Kalifornia-Oregongo mosaiko indigena biziberritu nahian
Kalifornia gutxitan aipatzen da AEBetako herri indigenez gogoratzean. Oklahomako erreserbak, Ordoki Handietako bufalo-ehiztariak edo Arizona eta Mexiko Berriko herriak txertatu ohi dira gehienen iruditerian. Baina Kaliforniak daukan (zeukan) aberastasun etniko eta linguistikoa oso leku gutxitan egon zen Ameriketan. Egun ere, Pazifikoaren kostaldean, Kalifornia eta Oregongo mugetan, oso hizkuntza ezberdineko herri ugari bizi dira.
San Frantziskon Golden Gate zubia igarota, Marin County hasten da. Hiriaren inguruko barruti aberatsenetakoa da, eta bisitari askok egun pasarako egiten duten lekuetako asko daude bertan: Muir basoa, San Rafael, Sausalito... Kostaldean, gero eta iparralderago, naturak bestelako ikuspegi bat ageri du, herriak bakantzen doaz, eta gero eta ugariagoak dira redwood edo sekuoia gorrien basoak (ez da nahasi behar barnealdeko sekuoia erraldoiekin. Haiek handiagoak dira, beste hauek, luzeagoak), are eta, Oregongo mugatik hurbil, Redwood parke nazionalera iritsi garen arte. Bertan, zuhaitz ikusgarri honen ibilbideekin batera, dokumentazio-gune batek azalpen biologiko eta geologikoak ematen ditu, Ozeano Barearen inguruko paisaia eta bertaraino doazen haranak hobeto ezagutzeko. Bertan bizi ziren herriei buruzko argibideak ere badaude, haien ohitura, sinesmen eta kultur adierazpideak azalduz eta izokinaren garrantzia azpimarratuz.
Klamath ibaia da Oregon eta Kaliforniako mugalde honetako ibairik garrantzitsuenetakoa. Ehunka urtez oso herri desberdinen bizilekua izan da, eta hala da oraindik ere: AEBen hedapenak txikizio handia eragin zuen, baina bertan dira herri indigenak, indarrez kendu zietena indartsu berreskuratzeko asmoz. Eskualdeko borrokarik garrantzitsu eta ezagunenetakoa, ziurrenik, inguruan sortutako gatazka ekologikoa izan da, XX. mendean ibaietan sortutako urtegien erruz. 1990eko hamarkadan presak kentzearen alde egindako borrokek eman dute emaitzarik, eta aurten bertan, otsailean, Klamath, Yurok eta Karuk herriekin hitzarmena egin zuen Washingtonek, ibaian zehar diren harresi erraldoi horiek eraisteko. 2005eko ikerketa baten arabera, Karuk herri indigenako kide bakoitzak 250 kilo izokin jan ohi zituen urtero tradizionalki. XXI. mende hasierarako, dietatik ia desagertua zen izokina. Diabetesa sufritzeko arriskua, berriz, % 21 handiagoa zen karuk herritarren artean, zuriekin alderatuta.
Kaltea ez zen elikadurara mugatzen. Bertako herritarren kulturari, ekonomiari eta bizimoduari eragin zion. XX. mendeko asimilazio-politika bortitzak erantsita, eskualdeko indigenen buru-osasunean izan zuen eragina hobeto uler daiteke, baita haren ondorioz alkoholismoak izandako ondorena ere.
Yurok-a biziberritzen
Azken urteotan, zorionez, aldaketa ugari etorri dira. Tartean, hizkuntzak ere sartu dituzte, galdutakoa izugarria izan arren. Ez dira gutxi hiztunik gabe geratu diren hizkuntzak, hau da, galdutzat joko genituzkeenak. Hemen, hil baino, lozorroan daudela esatea nahiago dute. Aldea ez da poetikoa soilik. Azken hiztun horiek hil zirela oso urte gutxi dira sarritan, eta asko da bildutako materiala eta haiekin egindako lana. Biziberritzea ez da hutsetik abiatu.
Beste herri indigena batzuekin alderatuta, Yurok herriko sei mila biztanleak ez dira asko, eta hala ere, Kaliforniako herri indigena handiena da. Gainerakoek are biztanle gutxiago dituzte. Dozenaka herri indigena txiki ditu Kaliforniak, gehienentzat ezezagunak.
