GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GERTUKO PLANAK } BIZKAIA / BIZKARGI

Bizkargi, ibilaldia memoria historikoan zehar

Este navegador no soporta el elemento video.


Euskal Herriko uda ez da bereziki eguzkitsua izaten, ezta aldaketa klimatikoa ezin indartsuago dabilen honetan ere, baina atseden hartu beharko dute lainoek eta euriak noiz edo noiz, egin dezan egun aproposen bat Bizkargiko igoera bezalako osteratxoak egiteko. Mendizale aditua izan beharrik gabe egiteko moduko ibilaldia da, baita basoa ez ezik gure memoria historikoa ere zeharkatzeko aukera paregabea ere. 36ko gerra garaian garrantzi handia izan zuen mendiak gudu asko hartu baitzituen, Burdin Hesiaren parte zela.

Larrabetzu, Muxika, Morga eta Zornotza herrien artean dago Bizkargi, eta bertako bizilagunek gerra aurretik ere igandeetan erromeriak egiteko ohitura zuten, baita Santa Kurtz eguna ospatzekoa ere, maiatzeko lehen igandean. Urteek aurrera egin ahala, Bizkargiko Eguna izena hartu du jaiak eta frankismoaren ostean gudariei omenaldia egiteko baliatu izan da. Parada ezin hobea da, beraz, kirola, natura eta historia bateratzeko, urrutira joan beharrik gabe plan polita eginez.

Hainbat lekutatik hasi daiteke bidea Zornotzatik Bizkargiko gailurrera heltzeko. Bat, Autzaganetik. Bertako jatetxearen alboan autoa utzi eta han dagoen bidetik Zabalera abiatu beharra dago. Badago Zornotzako Barnetegitik bideari ekin eta Zabalera heltzea ere. Horrez gain, Barnetegira iritsi orduko San Bartolome auzorako bidea hartu daiteke eta, ostean, gorantz jarraitu Zabalera iritsi arte.

Bizkargi Egunean ateratako irudia. Marisol RAMIREZ | FOKU

Esan beharrik ez dago, bestalde, puntu horietaraino garraio publikoan eta gero oinez heltzeko aukera dagoela, Bizkaibusek zein Euskotrenek eskaintzen duten zerbitzuekin ezin hobeto komunikatuta baitago Zornotza. Aukera horren alde eginez gero, herria zeharkatu eta ibilaldia pixka bat luzatzea lortuko du ibiltariak, gehiegi nekatzeko beharrik gabe.

Behin Zabalera iritsita, gorantz jarraitu beharra dago. Lehenengo zatia zementuzko pista bat da, atseginagoa oinentzat, lokatzezko eta harrizko zorua baino. Begiek gehiago gozatuko dute, ordea, bidean aurrera jarraitu eta pista atzean utzitakoan. Aldapatsua da bidearen zati hori, mendi batek ezin baitzuen bestelakoa izan, baina mendizale peto-petoa izan beharrik gabe ere arazorik gabe igotzeko modukoa da.

Aldapa bukatu eta harritxoz mugatutako ibilbidearen zatia amaitzen da, aldi berean. Leku horretan, bi aukera dauzka ibiltariak. Eskumako bidea hartu eta Arburura igotzea, edo hasierako planaren ildotik aurrera jarraitzea, Bizkargiko gailurrerantz. Biak igotzea ere badago, gogotsu dabilenarentzat.

Badago bidezidorra erabiltzea ere, zuhaitz artetik ibilaldia laburtzeko. Ez da batere gomendagarria, ordea, bidea ezagutzen ez dutenentzat. Ibilaldi erraza bada ere, gogoan izan beharra dago basoa dela eta hobe dela alferrikako -edo alferkeriaren ondoriozko- arriskurik ez hartzea.

Gailurrera iritsi eta bertan aurkituko ditu ibiltariak bai ermita bai gudarien omenezko eskultura. Ingurura begiratuta, betiere eguraldia alde dagoenetan, paisaia paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen du tontorrak, 565 metroko altuera baino ez duen arren. Izan ere, Zornotzatik igotzea ez ezik, badago Muxikako Gorozika auzotik, Morgako Gerekiz auzotik eta Larrabetzuko Goikoelexalde eta Aretxabalaganetik igotzeko aukera ere, mendiak inguruan dituen herriak izaki.

