Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Hemingway, Euskal Herria eta euskal Herritarrak

Ernest Hemingway idazle eta kazetari estatubatuarra Iruñeko sanferminen enbaxadorea izan zen mundu osoan, baina Euskal Herriarekin eta euskal herritarrekin izan zituen loturek ertz gehiago dituzte. Iñaki Sagarna historialariak horietan jartzen du arreta, bigarren lerroko pertsona eta lekuetan; bigarren lerroari begira beste kontakizun bat begiratzen delakoan. Uztailean izan da Donostian eta Bilbon «Ernest Hemingway eta Euskal Herria» kongresua.

Donostiako Aieteko kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa.
Donostiako Aieteko kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gauza jakina da Ernest Hemingway (1899-1961) idazle eta kazetari estatubatuarrak lotura berezia izan zuela Euskal Herriarekin. Iruñeko sanferminak mundura zabaldu zituela esaten da maiz. Baina lotura horrek uste baino bihurgune eta zirrikitu gehiago izan zituen.

1926an idatzitako bere eleberri ezagunenetakoan, “Fiesta” izenekoan (“The Sun Also Rises”), Iruñea eta Sanferminak aipatzen ditu, baina baita Donostia ere. «Badakigu Donostian askotan izan zela, akaso Iruñean bezainbeste. Kostan ere ibili zen. Euskal Herriko toki askotan egon zen eta saiatzen ari gara toki horiek deskubritzen. Batzuetan pasadizo hutsak dirudite, baina errelatoa osatzeko garrantzitsua da pasadizo horiek topatzea eta ordenatzea. Bidaia bakoitza eta ezagutu zuen toki bakoitza testuinguruan jartzea garrantzitsua da», dio Iñaki Sagarna historialariak. Irakaslea da ofizioz, baina bere zaletasun biziena da Hemingwayren inguruan ikertzea. Uztailean Donostian eta Bilbon izan den “Ernest Hemingway eta Euskal Herria” kongresuko zuzendari teknikoa izan da Sagarna.

Horretarako, Hemingway hobeto ezagutzeko, idazle eta kazetariak idatziak utzi dituen milaka eskutitzak ikertzen aritu da Sagarna. «Proiektu honetara Edorta Jimenez eta Javier Muñozekin gerturatu nintzen. ‘Hemingway traveler’ izeneko proiektuarekin ari ziren eta ‘The Hemingway Letters Project’ aipatu zidaten, AEBetako proiektu bat. Idazlearen eskutitz guztiak ikertzen eta sortetan argitaratzen ari dira. 2002an hasi zen proiektua eta aurten argitaratu dute seigarren liburukia, 1934-1936 urteetako eskutitzak biltzen dituena, gerra zibilaren aurrekoak. Espero dute bere eskutitz guztiak 17 liburukitan argitaratzea. Badakite 6.000 eskutitz inguru direla eta, era berean, badakite eskutitz asko galdu egin direla. Geratzen diren eskutitzak ari dira argitaratzen. Gutun horien bitartez ia-ia eguneroko bat osatu daiteke, informazio asko ematen dute. Adibidez, 1939an idatzitako gutun batean bere lehen emazte Hadleyri kontatu zion zeinen ondo pasatu zuen Burgeten egindako egonaldian. Hor ikusten da, Auritzen egon zenetik hamar urte baino gehiago pasatu diren arren, oraindik harreman berezia daukala toki horrekin. Horrelako pistak aurki daitezke bere gutunak ikertuz».

Izan ere, pentsatzekoa da idazleak eta kazetariak beste ahots bat daukala gutunetan, erreportajeetatik eta liburuetatik desberdina. «Askotariko gutunak daude, batzuk formalagoak eta besteak informalagoak. Txantxa asko egiten ditu gutunetan. Bere gutunak aztertuta ikusten da, adibidez, oso eskuzabala zela hasten ari ziren idazle gazteekin. Lagundu egiten zien, haien zalantzak erantzuten zituen, aholkuak eman... Bere lagunekin ere sumatzen da eskuzabaltasun hori. Hala behar zuten lagunei, laguntza merezi zutela pentsatzen bazuen, diruz asko laguntzen zien. Hori ere ikusten da gutunetan. Bere argi-ilunak ere bazituen. Oso eskuzabala zen, baina oso gupidagabea ere izan zitekeen».