Klamath ibaiertzeko Yurok erreserban inguruko arkitektura tradizionaleko eraikin modernoak daude, sarrera biribil batekin. Kasinoa ere ezin falta. Hizkuntzaren bulegoa ezin aurkitu, horratik. Handik lauzpabost kilometrora dagoen eraikin txiki batean aurkitu dugu Victoria Carlson. Jatorrizko azken yurok hiztuna 2013an hil bazen ere, Victoriak eta beste hogei bat lagunek ikasi dute, eskolaz eskola ari dira irakasten, eta hitzarmen bat daukate Berkeley unibertsitateko ikertzaileekin ere, hizkuntzaren ikerketa eta zabalkunderako.
Asimilazio-politikak
XX. mendeko boarding-school edo aterpetxe-eskolen politika dauka hizpide Carlsonek. «Handik itzultzean, batzuek indio izateari utzi nahi izan zioten; beste batzuek, aldiz, eutsi zioten hizkuntzari. Horien artean izan ziren aitona-amonak». Hala eta guztiz ere, hizkuntza biziberritzeko ahaleginak egin arren, unibertsitateetako hizkuntzalariekin elkarlanean aritu arren, transmisioa eten egin zen. «Hurrengo belaunaldiak ezin izan zion eutsi. Nik argi dut esaten zutena baino gehiago zekiela nire amaren belaunaldiak. Ikasten ari nintzenean, zerbait esatean, tarteka zuzendu egiten zidan amak, orduan ikusten nuen gauza asko zekizkiela, baina berak ez zuen bere burua hiztun gisa ikusten. Erdiko belaunaldi horretan ulertzen zuten, baina sekula ez zuten egiten, azken hiztunengandik ikasi zuten arren».
Wikipediaren arabera, yurok hizkuntza zeremonialki baino ez da erabiltzen gaur egun. Hizkuntzaren bulegoan bertan lau lagun daude, ordea, eta yurokez entzun ditugu. Victoria Carlsonek dio komunitate-hizkuntza gisa erabiltzeko aukera gutxi daudela, baina hor dagoela: «Seme-alabei irakatsi diet, senarrak ere badaki; lehen nik baino gehiago zekien; egun, hark ikasten du nigandik gehiago». Irakaskuntzan eta Interneten lezio asko dituzten inguruko hizkuntzen eredu bihurtzeraino. «Lau mailatan banatzen dugu, titulu ofizialak daude, eta hurrengo urratsa hortxe dago, hiztun gehiago izatean eta jende gehiagorentzat izatean komunikazio-hizkuntza». Hizkuntza-eskolez gain, «gazteek darabiltzaten beste molde batzuetan ere badugu, saskibaloi-tailer bat eta yuroka txertatzeko, esaterako». Eta hori guztia «tribuko agintarien babesik gabe». Duela gutxi egindako elkarrizketa batean salatu zuen, herriko kasinoak triburako eta turismorako bulego dotoreak ordaintzea ahalbidetu duen artean, hizkuntza sustatzeko eta irakasleei ordaintzeko mesede-eske eta ia karitatean ibili behar izan dutela. «Batzuek ez diote hizkuntzari garrantzirik ematen tamalez, eta ez zitzaien gustatu kritika egitea. Baina nolabait astindu zuen komunitatea, eta eraikin berri baterako finantzazioa lortu dute». Bere txikian, yuroka da Kaliforniako hizkuntzetan osasuntsuen eta arrakastatsuen gisa erakutsi ohi dena. Badute elkarlanik eskualdeko beste komunitateekin, haietako gehienekin linguistikoki harremanik izan ez arren. Wiyot auzo-herriak zeukan hizkuntza ahaide dute, baina 1962an hil zen azken wiyot-hiztuna, eta hiruzpalau urte dira berpizteko ahaleginetan hasi direla. Algonkin familiako gainerako hizkuntzetako batzuek milaka hiztun dituzte, cree, ojibwe edo mikmak herrien mintzairek, esaterako. Baina horiek guztiak Pazifikotik milaka kilometrora hitz egin dira, tartean beste algonkin hizkuntzarik ez dagoela.
