Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
{ GERTUKO PLANAK } GIPUZKOA / LAZKAO

Maizpide, euskara kutxa bat, presioa nahi bihurtzen duena

Maizpide erabateko arnasgunea da; bertan ikasleak euskaraz bizi dira 24 orduz eta hagitz maila baxua dutenak ere esaldiak josten hasten dira. Valentin Esteban Gutierrez ikasleak ederki dioen moduan, hasieratik arrain sentitzen dira. Euskaran murgilduta, igeri doaz, laster eta arin. Dakarten motxila hustu, txipa aldatu, eta euskaraz bizitzea posible dela sentitzen dute.

Historia handiko euskaltegi-barnetegia da hau, 1960ko hamarkadan aita beneditarren inguruan hasitako lan eta mugimenduaren ondorio eta fruitua, Laida Begiristain Apaolatza zuzendariak azaldu duenez. 1975ean antolatu ziren lehenengo uda ikastaroak eta, hain justu, aurten 50. urteurrena ospatzen ari dira. 1977an Goierriko euskal eskola sortu zen, eta 1988an, Maizpide.

Bere parte dira langileak, ikasleak, eta herria bera. Lazkao eta Maizpide estu lotuak daude. Aunitzek euskaltegi-barnetegiagatik ezagutzen du Lazkao. «Hainbat proiektu egiten ditugu herriarekin elkarlanean; adibidez, Mintzalaguna. Herritarrak oso ohituta daude ikasleak bertan izatera, eta taberna zein dendetan laguntzen diete».

Lazkao herri euskalduna da. «Euskaraz bizitzea posible da, baina dagoeneko ez kasu guztietan. Ume eta gaztetxoek jada ez dute euskaraz egiten guk egiten genuen bezala. Ikastola bakarrik dugu, eta diotenez, patioan soilik ez gela barruan ere gaztelaniaz hitz egiten dute, Haur Hezkuntzan ere bai. Oso nabarmena da beste herri askotan ere gertatzen ari den fenomeno hori», adierazi du Begiristainek.

400 ikasle

Maizpiden, eskolak jasotzeaz gain, ikasleek egunero eskolaz kanpoko ekintza bat aukeratzen dute: euskal dantzak, abestiak eta musikagintza, tertulia, ibilaldiak, mus ikastaro eta txapelketak... Horretaz gain, astero kultur ekitaldi batez gozatzen dute, eta igandeetan irteera egiten dute. Ikasleek kultur bisita bat egin edo mendi buelta bat eman dezakete, eta bazkaritan denak elkartzen dira.

Hamabi egun irauten du ikastaro bakoitzak. Bukatzean, beti ostiralarekin, barnetegia ixten dute astelehenera arte, eta orduan talde berri bat hasten da. Badira bi, hiru edo lau ikastaro jarraian egiten dituzten ikasleak ere. Hala, udaran 300-400 pertsona hartzen dituzte. Aurten gehixeago, 400dik hurbil.

Laida Begiristain Apaolatza Maizpideko zuzendaria eta Valentin Esteban Gutierrez ikaslea (Gorka RUBIO / FOKU)

«Profil desberdinak dituzte. Batzuk, bereziki abuztuan eta irailean, udazkeneko azterketa deialdietarako prestatzeko etortzen dira. Hamasei urtetik gorakoak hartu ahal ditugu, eta uztailean gaztetxo dezente daude. Asko gurasoek derrigortuta datoz, baina gero errepikatu nahi dute, ikasteaz gain ondo pasatzen dutelako. Bartzelona, Madril, Bordele... hainbat hiritako euskal etxeetatik etortzen dira. Kurtsoan klasera joaten dira, eta uda aprobetxatzen dute bi astez edo hilabetez Euskal Herrian euskaran murgiltzeko. Berriki, “Ateak Ireki” programaren barruan, Ipar Ameriketako euskal diasporako 32 gazte eduki ditugu. Familietan bizi izan dira, baina gurean jaso dituzte klaseak, beste ekintza batzuk egiteaz gain. Jubilatuak ere baditugu, gero eta gehiago».

Intentsoa da uda langileentzat neurri batean: «Jendea aldatzen da, talde berriak sartzen dira, eta oporrak txandaka hartzen ditugu. Baina egia da oso giro oneko garaia izaten dela, eguraldi onak eta eguna luzea izateak asko laguntzen dute. Lan dinamika aldatzen da, erabat zentratzen gara barnetegian, eta alde horretatik sinpleagoa da. Bi asteburutik behin egiten dugu lan, eta astean txandaka antolatzen gara: batzuk goizez, besteak arratsaldez. Horrek laguntzen du lanera indartsuago etortzen», adierazi du zuzendariak.

