31 AGO. 2024 Mundu guztia konektatuta dago LinkedIn eta Facebook bezalako plataformek bereizketa-graduen printzipioa baliatzen dute. (GETTY) Maitane MARTÍNEZ EGUILUZ Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU Inoiz gertatu zaizu pertsona berri bat ezagutzea eta, sorpresa, biok beste pertsona bat, pertsona bera, ezaguna izatea? Izan ere, hori ez da hain arraroa: munduko edozein pertsona beste edonorekin konektatuta egon daiteke bost bitartekari dituen ezagun-kate baten bidez. Horrela, sei urratsetan bakarrik denok konektatuta gaude! Horri ‘sei bereizketa-graduko teoria’ esaten zaio. Modu sinplifikatuan, kontuan hartu honako kate hau: 1. Zure laguna ezagutzen duzu. 2. Zure lagunak bere laguna ezagutzen du. 3. Lagun horrek beste lagun bat ezagutzen du. 4. Eta horrela, hurrenez hurren... Seigarren konexioan, teorikoki, planetako edozein pertsonarengana irits zintezke. Teoria 1929an proposatu zuen, lehen aldiz, Frigyes Karinthy hungariar idazleak “Chains” ipuinean. Ideia honetan oinarritzen da, alegia: ezagunen kopurua esponentzialki hazten da kateko lotura bakoitzarekin, eta, beraz, lotura gutxi batzuk baino ez dira behar edozein pertsona munduko biztanle guztiekin konektatzeko. Kontzeptuak arreta handia bereganatu zuen 1960ko hamarkadan, Stanley Milgram psikologo estatubatuarraren "Small-world" esperimentu ospetsuari esker. Esperimentu horretan, Milgramek erabaki zuen ezezagun bati pakete bat bidaltzea Boston hirira (Massachusetts). Hori lortzeko, Omaha (Nebraska) eta Wichita (Kansas) hirietan ausaz aukeratutako pertsonei eman zien paketea. Bertan, Bostonen kontaktatu behar zen hartzaileari buruzko oinarrizko informazioa zegoen. Hura zuzenean ezagutzen ez bazuten, ezagutu zezakeen norbaiti pasatu behar zioten. Harrigarria bada ere, paketea, batez beste, sei bitartekarirekin iritsi zen helmugara, eta horrek Karinthy-ren hipotesiari sinesgarritasuna eman zion. Urte batzuk geroago, 2011n, Facebookek “Anatomy of Facebook” izeneko ikerketa egin zuen, bere plataformako erabiltzaile aktibo guztiak inplikatuz; guztira, 721 milioi kide (munduko biztanleriaren %10 inguru). Ikerketan, Facebookeko erabiltzaileen arteko bereizketa-graduak egiaztatu zituzten. Aurkikuntzak harrigarriak izan ziren: erabiltzaile-bikoteen %99,6 bost graduko bereizketarekin konektatuta zeuden (sei salto), eta horrek sei bereizketa-graduko teoriaren froga sendoa eskaintzen du, batez beste 4,74 kate-maila lortuz. Ikusi zuten, halaber, mundu osoa gradu gutxi batzuetara dagoen arren, litekeena dela erabiltzaile baten lagunek antzeko adina izatea eta herrialde berekoak izatea. Teoria horretatik ateratako jolasak ere badira, “Kevin Baconen sei graduak”, esaterako. Demagun Kevin Bacon aktorea beste aktore batekin konektatu nahi dugula. Aktoreen arteko lotura biek film berean parte hartu izana da. Esate baterako, Elvis Presleyk “Change of Habit” (1969) egin zuen Ed Asnerrekin. Ed Asner “JFK’-n (1991) aritu zen Kevin Baconekin. Beraz, Presley eta Bacon pertsona bakar batek konektatzen ditu. Baina jolas baterako erabiltzeaz gain, mundu errealean ere badu aplikazioa. Adibidez, LinkedIn eta Facebook bezalako plataformek sei bereizketa-graduen printzipioa baliatzen dute erabiltzailearen esperientzia hobetzeko. LinkedInek, adibidez, zure konexioak erabiltzen ditu kontaktu profesional berriak iradokitzeko. Beraz, sei graduko bereizketaren teoriak erakusten digu benetan zein konektatuta gauden. Ideia literario gisa hasi zenak esperimentu psikologikoei eta ikerketa modernoei esker eboluzionatu egin du, guztiok elkartzen gaituzten bideak harrigarriki laburrak direla azpimarratuz. Mundua uste baino txikiagoa da! •