[GERTUKO PLANAK] LAPURDI / BAIONA

Baionako Euskal Museoa, euskal kultura eta historiaren gordailu

Baionako Euskal Museoa kanpoko aldetik.
Baionako Euskal Museoa kanpoko aldetik. (Patxi BELTZAIZ)

Dagourette etxeko harrizko hormen artean, euskal arimaren esentzia atzematen da. Baionako Euskal Museoan gure iraganaren eta identitatearen ispilu diren objektu eta artelanak topa daitezke. Kortsarioen kaian, museoaren historia 1922an hasi zen XVII. mendeko eraikinean, Ipar Euskal Herriko kultura eta historia aberatsari arreta eskaini nahian. Hasieran, bilduma txiki bat besterik ez zuen, baina azkar handitu zen, bertako bizimodua, artisautza eta artea ilustratzen dituzten objektuekin. Gaur egun, museoak 70.000 objektu baino gehiago ditu, arlo askotarikoak: arkeologia, arte sakratua, euskal etnografia, arrantzale tresnak, baserrikoak... Horiek guztiek euskal bizitzaren eta lanaren iraganeko ohiturak eta bizimodua ulertzen laguntzen dute eta Baionako Euskal Museoa euskal kultura eta historiaren gordailu izatera ekarri dute.

Erakusketa iraunkorra

Euskal gizartearen bizimoduaren isla den erakusketa iraunkorra eskaintzen du museoak, 2.000 objektu ingururekin, eta horiekin bertako biztanleen lanbideak, sinesmenak eta eguneroko bizitza nabarmentzen ditu. Euskal Herriko historiaurreko aztarnak ikusgai dira bertan, Paleolitotik erromatar garaira arte. Bilduma horretan, harri tresnak, zeramika zatiak eta antzinako hilobiak aurki daitezke. Elizetako altzariak, eskulturak eta margolanak ere bilduak dira. Bereziki aipagarriak dira XIV. eta XV. mendeetako egurrezko eskulturak eta altxorrak. Museoak Euskal Herriko dokumentu historikoen bilduma zabala lortu du urteetan zehar, liburu zaharrak, eskritura zaharrak eta eskuz idatzitako dokumentuak gordez. Horiek euskal hizkuntza eta kulturaren garapena ulertzeko ezinbesteko dira gaur egun. Horiez gain, euskal artistak eta Euskal Herriarekin lotutako margolanak eta eskulturak deskubritzen ahal dira; adibidez, Elias Salaberria eta Ignacio Zuloaga margolarien lanak. Bilduma iraunkorrak museoaren xedea argiki erakusten du. Ez da bakarrik iraganeko kultura eta bizimoduak erakustea, euskal nortasuna eta kultur identitatea sustatzea eta bizirik mantentzea ere bada helburua.

1924ko ekainaren 3an ireki zituen ateak ofizialki. Aurten, beraz, ehun urte bete ditu. Horren kari, 2024ko ekainaren 21etik 2026ko urtarrilaren 4ra, “100 urte jadanik! Museoa bere mendean” izeneko erakusketa kronologiko berezia antolatu du, XX. mendetik gaur arte bildutako 200 objektu baino gehiagorekin. Lekua ezagutzeko modu desberdina da, museoaren historiaren garai garrantzitsuenetan zehar bidaiatuz, garai bakoitzeko giroa ematen saiatuz.

Bisita kronologikoki antolaturiko zazpi gelatan antolatua da, non XX. mendeak Ipar Euskal Herriko ondare kulturalean izan duen ibilbidea erakusten den hainbat objekturen bidez. Helburua museoaren historiak Baiona hiriaren historiarekin duen lotura azaltzea eta kontatzea da, museoko kontserbatzaileak omenduz, bereziki William Boissel, museoa 1924an estreinatu zuena.

Bidean oztopoak izan dira

Hasieratik, Euskal Museoak oztopoak izan ditu. Lehenik, Dagourette etxe osoa eskuratzeko zailtasunak, gero Lehen Mundu Gerrak eragindako giza basamortua. Museoak bere ospe garaia ukan zuen 30eko hamarkadan, Urte Zoroen garaian, non euskaldunak zein turistak biltzen ziren eraikineko geletan gerraren amaiera ospatzeko. Kultura eta estiloak partekatzeak moda eta arkitektura “erregionalista” modernizatu zituen. Euskal-biarnesak Pariseko Erakusketa Unibertsalera joan izana, beren lurraldea sustatzeko, horren adibide da. Baina gorabeherek segitu zuten museoaren historia astintzen. Bigarren Mundu Gerraren etorrerak artelanak oheekin ordezkatu zituen: museoa soldaduen egoitza bihurtu zen. William Boissel eta bere segida hartu zuen Jean Ithurriague kontserbadoreek hamar urte pasatu zituzten zaharberritzen, bildumak handitzen eta erakusketa berriak antolatzen. Horien artean, gaur egun ezagunenetarikoa den “Pilotarien museoa” bilduma.

