GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Soinean, Jolasa eta bizia bakarrik

(Omar ASHTAWY | EUROPA PRESS)

Gazako iparraldetik ihesi. Salah al-Din errepidea da ihes egiteko bidea, Gazako zerrenda iparraldetik hegoaldera lotzen baitu. Erdialdean dago Deir al-Balahen hiria eta jendetza bildu da bertan, toki seguruxeagoa delakoan. Aspaldi da Gazan ez dagoela toki segururik. Deir al-Balahko errefuxiatuak pilatuta daude NBEk babesleku gisa berrerabilitako eskola-eraikinetan. 70 pertsona daude gela bakarrean, janari hondakinez inguratuta eta euliz josita. Komun bakarra 125 pertsonarentzat; dutxa bakarra 700 lagunentzat. Itsasoko ura gorputza, platerak, arropa garbitzeko. Eta besterik ez dagoenean, itsasoko ura edateko ere. Barizela, sarna eta zorriak nonahi. Gosea eta gerraren usaina herritarren gorputzetan sartuta. Zapalkuntzaren arrastoak bistan, gerrako eszenatokia jolastoki bihurtu zaie haur palestinarrei. Hala ere, haurrak edonon pizten du jolasa, barruan daramalako. Goiko irudia aste honetan jasoa da, Deir al-Balahen. Haur palestinarrek ez daramate besterik soinean, jolasa eta bizia.