GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Hiri-erretratuak

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

- Zuri-beltzezko argazki bat, non 60ko hamarkadan Europako hirietan gertatzen ari zen etxebizitza-eraikuntzaren boom-a agertzen den. Etxebizitza kolektiboen eraikuntza altuak eta inguruan lurra, hiri-egiturarik gabeko testuinguru baten erdian kokatuak. Hiri-itxura du, baina zelaiaren kutsu batekin nahasian.

- Eraikin baten hormigoizko egitura bat, espaloiek marrazten duten ehundura batean kokatua, beste ezer ez du inguruan. Koloretsua da hiria, baina koloreak ez du alaitasunik ematen, basamortu eraiki baten bertsio bat.

- Kareharrizko fatxada bat leihoekin, baina arotzeriarik gabe. Fatxada mantentzeko burdinazko egitura sendo bat eraiki da eta barnean ez du ezer gordetzen, hutsik dago. Kartel batek iragartzen du aurki luxuzko hotela izango dela.

Labur deskribaturiko hiru eszenek XX. eta XXI. mendeetako hirien garapena azaltzen dute nolabait. Denbora tarte laburrean hainbeste aldatu ditugu gure inguru eraikiak! Erretratuetan ekonomia zikloen ondorio eraikiak ikusgai dira, eraikuntzaren aukera eta aukera eza aldaketa horien lekuko baitira. Eta garaikidetasunean ekonomia zikloak azkartu direnez, hiru belaunaldien hiri-erretratuak bizi izateko aukera ematen du.

Zinemak hirien eszenografia erabiltzen du bere kontakizunetarako, hirien erretratuen bidez gizarte-proiektu baten aurkezpena eta garai baten eredu politiko, ekonomiko eta soziala erakusteko gaitasuna duela jakinda. Film eta serieetan trama gauzatzen den testuinguru eraikiak mezuak bidaltzen dizkigu. Bizimodu bat ageri da etxe eredu batean eta etxea auzo modelo batean dago. Periferiako etxe bakartua lorategiarekin, aldirietako etxeak bata besteari lotuak, segida bat eginaz, edo hiriko erdiguneko apartamentua, bizitasun handiko auzoan. Bakoitza hirigintza eredu baten ondorioa da, eta etxe-eredu eta bizimodu bat ahalbidetzen ditu.

Bartzelonako CCCB museoan ikusgai dagoen “Suburbia” erakusketan, ikus-entzunezkoek eraiki duten «amets amerikarraz» gogoeta egiten da, esanez, pantailaren bidez, etxe handi bat+lorategia+igerilekua+autoa eskuratzea desiratutako bizi-helburu-mezua mundu osoan zabaldu dela eta ametsak ekonomia eredu boteretsu bat mugiarazi duela. Erakusketak film zerrenda bat bildu du, hiri-periferien erretratu filmiko desberdinak agertuz, suburbia historikoak eta gure belaunaldikoak, esanez ikus-entzunezkoak garai bateko egunkarien iragarkien ordezkoak direla, propaganda eta gogoeta egiteko leku bilakatuta. Maila diskurtsiboan, etorkizuneko hirien erretratuak aldirietan izango direla espekulatzen da, landa eta hirien erdiguneen arteko lurralde-eremuan hain zuzen ere, energia-autonomia eskuratzeko erraztasunagatik, landarediaren bidez biodibertsitatea eta elikadura-subiranotasuna lantzeko aukeragatik eta bizi-intentsitatea gaineratzeko aukera dagoelako (intentsitatea dentsitatea baino garrantzitsuagoa deneko hipotesipean). Aldiriak herri koxkorren antzera begiratzen dira egun, eta turismoak hirien erdiguneak okupatu ostean, herritartasun urbanoa periferian kokatzen dela diote. •