GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Aurrera egiteko begirada zorroztu beharra dago


Urte politikoa asko luzatu da. Uztailean izan ziren Ipar Euskal Herrian hauteskundeak, Macron Frantziako Errepublikako presidenteak hala aginduta. Iaz ere beste horrenbeste gertatu zen Hego Euskal Herrian, Pedro Sanchezek Espainiako Gorte Nagusiak desegin eta boz eguna uztailaren 23rako deitu zuenean. Tarte horretan, gainera, aldaketa esanguratsua gertatu da Ajuria Enean, Imanol Pradales dago apopilo eta ez Iñigo Urkullu.

Bi urtez uztailean barrena luzatu da urte politikoa, eta horrek akidura ere ekarri du askorentzat. Nabarmena da erredakzioan, iaz bezalaxe, aurten ere segituan etorriko baita berriro ere hurrengoa, irailean. Gainera, oraindik hainbat kontu dantzan daude. Esate baterako, Kataluniako egoeran gerta daitezkeenak eta horrek Estatuan eragin ditzakeenak. Hauteskunde zikloak itxia behar zuen, baina nork daki.

Urte politikoak luzatzen ari dira eta hainbeste ezustekori erantzun behar izateak perspektiba galtzea eragin ohi du. Dagoeneko, beste adibide bat jartzearren, udal eta foru erakundeak, baita Nafarroako Parlamentua eta Gobernua ere, legealdiaren bigarren urtean sartu dira. Di-da agintaldiaren erdia egina izango dute.

Horregatik denagatik garrantzitsua da datozen bizpahiru urteak behar bezala aprobetxatzea, batez ere Euskal Herrian sakoneko aldaketak eta aurrerapausoak eragin nahi dituztenentzat.

Datorren urte politikoan izango da EH Bilduren kongresua. Hamahiru urte bete berri dira Bildu sortu eta legeztatu zenetik. Hamahiru urte hauetan sekulako garapena izan du. Orduan, beharbada, ETAk borroka armatua uzteagatik saritu zuten boz-emaile askok. Azken aldian, alternatiba politiko eta proiektu politiko oso baten ordezkari gisa ari da jasotzen babesa. Batez beste -hauteskunde ezberdinak eta lurralde ezberdinak gurutzatuz- ezkerreko subiranismoa da Euskal Herriko indar bozkatuena.

EAJren barne prozesua

Hazkunde betean etorriko den ezkerreko subiranisten kongresu horrek EAJren barneko prozesuarekin egingo du topo. Urkullu lehendakariaren behartutako agurraren ostean alderdian zer gertatuko ote den argitzeke dago, argitzeko daukate, bai karguei bai alderdiaren etorkizuneko lerroari buruz. Ez dute erraza gainbeherari aurre egiteko errezeta asmatzea, besteak beste, gainbehera gutxiesteko tentaldia ere izango dutelako oraindik ere erakundeetan hainbeste kudeaketa botere izatearen aitzakiarekin.

Edozein dela euskal indarren egungo egoera eta barne asmoa, garrantzitsua litzateke haien gogoetak eta erabakiak eduki politikoz eta herri ikuspegiz blaitzea. Esan bezala, azken urte politikoak luzeak izan dira, larregi; baina ikasgai garrantzitsuak ere utzi dituzte, gure herriaren garapenerako garrantzitsuak izan daitezkeenak. Adibidez, egungo testuinguruan lor daitezkeen aurrerapenak zaurgarriak direla, eta horiek babesteko eta erronka berriei eusteko beharra dagoela. Aurrera egin beharra dagoela, hitz gutxitan. •