Gudarien omenezko oroigarriak itxura berezia du; ez dauka zer ikusirik inguruan dauzkan elementuekin, baina aldi berean, ezin hobeto integratuta dago. Hain zuzen ere, Gernikara begira daude oroigarria osatzen duten burdinazko zutabe gorriak, zabalik dauden besoak balira bezala, orain pinudi batek ikuspegi hori estaltzen duen arren. Izan ere, 36ko gerran bertan hildako gudarien omenezko oroigarria izaki, badu zentzua Euskal Herriko bonbardaketa entzutetsuenetako bat pairatu zuen herrira begira egoteak. 1987an jarri zuten eskultura, baita plaka ere.

Memoria historikoa eta tradizioak, bat eginda

Tontorreko ermita Santa Kurtzi eskainitakoa da. Maiatzaren hasieran da haren eguna eta, hain zuzen ere, maiatzeko lehen igandean ospatzen dute Bizkargi Eguna inguruko herrietako bizilagunek. Betidanik erromeriak egiteko tokia izan den arren, frankismoaren ostean berriz ere eguna antolatzeari ekin ziotenetik gudariei omenaldia egiteko baliatu izan da ospakizuna, mendiak 36ko gerran izan zuen garrantziagatik.

Hain zuzen, garrantzi horren adierazgarri da Bizkargi Gogoratuz Elkartea. Aldez aurretik lanean ari zen askotariko pertsona talde bati izaera ofizialagoa eman eta behar administratiboei erantzuteko sortu zuten 2015ean, Juanlu Artabe kideak azaldu duenez.

Bi lan lerro jarraitzen dituzte ordutik. Batetik, Bizkargin erromeriak egiteko tradizioari eustea eta, bestetik, 36ko gerra garaian bertan jazotakoak argitzea eta ahaztu ez daitezen ziurtatzea.

Lehen lerroari helduz, Artabek GAUR8ri azaldu dio jakina dela ermita 1376an egon bazegoela, nahiz eta noiztik dagoen zehaztu dezakeen dokumentaziorik ez dagoen. «Beti egon izan dira erromeriak, XVIII. mende bukaerako datuen arabera. Batetik, tradizio horri eustea da helburua», azpimarratu du Artabek.

Bestetik, 36ko gerran gertatutakoaren oroimena mantentzea da elkartearen xedea: «Eskertzekoa da alor horretan hainbeste jendek egindako lana, bereziki azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak egindakoa». Badago zer egina, hala ere, Artaberen iritziz, jendarteak izan dezan Bizkargin gertatutakoaren berri: «Memoria historikoaren alorrean egiten den lana egundo ez dago bukatuta».

Memoria historikoaren taupada sumatzen da Bizkargin. Marisol RAMIREZ | FOKU

Bizkargi Gogoratuz Elkarteko kideak azaldu du 1965ean berreskuratu zela eguna, orduan Gudari Eguna deitu bazioten ere. «Frankismo garaian Bizkargi, Euskal Herriko hainbat toki bezala, borroka leku bilakatu zen. Ikurrinak agertzen ziren toki guztietan. Orduan, beti egin izan zen erromeria debekatu egiten zen, mendia hustu egin zuen hainbat urtetan Guardia Zibilak», gogoratu ditu Artabek aspaldi gertatutakoak.

Zenbait urtetako geldialdiaren ondoren, Zornotzako AEKren ekimenez berriz ere Bizkargi Eguna antolatzen hasi ziren 1985ean, beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Egun, askotarikoa da lan taldea, eta Bizkargi Gogoratuz Elkartearen hegalpean antolatzen dute jaia.

Berezia da Bizkargi mendia, Artaberen hitzetan; «memoria mantendu den lekua izan da». Izan ere, «erresistentzia politiko eta kulturalerako tokia» izan da, eta oraindik ere bada.

Ibilaldia udan egiteak daukan alde ona da, jaiaren ordez, bakea eta isiltasuna aurkituko dituela ibiltariak. Horrela, aukera ezin hobea izango du, lasaitasun osoz, memoria historikorako espazio bilakatu den Bizkargi mendiaz gozatzeko.