE

Batzuk udalekuetan gaude

Orriotan irakurtzen ari zareten bitartean Trumpen belarri zauritua, Palestinako eguneko hildako kopurua, Pogacarren maillot horia, euskal selekzioaren aldarria, Baionako eta Iruñeko festetako eraso zerrenda (eta Santurtzikoa, eta Ugaokoa, eta Betharramgoa, eta…), enegarren etxegabetzea, poliziaren indarkeria, Urdaibai, Williams eta Oyarzabal, itsasoak utzitako migranteak, turismoa, eta gaurko egunez ez-dakit-noiz gertatu zen ez-dakit-zer, batzuk udalekuetan gaude. Argitxorik egiten ez duen erlojuaren eta beti egia iragartzen ez duten lainoen mende berriz ere. Mendira igoz, mahaitik jaitsiz, jolas random-ak ezagutuz, abestuz, eguzkitako krema zabalduz, gutxi dutxatuz eta melokotoiak janez. Ematen du ezetz, baina pila bat aldatzen da bizitza derrepente udalekuetan. Eta iruditzen zait hori dela presak eta denbora okupatu beharrak lehentasun izateari uzten diotelako eta jolasa bihurtzen delako eginbehar bakar. Bete behar dira ardurak, zaindu behar dira umeak, konpondu behar dira liskarrak, eta literako hankak; ez dago deskantsurako, gauari lapurtzen dizkiogun orduez gain, minutu gehiegi, baina nago mantsotzen dela zerbait udalekuetan, aldatzen dela zeozer. Zaila da “bizitza errealean” bezala bizitzea udalekuetan.

Pentsatuko du baten batek pixka bat esajeratzen ari naizela udalekuen idealizazio sonatua. Ez dut sinesten hain guaia denik dena, ez, segituko dut orriotan egiaz-inporta-duten-gauzak irakurtzen hemendik pixka batera. Baina tarte batez ezertaz ez enteratzea denbora gelditzearen antzekoa delako, gustuko dut urtean behin, pare bat astez, hemen egotea. Izan ere, egotea bada zerbait; beti ez dago zerbait egin beharrik.

Bueno, kontua da hemen oso ondo nagoela; banoa gitarreo-ra... •