GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA}

Ibartar erruleta: bala bat bizitza ospatzeko

Pipar txikiaren sasoia da. Errusiar erruletara jolastea bezala da piparrak jatea, biziren bat egokitzen da tarteka. (Josu OZAITA)

Tomatearen baimenarekin, piparra da udan protagonismoa hartzen duen baratzeko produktua, eta gastronomian gero eta presentzia handiagoa duen jakia. Tomateak ez zuen sekulako garrantzia Euskal Herriko baratzeetan duela hamarkada batzuk, adinekoak oroitzen direnez, tomate saltsa egiteko erabiltzen zuten batik bat, potoetan sartzeko, eta jada umezaroa igarota hasi ziren gordinik jaten, etorkinen ohituretatik ikasita. Denborarekin, bere zapore, mami, kolore... eta fruitua lortzeko zailtasunak baratzezainen fetitxea bilakatzea ekarri du. Gaur egun, jatetxe ospetsuetan ohikoa da tomatea dastatzea, ukitu bereziren batekin. Hori bai, udan zehar, bere garaia denean, izan ere, urte osoan jaten diren tomate horiek ez baitute graziarik, ez zapore ikuspegitik, ez zentzu komunaren begiradatik ere.

Periferiatik erdialdera

Tomatearen tankeran, pipar txikiak ez zuen sekulako protagonismorik baratzeetan. Bazter batean zegoen, perrexilaren tankeran: berdea gordinik txikituta gehigarri botatzeko, edo, gorritu arte utzi, lehortu eta bizia emateko platerei. Ibarra, esaterako, hazitegi eta landare saltzetik ezaguna zen herria, eta piper mutur edo piper handiarengatik zen ezaguna: piper morroa.

XX. mendea izan zen pipar txikiaren garaia. Ibarrako jaietan ozpinetan ondutako piparrak jatea tradizio bilakatu zen: hasieran, bertako bodegoi eta tabernetan; denborarekin, herriko plazan ere, herritar eta bisitarientzat. Egun garrantzitsu horretarako, tabernariek ozpinez beteriko garrafoietan sartzen zituzten pipar txikiak, eta etxeetan botiletan gordetzen hasi ziren urte osoan jateko. Festa eta ondo pasatzeak sona eman eta herritarren bihotza ukitu zuen.

Ibarra-piparra lotura indartzen joan zen, eta labela sortu zuten bertako baratzezainek. Ofizialki herriko sinbolo garrantzitsua izateaz gain, piparrak alor ekonomikoan eragin zuen. Piparra ibartartu egin zuten baratzezainek, eta milaka landare saltzen zituzten azoketan. Hala, hamarkadetan bertako klimara eta ezaugarrietara egokituriko landarea Euskal Herrian eta bere mugez gain ospea hartzen hasi zen: nostalgiaz oroitzen dute bertako baratzezainek nola saldu zituzten 2.000.000 landare urte batean (“udako ordainsaria” beraientzat).

Diamante berdea

“Langostino” izena jarri zioten Txumitxa tabernakoek, Ogasuneko ikuskariak marka erregistratu beharra zegoela esan zuenean. Izan ere, jendea pipar botilak eta pipar potoak erosten hasi zen. Pipar enpresak sortzen hasi ziren (Txumitxa, Ibarlur kooperatiba eta Zubelzu), eta halako batean, pipar sailak herriko paisaia bilakatzen hasi ziren. Eta piparrak ezaugarri bat du: bilketa oso gogorra da. Erdi makurtuta, landare bat pasatu eta hurrengora, eta han, prozesu bera. Piparrak bilatu, tak-tak-tak... ebaki landareari, eta baldera. Minutu batzuk igarota, ipurgaineko bizkarrezur pare horretan behatz bat sartzen sentitzen duzu, gerria zirikatzen dizu. Horrenbestez, piparra zerbait berezi egiten du bere gogortasunak ere.

Erabat profesionalizatu aurretik, ohikoa zen herriko gazte eta gaztetxoen udako lanbidea piparrak biltzea izatea. Pipar batzuk jaso, sos batzuk irabazi eta festetan gastatu, arrunta zen 14-16 urtekoen artean. Esperientzia horrek dozenaka anekdota eta istorio sortu zituen, bizi guztirako iltzatuta geratuko zirenak. Gaur egun, ia herriko inork ez du biltzen, eta beste lurraldeetako biltzaileei esker mantentzen da piparra.