Karuk errebeldeak
Kalamath ibaiaren haranean gora joanda, harrigarria da tenperatura aldaketa. Udan ere, termometroa nekez igotzen da hogei gradutik kostaldean; ibarrean gora, baina, 15 gehiago ere badira. Karuk herriaren bizilekua izan da mendeetan, harik eta 1848an ordura arte ezagutzen zuten mundua zartarazi zieten arte. «Urrearen sukarraren irain handienetako bat izan zen, herrietatik kanporatzeaz gain, ehortzitako gure jendea lekualdatu behar izan genuen, ez behin, birritan baizik!», dio Maymi Preston-Donahuek, karuken mendi-magalak urre bila kanoi hidraulikoekin zartarazi zituztela gogoan. Poema honen egilea da: «Ibaiaz beste aldean / han bizi ziren. / Eta soineko eder-ederrak zituzten, maskorren kilikadura / Ibaian gora, ibaian behera, mendian gora eta ibaiertzean. Alde guztietan entzun zitezkeen. Berriz ere ehortzi zituzten. Gehiegitan. Orain haien kantak entzuten ditugu, eta zapatak eranzten ditugunean, lurrak hala diosku: ‘gogoan zaitut. Kanta egidazu’».
Duela hilabete batzuk egin genuen Maymiren ezagutza, karuk hizkuntzaren berri eman zigunean: «Galzorian dago. Jatorrizko bost hiztun oso ditugu doi-doi. Nik hamar urte daramatzat lanean Julian Lang izeneko adineko hiztun batekin. Gero eta hobeto dakit, eta nire hiru haurrak gure hizkuntzan hazten ari naiz». Poema ere, halaxe sortu zuen, «idatzi nuen gogorarazteko oraindik ez dugula gure herrira joaterik. Baina nik egunero ikusten dut ibaiaz beste aldetik, eta pentsatzen dut guk harena bezala hark ere ziurrenik gure lurraren falta sentituko duela». Tribuak aitortza federala badu ere, horrek ez die ia inolako lurralderik ekarri: arbasoen hilerria mugiaraztea aski ez, eta orain hori bera da aitzakia lurraldetasuna ukatzeko, ezin baitute frogatu betidanik lurralde horretan bizi izana.
«Haranean gora bizi ginenez, hau izan zen estatubatuarrek konkistatu zuten azken herria. Ordurako bazuten gertatzen ari zenaren berri, eta iritsi zirenean prest zeuden gerrarako, batzuek mendira jo zuten borrokan. Nolabait errebeldeenak izan ziren, eta horregatik, zigortuenak ere bai. Lurralderik gabeko erreserba gara, aitortza federala badugu, baina ia lurralderik ez, berriki erreka buelta horretan aitortu zaigun lurralde zati bat doi-doi».
Irakasleak sortzen
Maymirekin batera Frankie Trip etorri da hitzordura, tribuaren hizkuntza-bulegoko arduraduna da. «Baina izen dotoreegia da hori, langile bakarra naiz, diru-pixka bat bildu da hizkuntza-planifikaziorako, baina sosa amaitzen bada, bulegoa ere akabo. Orain arte egin dena, herri ekimenetik, Maymi bezalakoek hizkuntza ikasi, irakatsi eta sustatu dutelako izan da». Haurrak Klamathen ibaiadar eder bateko bihurgunean ari dira igerian («ez erakutsi gehiegi ere, ea txoko hau gure herriarentzat gorde dezakegun»), eta beste umeekin ingelesez eginda ere, amari karuk hizkuntzan zelan egiten dioten ikusi dugu. «Orain bide luzea dugu, lehentasuna irakasleak sortzea da, eta komunitatean horretarako grina piztea».
Karuken herrian ere, asimilaziorako eskolek trauma sakona utzi zuten komunitatean, baita etxean jaso ez eta ikasi nahi izan zuten hiztun berriei ere; «Kosta zitzaien azken hiztunengana iristea, konbentzitzea transmisioa eten ez zedin, denbora eman zezaten hizkuntza ikasi nahi zutenekin. Azken hiztun haientzat inoiz errepikatu behar ez zen zerbait zen, inork ez zezala haiek bezala sufritu». Azkenean asimilazioa triburaino iritsi zen, haurrak urrunera eramateko beharrik gabe ere. «Hiztunetako batek bi arreba galdu zituen aterpetxe-eskoletan, eta bera ez zuten eraman, baina aipatu ohi du behinola zerbait erori eta min hartzean hitzen bat irten zitzaiola karukez eta gogor zigortu zutela. Oso argi zuten hizkuntza ez zela transmititu behar, trauma oso barneratuta zeukaten».