Euskal Herriarekin lotura berezia zuen, baina baita euskal herritarrekin ere, Euskal Herritik kanpo bizi ziren zenbaitekin kasu. «Lotura horiek batez ere 40ko eta 50eko hamarkadatan ikusten dira, bere laguntasun handienak Kuban garatzen diren garaian. Badira bere bizitzan garrantzia daukaten zenbait pertsona. Adibidez, Juan Duñabeitia euskal erbesteratua. ANVko figura garrantzitsua zen eta, Kuban zegoenean, Hemingwayren etxean bizi zen. 40ko hamarkadan Kuban finkatu zen Duñabeitia. Marinela zen eta, itsasoan ez zegoenean, Finca Vigian egiten zuen lo, Hemingwayren Habanako etxean. Beste pertsona garrantzitsu bat Andres Unzain izan zen, Saseta Batailoiko kapilaua. Gernika suntsitu zutenean bertan zegoen. Arreba bat zeukan Kuban eta bertara alde egin zuen. Kuban eliza bateko ardura eman zioten, gune pobreenetakoan zegoen eliza bat. Ez dakigu nola ezagutu zuten elkar, baina badakigu asteazken oro biltzen zirela. Eskutitz batean Unzain ‘nire manager espirituala’ bezala deskribatzen du».

Iñaki Sagarna historialaria. Hemingway ikertzea du zaletasun.

Euskal Herriarekin eta euskal herritarrekin zeukan lotura horren gakoak argitzea ez da erraza. «Sanferminetako topikora bueltatuz, berak idazten duenez, jai horiek liluratu egiten dute. 1923. urtean asko gustatzen zaion zerbait bizi zuen, Iruñeko giro horrek harrapatu egin zuen. Oso ondo pasa zuen, bertako jendeak sekulako harrera egin zion... hor bada barru-barruan ukitzen duen zerbait. Bestetik, Euskal Herriko paisaiak asko gustatzen zitzaizkion, bere deskribapen zehatzetan ikusten da hori. 1920 eta 1930eko hamarkadatan, gerra zibilaren aurretik, hamar bat aldiz egon zen Euskal Herrian. Ondo ezagutzen zuen egoera. Gerraren ondoren lotura berezia egin zuen Espainiako eta Euskal Herriko deserriratuekin. Baita pilotariekin ere. Bada Gustavo Durani idazten dion eskutitz bat, eta bertan ikusten denez, bere euskal lagun gehienak abertzaleak ziren. Lotura estua egin zuen euskal errefuxiatuen munduarekin, nahiz eta gero falangistekin ondo moldatu zen 60ko hamarkadan. Baina bere artikuluetan eta eskutitzetan ikusten da Euskal Herriaren egoeraren berri bazuela, ondo ezagutzen zuela zer gertatzen zen euskal gizartean».

Euskararen presentzia ere badago Hemingwayren eskutitzetan. Bernard Berenson Italiako arte adituak eta Ernest Hemingwayk elkarri eskutitz mordoa idatzi zioten zortzi urtez, 1949 eta 1957 bitartean. «1956an idatzitako eskutitz batean, Hemingwayk esaten dio ‘komunikazio modu misteriotsu bat da, euskara bezala’ eta honakoa idazten du: ‘zuregatik etorri naiz’, euskaraz. Ez dut oso ondo ulertzen zein zentzutan idazten duen, gehiago ikertu behar dut. Baina euskaraz hiru hitz horiek idatzi zituen. Justu 1956an, Isaac Mendizabalek euskarazko hiztegi bat oparitu zion».

