Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA
{ DATORRENA }

«Nazka», politikan aintzat hartzeko moduko sentipena

Sentimenduen auzia gero eta garrantzitsuagoa da gatazka politikoak ulertzeko orduan. Estrategia politikoen barruan, ekintza bakoitzak, diskurtsoek edo lider eta hautagaiek herritarrengan eragiten dituzten sentimenduek garrantzi berezia dute. Ideiei eman ohi zaien garrantzia dute sentipenek, agian, eta erabakigarriak izan daitezke kausa baten alde mugitzeko edo desmobilizatzeko.

Britainia Handiko ultraeskuindarren azken matxinadari buruzko inkesta batek sentimenduei buruz galdetu du aste honetan. Herritarrak «kezkatuta, nahigabetuta, haserre, triste, beldurtuta, frustratuta, etsita, nahastuta, patriotiko, axolagabe, baikor, harro, biziberrituta edo eskertuta» sentitu diren aztertu du. Ordena horretan bizi izan dituzte inkestatuek komunitateen aurkako erasoak; gehienek, kezkarekin eta gutxiengoak, esker onez. We Think Polling enpresak egindako inkestak gertakarien definizioa ere eskatu du, «matxinada» ala «etxeko terrorismoa» izan diren jakiteko. Gatazkaren jatorriaz ere galdetu dute, noski. Epe ertainean gertaera horiek zer sentimendu sortzen duten galdetzea esanguratsuagoa iruditzen zait, ordea.

Inkestak britainiarrak, etorkinekiko indarkeriari dagokionez, nola sentitzen diren galdetu du, eta %68 ez dago ados «iheslariekiko etsaitasuna batzuetan justifikatuta dago, baita indarkerian amaitzen bada ere» esaldiarekin, baina %39 ados dago politikarien arreta erakartzeko bitarteko bakarra indarkeria dela esatearekin. Desberdinarengandik aldentzera eramaten gaituzten sentipenak zorrotz aztertu behar dira, arrazakeria borrokatu nahi badugu.

“Nueva sociedad” aldizkariak Eva Illouzen “La vida emocional del populismo. Cómo el miedo, el asco, el resentimiento y el amor socavan la democracia” (Katz, Buenos Aires, 2023) liburuaren pasarte bat argitaratu du aste honetan. Urriaren 7an Hamasek egindako erasoen ostean, Illouzen jarrerak beldurgarriak iruditu zaizkit. Sionismoaren bere defentsa, antisionismoa eta antisemitismoa berdinduz, fenomeno soziopolitikoak aztertzeko Illouzek duen gaitasunean arrakala bat da, pentsalari gisa bere bertute handiena hori zenean. Judith Butlerrekin izan zuen polemikak bilakaera hori islatzen du. Nolanahi ere, liburua genozidioa baino lehenagokoa da, eta oso interesgarria.

Illouzek Israelen «nazka» eta bere aurkako gisa jokatzen duen «purutasuna» erlijio pribatuaren eremutik eztabaida politikora nola igaro ziren aztertu du. Ideien genealogia hori politikoki esanguratsua da.

Bere ustez, okupazioaren testuinguruan, ez soilik alor militarrean baizik eta maila sinboliko eta kulturalean ere, segregazioa zabaltzen joan zen, «garbitasunaren» izenean. Illouzen esanetan, eskuin horrentzat «ustez nazkagarriak diren taldeak laikoak, ezkerreko jendea, judu erreformistak, feministak, homosexualak eta, jakina, lehenik eta behin, arabiarrak dira». Erlijioa eta Armada eskema hori bultzatu duen sistemaren funtsezko bi egiturak izan dira.

Emozioek garrantzi berezia hartu duten garai honetan -ez beti onerako, nire ustez-, zer pentsatzen dugun esatearekin batera, zer sentipen eragingo ditugun politikoki ebaluatzen ikasi behar dugu. •