Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Ez gaixotu

Eskuko maletarekin atera da etxetik goizean goiz. Eta, aurreikuspen guztien kontrara, bueltan da berriz ere bizpahiru ordu igarotzerako. Gorputzaldiak askorik lagundu ez arren, ordura arteko baraualdia eten eta gosaltzea erabaki du. Ez, ez diote oporretarako hegaldia bertan behera utzi. Ez, ez dago bart gauetik jan gabe bidaia luze batek eragindako urduritasunagatik. Ospitaletik itzuli da; belaunean ebakuntza bat egin behar zioten, baina, antza, gaur ere ez zen horretarako eguna. Bigarrenez atzeratu diote.

Etxeko telefonoak jo du. Honela esan dio beste aldeko ahotsak: «Ez genizun ebakuntzarako txanda berretsi». Hasperen batek ihes egin dio, eta bi aldiz pentsatu du telefonoaren beste aldekoarengan hitz egiten hasi aurretik: badaki haren lan baldintzek okerrera egin dutela neurrigabe; seguru dago oporraldian lan karga bikoiztu diotela; apustu egingo luke gaur egin beharreko telefono deien zerrenda luzeegia dela... Arnasa hartu, eta ahalik eta lasaien erantzun dio: «Ekaineko txanda bertan behera utzi zenidaten, eta gaurko eman». Telefonoaren beste aldeko ahotsa ere saiatu da lasaitasun horri eusten: «Bai, arrazoi duzu... Urgentzia bat sartu da nonbait, eta zure ebakuntza irailera atzeratu dute». Elkarri aitortu ez dioten arren, eskertu dute bestearen jarrera ulerkorra.

Eskegi du telefonoa. Sukalde bazterrean utzitako eskuko maletari begiratu dio. Ez daki desegiten hasi, ala bere horretan gorde iraileko ebakuntzarako. Behintzat, erietxeko orduak arintzeko sartuta zeukan egunkaria ateratzea erabaki du, gosari aurreratuari (eta ebakuntza atzeratuari) bultza egiteko. Ordea, eztarrian kateatu zaizkio egunkarian irakurritakoak ere: “Osakidetzaren udako plana: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 339 zentroetatik 126k izango dute murrizketaren bat, hots, %35,10ek. Murrizketek lanaldiei eta ordutegiei eragingo diete...”.

Agidanez, Osakidetzak badu plana uda honetarako. Berak ere bazuen; Osakidetzarekin, hain zuzen ere. Baina kalabazak eman dizkio bigarrenez, eta lagun berrien bila hasi beharko du. Akaso, lehen arretako itxaron zerrenda luzean dagoen lagunen batek kafe bat hartu nahiko du berarekin; edo, herriko osasun zentroa itxi dutela eta, ondoko herrikora joateko autobusaren zain dagoen bizilagunak eskertuko dio hitz-aspertu bat geltokian.

Uda da, hainbesteko denboran itxarondako urtaroa. Eguraldi onaren, oporren, bidaien, argazkien eta zoriontasunaren aldia. Urteko zamak arindu, eta munduari geure onena erakusteko aroa. Beraz, zergatik amorratu? Erabaki du eskuko maleta bere horretan gordetzea armairuan. Bertan sartu ditu atzerapen errepikatuek eragindako haserrea eta ezinegona ere. «Irailean bai», esan dio bere buruari, hirugarren aldian, orduan bai, erabiliko duen esperantzan.

Motxila hartu du armairutik, eta toalla eta bainujantzia sartu ditu bertan. Erabaki du gaurko plana: hondartzara joango da, eguna lasai pasatzera. Itsasoaren mugimenduek eta ur-ertzeko paseoak on egingo diote aspalditik minberatuta daukan belaunari; baina gehiegi ez, nekatu gabe. Kresalak arinduko dizkio ospitalerako zituen kezka eta urduritasunak; hori ere neurrian, eztarria eta begiak lehortu gabe. Eguzkitako krema eta bisera sartu ditu; erredurarik ez, eguzki-kolperik ez. Ura, entsalada eta fruta hartu ditu; deshidrataziorik ez, betekadarik ez. Dena prest, uda (ere) ez da-eta gaixotzeko garaia. •