Euskal Herriko paisaiak ere asko maite zituen estatubatuarrak; Donostian, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Deban, Donibane Lohizunen, Baionan, Auritzen, Iratin... toki askotan egon zen. Aurten justu 100 urte bete dira Irati lehen aldiz bisitatu zuenetik, «asko liluratzen zuen inguru horrek», esan du Sagarnak.

Lagun abertzaleak eta falangistak

Gerraostean Estatu espainoletik alde egin behar izan zuten errefuxiatuekin laguntasun estua egin zuen Hemingwayk, asko euskal herritar abertzaleak ziren. 1960ko hamarkadan, berriz, falangista espainolekin harremanak izan zituen. Norabide aldaketa? «Ez dut uste. Hor bada liburu bat, ‘El mito de la cruzada de Franco’, Herbert Southworthek 1960 inguruan argitaratua. Hemingwayk bost istorio idatzi zituen gerra zibilari buruz eta berriz argitaratzeko proposatu zioten. Hemingwayk ezetz esan zuen, ez zuelako uste idatzi horiek maila nahikorik zutenik. Eta prentsa frankistak Hemingwayren ezezko hori baliatu zuen ‘orain Hemingwayk gu babesten gaitu’ esateko. Gertaera hori jasotzen du bere liburuan Southworthek. Hala ere, egia da bazuela harremana falangistekin; Mariano Santos, Jose Luis Castillo Puche, Rafael Serrano Garcia... horiekin bazuen laguntasun bat, ez dakigu zein neurritakoa. Kontuan izan behar dugu une horretan falangistak Francoren kontra zeudela, sistemaren kontra zeudelako. Hemingway oso zezenzalea zen eta hori ere datu garrantzitsua da. Zezenketaren inguruan dabilen jende asko falangista da; Ordoñez toreroa Fuerza Nuevakoa zen eta berak asko miresten zuen Ordoñez. ‘Life’ aldizkarirako toreroen inguruko erreportaje bat egin zuen eta bertan Dominguinen eta Ordoñezen jarraipena egin zuen. Segur aski hor falangistekin harremana egin zuen».

Kazetaria eta idazlea zen. Batzuen arabera, kazetari baino idazle hobea. «Niri bere erreportajeak gustatzen zaizkit. Aditu batzuen esanetan, denbora falta zitzaion kazetaritzarako. Hemingwayk moldaketa asko egiten zituen bere testuetan, konponketa asko, eta kazetaritzak ez du horretarako denborarik ematen. Literaturak beste patxada bat ematen zion. Baina niri iruditzen zait kazetari bezala dezente bustitzen zela eta hori ikusten da gerra zibilean idatzitako testuetan. Eleberrigile bezala ikusten dugu nagusiki Hemingway, baina bera istorio laburren egile oparoa eta aparta zen. Adibidez, ‘The Sea Change’ liburuan istorio oso ederra kontatzen du. 1932. urtekoa da, eta emakume batek kontatzen du gizonezko bikotea utzi eta beste emakume batekin elkartzen dela. Istorio osoan zehar ez du generorik aipatzen, baina ulertzera ematen du gertaera osoa. Istorio laburren egile izugarri ona da, bere eleberriak gutxietsi gabe, noski. Hil eta gero argitara emandako ‘The Garden of Eden’ eleberrian ere aztertzeko asko dago. Eleberri oso interesgarria da, bertan asko hitz egiten da sexu rolen aldaketaz. Ez dugu ahaztu behar 1920ko hamarkadan kokatua dela eta matxo irudi oso indartsua zuen idazle batek idatzia dela. Bere literaturan oso gauza interesgarriak daude, une oro berritzen saiatzen baita».