«Kanpoan, leku hori bilatu behar dugu euskara lantzeko»

Valentin Esteban Gutierrez da une honetan barnetegian dagoen ikasleetako bat. Hainbat ikastaro egin ditu Maizpiden. Erandion jaioa, 71 urte ditu, eta beti ikasi nahi izan du euskara. 17-18 urterekin Bilboko zenbait euskaltegitan probatu zuen, baina utzi egin zuen. Gero ezkondu eta Berrizera joan zen bizitzera, emazte eta ume euskaldun petoekin. Jubilatu ondotik, belarriprest izatetik ahobizi izateko pausoa egitera doa, euskaraz mintzatzeaz gain, literatura irakurtzeko grinarekin. «Osagilea naiz, Basurtuko ospitalean egin dut lan bizi osoan, euskara ulertuz baina hitz egin barik, eta hutsune hori bete nahi dut».

«Hau zoragarria da», dio Maizpidez, «beste mundu bat, dena euskaraz. Zoritxarrez, beste mundu bat da, gero etxera itzulitakoan berriro oso zaila suertatuko zaigulako euskaraz bizitzea egoera batzuetan. Leku hori bilatu behar dugu non euskara lantzen den: antzokiak, euskal etxeak, tabernak, kuadrillak... Kanporatu behar dugu. Barnetegian nahi hori nabaritzen duzu, nola zoazen aurrera».

«Lekua bera oso bitxia da: kutxa bat da, euskaraz betea. Egun osoan euskaraz aritu behar dugu derrigorrez, baina oso presio suabea da, eta benetan hitz egiten dugu lehen unetik, berdin da maila, elkarri laguntzen diogu eta dena egiten dugu erraz hemen barruan. Bakoitza bere motxilarekin dator, presio negatiboarekin. Nire kasuan adina zen, baina irakasleek oso arin kentzen dizkigute zama horiek. Batzuek presio oso zehatza dute: azterketa bat gainditzea. Hori egia da, baina barruan, egun gutxitan, nahi bakarra da euskara hitz egitea, nabaritzen duzulako beharra. Kanpoan ez daukagu hori», deskribatu du Estebanek.

Talde argazkia (Gorka RUBIO / FOKU)

«Hemen konturatzen zara posible dela, egingo dugula. Eta euskararen munduan sartzen zara, erraz. Helburu bera daukagu, eta denok daukagu sentsazio hori. Nahiz eta batzuetan motxila astuna ekarri, hemen barruan euskaraz egiteko presio suabe hori egun gutxitan nahi bihurtzen da. Orain euskaraz hitz egin nahi dut, eta konturatu naiz posible dela. Bost hilabete daramatzat, ez dut inoiz hitz egin, baina ohartzen naiz gai naizela aurrera joateko. Giro ona daukagu. Badaude eskarmentu askoko irakasleak, eta gazteak ere bai, denak jatorrak, alaiak».

«Gero, irteterakoan etorriko dira arazoak; horregatik topatu behar dugu leku bat, gizartea ez delako horrelakoa, zoritxarrez. Euskaldunak ohartzen badira txarto egiten dugula, hizkuntza aldatu ohi dute, eta hori akatsa, arazoa da. Beraz, espazioak topatu behar ditugu gure asmoak gauzatzeko. Nire ustez, txipa aldatzen zaigu hemen, eta euskaraz hitz egiteko nahiarekin ateratzen gara», dio Estebanek.

Estebanek hagitz argi du: euskaraz solasean segituko du. «Familia euskalduna dut, eta orain hasi naiz haiekin euskaraz hitz egiten. Ohitura aldatzea oso zaila da. Txarto egiteak amorrua ematen zidan, eta seme-alabekin erdaraz aritzea erabaki nuen. Baina beti eduki dut hutsune hori. “Zergatik ez hitz egin?”, diot orain. Hemen sentitu dut posible dela. Ikasten dugunok testuinguru hori behar dugu. Euskal giroa oso jatorra da, euskal kulturan ere sartzen gara. Batzuk Brasiletik edo Kanarietatik datoz, eta gure kultura ezagutzen dute». Adierazi duenez, ikasteko denbora eta testuingurua behar dira, eta zeozer aldatzea denon artean, barnetegiak ez baitira euskarazko irlak. Baina hori ere badira.