Piparraren xarma

Piparrak ez du arrakasta nutrizionalki dituen ezaugarriengatik. Piparrik jan gabe, lasai bizi daiteke pertsona bizi osoan. Piparra zerbait bada, festa da. Udako abestiaren tankeran, udako egunei grazia jartzen diena, edozein egun arrunt festa bilakatu dezakeena. Hori, batez ere, XXI. mendean sartzearekin batera, ospetsu bilakatu diren pipar frijituei esker izan da. Baratzetik jaso eta frijituta, baratzea sentitzen da, eta inongo protokolo gabe, sardexkak sobera, behatzekin ukitu eta sentitzen dira, betiere lagunarteko giro informalean. Pipar frijituak jatea ekintza soziala da, eta festa sortzen du inguruan.

Ibartar erruleta

Festa sortzen du, agian, sortzen duen graziagatik, erruleta sentsazio horregatik. Gizateriaren historiaren astakeriarik handienetarikoa da errusiar erruleta: bala bat errebolberraren danborrean sartu, bueltak eman eta itxi. Ahoan sartu eta tiro. Hutsik badago, bizitzak aurrera jarraitzen du, baina aldamenekoarena jartzen da arriskuan. Berriro. Ahoan sartu eta tiro... ufa! Baina azkenean, norbaiti tokatuko zaio bala eta mahaiaren bueltatik betiko aterako da.

Mahaiaren bueltan jartzen gara gu ere pipar frijitu platerkada bat tarteko. Pipar hauek ezagun egin dira azal leuna dutelako eta ez direlako batere minak. Lorea pipar bilakatzen da landarean, eta gero, hiruzpalau egunetan hazten da. Orduan biltzen da. Hiruzpalau egun horietan ez du denborarik pikantearen “pozoia” biltzeko, eta horrez gainera, Ibarrako hezetasunak eta klima epelak ez diote uzten. Horrekin batera, ura botatzen zaio baratze gehienetan (ez denetan). Hala eta guztiz ere, beti izan ohi dira ardi beltzak artaldean, eta ia beti egon daiteke pipar bat (edo bi, edo hiru, edo...) platerkada hori ibartar erruleta bihurtzeko prest. Adi egon behar da, gorputza alerta egoeran jarrita. Behatzekin hartu eta ahora gerturatu ahala, adrenalina sortzen da: irrika.

Bala bat

Horixe jolasa, ez baitakigu noiz gerta litekeen. 50-70 pipar egon daitezke platerkada batean, 50-70 tiro, eta horietatik oso gutxik emango dizute danbatekoa. Edo bakar batek ere ez. Sagardoak, garagardoak, txakolinak, ardoak edo dena delakoak giroa gehitzen du, eta gorputzaren bustialdiarekin batera jaten dira piparrak, pipak balira bezala.

Eta halako batean, sastatekoa aho sabaian! Pospoloa piztuko balitz bezala, berotasuna sentitzen duzu ahoan. Begiak gori, malkotxo bat, izerdi tanta. Eskuarekin uxatu nahi duzu beroa. Ez da nahikoa, ordea. Eta noraezean, sutea nola itzali ez dakizula. Inguruan, gainera, barre algarak, enpatia zantzurik gabe. Seinalatu egiten zaituzte, eta zu, hortxe, ahoa sastatuta.

Piparrak jaten jarraitu dezakezu, baina ez duzu plazerik sentituko, ahoa anestesiatuta izanda jatea bezalakoxea baita. Erruletatik erretiratzea erabakitzen duzu horrenbestez. Isildu egiten zara minutu batzuetarako, besteek gozatzen jarraitzen duten bitartean jolas horretan.

Prest ibartar erruletan parte hartzeko? Hementxe duzue hitzordua: abuztuaren 24an, larunbatean, eguerdiko 12:00etan, piparrak eta tomate platerkadak banatuko dituzte Ibarrako plazan, herriko egun handian.