Izaera berezia zeukan Ernest Hemingwayk, izaera aldakorra eta apetatsua. 1954ko urtarrilean bi hegazkin istripu oso larri izan zituen Afrikan. Murchison ur-jauzien gainetik hegan ari zen, Ugandan, bere emazte Mary Welsh kazetari eta idazlearekin batera, hegazkinak zutabe elektriko baten kontra talka egin eta larrialdiko lurreratzea izan zuenean. Nobel saridunak kolpe handia hartu zuen buruan eta emazteak saihetsak hautsi zituen. Beste aireontzi batek osasun-zentro batera eraman zitzala eskatu zuten. Hurrengo egunean, hegazkin horretan zeudela, lehertu egin zen aireratu aurretik. Sugarretatik ihes egitea lortu zuen leihoetako bat hautsiz, baina bigarrenean, zauriak handiagoak izan ziren. Idazleak berriro kolpatu zuen burua eta erredurak izan zituen gorputz osoan.

Komunikabideek hiltzat jo zuten eta bere ibilbideari buruzko hileta-liburuak argitaratu ziren. Hemingwayk aste batzuk behar izan zituen sendatzeko, baina ez zituen ondorio fisiko eta psikologikoak gainditu. Ipuingilearen narriadura nabarmena izan zen. «Aditu batzuen arabera, istripu horien ondoren grafia aldatu zuen eta bere diskurtsoa oso nahasia bihurtu zen. Kolpe horiek eragin handia izan zuten bere izaeran eta harremantzeko moduan».

1961eko uztailean bere buruaz beste egin zuen Ernest Hemingwayk. «Azken urteetan bere emazte Maryri bidali zizkion eskutitzetan ikusten da asko sufritzen ari zela. 60ko amaieran sekulako depresioa zeukan eta tratamendua jaso zuen, nahiz eta publikoki ez zuen esan. Baina garbi ikusten da azken urteetan sufrimendu handia zuela».

Sagarna historialariaren zaletasuna da Hemingway ikertzea, baina toki berezi batetik. «Non, noiz, nola egon zen ikertzea gustatzen zait, bere bizitzan sakontzea. Badirudi pasadizo eta gertaera xumeetan jartzen dudala begiratua, baina niri hori gustatzen zait».

Eta begirada horretatik begiratu dio Ernest Hemingwayren heriotzari ere. «Idahoko etxean bere buruaz beste egin zuenean, Goikoetxea abizeneko emakume batek garbitu zuen heriotza gertatu zen logela. Euskaldunen ondorengoa zen Hemingwayren etxea garbitzen zuena. Maryk telefonoz deitu zuen senarraren heriotzaren berri emateko, eta telefonoaren beste aldean Sabino Uberuaga zegoen, Boiseko uberuagatarren familia sonatuko kidea. Telefono konpainian lan egiten zuen eta berak hartu zuen heriotzaren berri ematen zuen deia. Eta ehorztetxean zegoen Pilar Arriaga, euskalduna hori ere. Lehendik ere izan zuen harremana idazlearekin. Arriaga Harris familiako kide batekin ezkondua zegoen eta ehorztetxea Harris familiarena zen. Pilar Arriaga bera arduratu zen Ernest Hemingwayren gorpua babesteaz, kazetariek argazkirik ez ateratzeko. Eta Goikoetxearen bi seme -etxeko garbitzailea- Ernest Hemingwayren hiletan mezalagun aritu ziren. Ez dira lotura erabat zuzenak, baina balio dute ikusteko Idahon Hemingway euskaldunez inguratuta zegoela».

«Ernest Hemingwayren ibilerak ikertzea nire zaletasuna da. Izugarri gustatzen zait eskutitzetan detaileak topatzea, ea nora eramaten nauten. Idazlearen inguruan dabiltzan bigarren mailako aktoreak interesatzen zaizkit, lehen lerroan agertzen ez direnak. Bere bizitza bigarren lerroko aktoreen bitartez kontatu nahi dut, beste kontakizun bat delako», azaldu du Sagarnak.

Ikerketan jarraituko du. «Harremana daukat Hemingwayren eskutitzak ikertzen eta biltzen ari direnekin. Tarteka zalantzak bidaltzen dizkidate, hemengo pertsonen eta tokien inguruan, eta horiek argitzen saiatzen naiz. Oraindik badago zer ikertu, eta horretan jarraituko dut».