Soka luzea dauka trauma horrek. Alkoholismoan amaitu zuten asimilazio-eskola haietako biktima askok. «Hiztunetako batek mozkortzean baino ez zerabilen hizkuntza. Alkohola utzi zuenetik ez omen du gehiago erabili. Hizkuntza barnean darama, baina ezin atera horditze unera iritsi gabe, sendatze-bideari kalte egin gabe». Familiei ere eragin zien gaitzak: «Ikertzaileak etortzen ziren hizkuntzaren berri izatera, baina hiztunen seme-alabek oso ikuspegi desberdina zuten sarritan. Ikertzaileentzat hain garrantzitsuak ziren pertsona horiek haien guraso alkoholizatuak ziren, haurtzaroan baztertu edo tratu txarrak eman zizkietenak askotan».
Eskualdean bizi diren herrien artean oso antzeko errituak dituzte, eta elkarren arteko loturak ere estuak izan dira, «oso ohikoa da guraso bat tribu batekoa eta bestea beste batekoa izatea». Antzeko errituak, oso hizkuntza desberdinak, baita mundu-ikuskera ere: «Sormen-istorioa edo kondaira garrantzitsua da indigenentzat. Gure auzoek urrunean dituzte kondaira horiek, Alaskan kasu. Gurea, aldiz, hementxe bertan dago: ibaiak batzen diren leku hori da karuk herriaren iturburua, hortxe kokatzen du gure kondairak karuk herriaren sorrera», dio Maymik. Karuka hizkuntza isolatutzat hartzen da, eta horrek ere are larriago egingo luke haren galera.
Ekimen ugari
Nazio txikia, hizkuntza asko eta batak bestearena ikasteko erraztasun historikoa aldeko izatea espero dute. Hiru mila biztanle baino ez dira Karuk herrian. Ondo begiratuta, hogei hiztun izatea ehuneko batera hurbiltzea da. «Pertsona bakarrak alde handia egin dezake».
Halaxe gertatu zaio tolowa hizkuntzari. Loren Bommelyn tribuko burua izan da hiztun bakarra luzaroan, baina familian hasitako transmisioa komunitatean txertatzea lortu du. Gainerakoan, yurok hizkuntza algonkin familiakoa zen legez, tolowa Ipar Amerikako beste hizkuntza-familia handi baten zati da, baina Alaskatik Mexikoko mugako basamorturaino hedatzen den atabaskeraren ahaide hurbilenak, hala nola tlingitak, apatxeak edo navajoak, Kalifornia eta Oregondik urrun bizi dira. “Dee-ni” deitzen diote hizkuntzari, eta Kalifornia eta Oregongo muga-lerroan bertan bizi dira. Kostaldean, iparralderantz, beste izen batzuk hartzen ditu hizkuntzak, elkar ulertzeko moduko aldaerak izanda ere.
Coquille tribuan, esaterako, Nuu-wee-ya ("gure hizkuntza”) izeneko haurrentzako liburuxka erakutsi digu Jaeci Hall hizkuntzaren arduradunak. «Inolako laguntzarik jaso ez arren, 2021ean gure hizkuntzari buruzko ikerketa-tesia aurkeztea lortu nuen». Navajoa AEBetako hizkuntza indigena handienaren ahaide da Pazifikoan azken hiztuna galdu ostean berriz ere pizten ari diren mintzaira txiki hau. Jaeci Hallen aldameneko gelan miluk izeneko hizkuntzaren bulegoa dago; Coquille herriaren zati batek zerabilen beste hizkuntza da. Berriz ere, inolako loturarik ez du nuu-wee-ya-rekin, erabat aparteko hizkuntza-familia baita, elkarrekiko harreman historiko sakonak izan arren. Eta beste lotura, nahi bada: XIX-XX. mendeko suntsipen sistematikoa eta hondamendi haren ostean galdutako aberastasun hura biziberritu nahi duten norbanako engaiatuen grina.