60ko hamarkadako turismo masiboari esker, museoa berrindartzen hasi zen. Modernizazio prozesu bat abiatu zuen, teknologia berriak eta kontserbazio teknika aurreratuak txertatuz. Garai berean, euskal artisten obrak ere biltzen hasi ziren, eta horrek museoaren bilduma artistikoaren balioa handitu zuen. Museoak indarra hartu ahala, bere sortzailearen hitzek ere indarra hartu zuten. «Guretzat, nor garen jakitea. Jendearentzat, nora iristen garen jakitea».

Zazpigarren eta azken gela gaur egungo museoari eskainia zaio, XXI. mendeari, Euskal Museoa jadanik lantzen hasi den kultur garaiari. Bertan, gaur egungo erronkak azpimarratuak dira, etorkizunari begirakoak. Izan ere, museoa komunikabide zahar batekin konparatzen ahal da, ireki zenean, ‘ondarea’ aipatzen bakarra zelako. Baina, gaur egun, kontaezinak dira ondarea, izan materiala edo immateriala, babesteko xedea duten erakundeak, eta horrek galdera nagusi bat sortzen du: dena desmaterializatua den aro digital honetan, ba ote da etorkizunik museoentzat? Euskal Museoak gauza zehatzetara itzuli behar dela uste du, mundua ez delako birtuala eta, digitalizazioak ekartzen dituen onurak kontuan hartuta ere, museoak zerbait salbatzen dutelako, beste inork egiten ez duena: objektuak. Eta objektuek kontatzen dute historia. Gainera, objektuak belaunaldi batetik bestera transmititzen diren lurralde batean izanik, beharrezkoak dira; nahiz eta ohitura horretan haustura nabaritu duen Baionako Euskal Museoak. Are garrantzitsuagoa da, beraz, objektu bilketarekin segitzea.

Erakusketak bi urteko iraupena du, bisitarien erreakzioak aztertzeko, etorkizunerako baliagarriak baitira. Izan ere, teknologia berriek informazio mugagabea, bat-batekoa eta doakoa eskaintzen badute ere, museoak historiaren aukeraketa egiaztatua eskaintzen du. Museo bat ez da erakusketara mugatzen; aitzitik, antzinako objektuak bildu eta zaharberritzen ditu, eta etorkizunera eramaten ditu. Leku babestua, historia eta ondarea betiko grabatzeko.

Horrez gain, museoaren mendeburua ospatzen segitzeko, larrazkenean, 2024ko urriaren 18tik 2025eko urtarrilaren 5era, “Obra Gomitatuak” erakusketak ohiko bilduma iraunkorra apainduko du beste museo handi batzuek utziko dituzten berrogei bat koadro eta artelanekin. Helburua «bilduma iraunkorrarekin ispilu efektu bat sortzea da, publikoari begirada berri bat eskaintzeko», azpimarratu dute ehun urte bete dituen museoaren arduradunek. Horri esker, bereziki, bilketari buruz hausnartu nahi dute: zergatik objektu hori eta ez beste bat? Zer dio gutaz? Eta gure gizarteaz?

Baionako Euskal Museoa, bere ehun urteko historian zehar, euskal kulturaren eta historiaren zaindari izan da. Urteurren hau aukera paregabea da museoak egindako lana aitortzeko eta etorkizunera begira jartzeko. Euskal Herriaren ondarea gordetzea eta transmititzea du helburu, eta horretan lanean jarraituko du datozen mendeetan ere.

 

JAKIN BEHARREKOAK

Museoaren ordutegia: astearte, asteazken, ostiral, larunbat eta igandeetan, 10:00-18:00 bitartean. Ostegunetan, 13:00-20:00 bitartean. 18:00etatik aurrera, sarrera dohainik hitzaldiak, musika eta dantza emanaldiak, film proiekzioak eta beste ikusteko.  

Prezioa: 26 urtetik beherakoentzat, dohainik. Prezio osoa, 8 euro, eta prezio murriztua, 5 euro. Hilabeteko lehen igandean, dohainik denentzat.

Museoa Baiona Ttipiko hirigune historikoaren bihotzean dago, Errobi ertzean, Santa Maria katedraletik bi pausora.