GAUR8 - mila leiho zabalik
KOMUNIKAZIO DIGITALA

Txantxa hutsala mezu politiko bihurtu eta zuzenean iristen da meme moduan

Memeak komunikazio digitalaren parte garrantzitsu bihurtu dira. Azkartasuna eta okurrentzia dituzte abiapuntu, eta uste baino urrutirago iristeko gaitasuna, bertute. Meme politikoak aztertu ditu UOCko ikerlan batek eta ondorioa garbia da: txantxa hutsala baino gehiago dira eta politikoki eragiteko gaitasuna dute.

Umoreak asko hobetzen du komunikazio gaitasuna, eta horregatik iristen dira hain zuzen hartzailearengana memeak. (GETTY IMAGES)

Komunikazio digitalaren zati garrantzitsu bihurtu dira memeak. Irudi horiek, normalean balio tekniko eskaseko fotomuntaketak eta formetan eta egituran errepikakorrak direnak, abiadura handian ibiltzen dira sare sozialetan eta mezularitzako aplikazioetan, egunerokotasuna umore kutsuz bustitzeko. Ezequiel Sorianok, Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) Humanitate eta Komunikazio doktoregoko ikasleak, azaldu duenez, «Interneten egoteko modu bat dira, inauterietako kosmobisio digital moduko bat, zintzotasunari iseka egiten diona, serioa dena hutsaltzen duena, estatikoa dena hautsi eta online interakzioei ironia geruzak gehitzen dizkiena».

Interneten dabiltzan meme gehienak umoretsuak diren arren, umore beltza eta gustu txarrekoak barne, memeei buruzko UOCren azterlanak eduki politikoko memeak ikertu ditu, eta kausa politiko zehatzetarako balio dezaketela baieztatu du, komunikazio prozesuen zati gisa.

Ezequiel Sorianok zehaztu duenez, zirkulu itxietako pertsonen arteko «online komunikazio moduak» dira -lineako eztabaida foroak, esaterako-, eta berezko «txantxak, jokoak eta sinboloak» partekatzen dituzte, batzuetan ingurune naturala gainditu eta biralizatuz. «Meme horiek umorea bilatzen dute, baina antzeko pertsonen komunitateak ere sortzen dituzte, txantxa zentzugabe, bihurri edo burutsu berberak partekatzen dituzten frikien komunitateak», nabarmendu du Soriano ikertzaileak.

Azterlan batzuek umorea komunikazio gaitasunen hobekuntzarekin eta mezuen inpaktu handiagoarekin lotzen dute. Horregatik, memeen erabilera mundu digitaleko umore modu nagusietakoa izan daiteke, eta alderdi politikoentzat, komunikazio tresna garrantzitsua.

«Alderdi horietako komunikazio arduradunek memeen logikaren baitako umorezko irudiak sortzen dituzte, ondoren sare sozialetan anonimoki zabaltzeko», argitu du ikertzaileak. Hain justu, anonimotasun hori da arrakastaren gakoetako bat, «zuzenean ez daudenez alderdi politiko bati lotuta, komunikazio herrikoiaren kodeetan errazago txertatzen dira».

Bide horretatik sortu da “Politigram” bezala ezagutzen den fenomenoa. «Umore politikoko ekosistema bat, memeetan oinarritua. Ekosistema hori ez da inongo alderdi politikotan oinarritzen, baizik eta erabiltzaileengan, ziurrenik adinik gabeko nerabeengan, politika instituzionaleko parte hartzaile bihurtzen direnengan».

Adituen esanetan, «iruzurgileen eta bromazaleen» azpikultura bat da, muturreko artea askatasunez bizitzeko espazio bat. «Garrantzirik gabeko txantxak baino gehiago, memoriaren dinamika azkarra eta umorezkoa oso ondo ulertzen duen dinamika bat da», nabarmendu du ikerketak.

Meme kultura bezala defini daitekeen horretan, komunikatzeko moduak ez daude beti aldez aurretik ezarrita. «Meme-komunitateak anitzak dira eta, memeak bezala, iragankorrak», nabarmendu du Sorianok. Ikertzaileak ukatu egin du memea irudi barregarri «anonimo eta biral» bat baino ez dela. «Uste dut interesgarriagoa dela proposatzen digutenaren inguruan pentsatzea. Memoriaren azkartasunak, ahozkotasunak eta anbibalentziak gure artea, komunikazioa, literatura edo politika egiteko moduak birpentsatzen lagun diezagukete», dio Sorianok, memeek testuinguru politikoan duten komunikazio potentziala aztertzeko.

UOCko ikertzailearen lanak memearen figura umorezko irudi biralaren kontzeptutik haratago kokatzen du, eta agerian uzten du fenomeno sakonagoa dela, sustraiak interneten interaktibitatean eta mundu digitalak berekin dakartzan pertsonen arteko komunikazio modu berrietan oinarritzen dituena.

Albiste faltsuak manipulazio tresna bihurtu diren une honetan, batez ere hauteskunde garaian, memea «txantxa pribatu» gisa ikustetik haragoko begirada proposatzen du ikerketak. Horrela, herritarrei memeak gizartean duten tokian kokatzeko tresnak eskaintzeko formulak aurkitu ahal izango dira: komunikazio bide urratzaile eta desinhibitu berri bat edozeinen eskura, bai modu aktiboan, bai pasiboan, kontsumitzaile gisa.