Ereserkiak
Kontatzen zutenez, Borges eta Bioy Casares, oso belarri txarrekoak izaki, kanta solemne bat entzun orduko zutik jartzen omen ziren, badaezpada, Argentinako ereserkia izan zitekeelakoan.
Ereserkien hilabetea izan da hau eta selekzioetako futbol jokalariak ikusi ditugu behin eta berriz paparra puztuta kantuan.
Fronte Popular Berriko jendea ere ikusi genuen hauteskunde gauean Internazionala kantatzen. Seguru nago haien artean eta selekzioetan ere bazegoela ereserkien letrarik ez zekienik eta ahoa mugituz itxurak egiten zituenik. Halaxe egingo nukeen nik ere, ez baitakit kanta bat osorik. Neuk asmatu beharko nituen, Iñaki Murua bertsolariak elizan egiten zuen moduan. Egia esan, egokitu izan zait hiletaren batera joan eta elizako pantailan jartzen dituzten salmoak txarrak iruditu eta neurria eta errimak hobetzen jardutea, eliza ere ez baita lehengoa.
Tarteka, autoan noala, herriko Arraio irratiak Euskadi Irratia zapaltzen didalako, diala mugitzen hasi eta Radio Maria ateratzen zait, apaiz baten ahots melenga meza ematen. “Egun osoa meza ematen pasatzen ote du gizajo honek?”, galdetzen diot neure buruari, lehenik, eta zergatik ote dauden gaurko apaiz eta gotzainen artean horrenbeste ahots anbiguo, ez binario eta kuir, ondoren. Non daude gure garaiko Agirretxe, Odriozola eta abar luzearen ahots sendo haiek, guztiz gizonezkoenak?, jarraitzen dut galderak egiten.
Radio Maria utzi eta itzultzen naiz Arraiora edo itzaltzen dut irratia eta gogoratzen naiz laster, ereserkien hilabeteari amaiera emateko, Inazio gure patroi handiaren eguna dugula eta hasten naiz santuaren martxa kantatzen, ia osorik dakidan ereserki bakarra baita, bere kutsu militaristak inpresioa egiten didalako seguru asko. “Inazio, gure patroi handia/Jesusen Konpainia/ fundatu eta duzu armatu/ ez da, ez, etsairik/ jarriko zaizunik/ inolaz aurrean/ gaurko egunean/ nahiz betor Luzifer deabrua/ utzirik infernua” hasten da eta “Inazio hor dago/ beti ernai dago/ armetan jarria/ dauka konpainia/ txispaz armaturik/ bandera zabalik...”. Buf!, hori bai dela benetako ereserkia, diot nirekiko, egilea ezagutzen ez badugu ere.
Peio Dufau ez nuen ikusi Internazionala kantatzen, baina, askoz meritu handiagoa duena, gitarra lepotik zintzilik, Hodei Barrosoren hitzen batzuk kantatzen sumatu nuen Baionako festetan Izate taldearekin edo Ilumarekin, ez dakit. Ez nuen ukabilik altxatu, baina “Hi haiz, hi” atera zitzaidan. •