Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
[KOADERNOA]

Beldurtuta bizi den mamua eta beste mamu batzuk

Umea nintzela, gure etxean ez zegoen kuarto beltzik. Edo igual bai, baina etxe txikia eta familia handia izanda, ez zegoen hartarako lekurik. Urte batzuk joan dira ordutik, eta alaba bere kabuz bizitzera joan zenetik, haren gela dugu kuarto beltza, udan behintzat, beroa dela-eta egunez leihoa itxita eta pertsiana beheraino jaitsita egoten baitira. Hortxe kuarto beltza, bertara eramateko mehatxua nori egin ez daukagula. Eta benetako kuarto beltza da, homologatua. Atzo arratsaldean bertako armairua zabaldu eta mamua ikusi nuen, izara tolestuen gainean uzkurtuta. Egingo nuke berak ere ikusi ninduela eta nik bezala ezikusia egin zuela. Kalera irten aurretik, katu-jan pixka bat utzi nion hor barruan.

Labera irten eta Anjelmari topatu nuen, aspaldiko, bai... Ezagutzen ez nuen gazte batekin, Eñaut, urte askotarako, bai berdin... Eta minutu bi eta hogeita hiru segundoko tartean zenbait gauza ikasi nituen: DBE ez dela derrigorrezko bigarren ezkuntza, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta baizik; EPO akronimoak ez duela beti dopina adierazten, esate baterako Etxebizitzarako Prestazio Osagarria denean, eta Anjelmarik lehengo lepotik duela burua.

Immigranteek dirulaguntzak lortzeko egiten omen dituzten trikimailuen inguruan ari zen eta lagun batek kontatu ziona kontatu zigun. Lagun horren goiko bizilagunak ba omen du lan egin gabe dirulaguntza bat jasotzen duen hegoamerikar baten berri. Eñautek gogorarazi zion hegoamerikarrek ere jan ohi dutela, eta etxe batean bizi direla. Anjelmarik irribarre harroxko batekin erantzun zion eta gero bere tesiaren oinarri zientifikoa astindu zuen: hegoamerikar haren emazteak soldata bat jasotzen du, berak ondo dakienez, emakume horrek bere lagunaren goiko bizilagunaren emaztearen lankide baten etxean lan egiten duelako, eta gainera EPOa ere jasotzen omen dute; dopina ez, ordea. Eñaut pentsakor zegoen, eta halako batean galdetu zion ea bere lagunaren goiko bizilagunaren emaztearen lankide hori abokatua den, eta baietz Anjelmarik, eta ea Miserikordia kalean bizi den, eta baietz, nola dakizu, ba? Abokatu horren etxean lan egiten duen paraguaitarra ezaguna du Eñautek.

Berehala esango nuke, baina bai, Eñaut gizarte langilea da, emakume hari eta haren senarrari laguntzak eskatzeko esan zien gizarte laguntzailea, hain zuzen, «etxeko lan batzuk» egiteagatik -etxeko garbiketa egin eta amona zaintzea: paseoan atera, dutxatu, jantzi, afaltzen eman, erantzi, oheratu eta hurrengo goizean altxatzea...-, Anjelmariren lagunaren goiko bizilagunaren emaztearen lankide horrek ordaintzen dion soldata mixerablearekin ez daukatelako bizitzerik biek eta beren seme-alabek.

Umetan, kuarto beltzik ez baina mamua ohe azpian nuen gauero eta beldurra ematen zidan ohe ertzetik besoa ateratzeak. Egia esateko, nik ez nuen inoiz ikusi, baina jende askok ohartarazi zidan haren arriskuaz. Eraman edo jango ninduela, edo eraman eta jango ninduela. Atzo behintzat ez zirudien goseak zegoenik, katu-jana ukitu ere ez baitzuen egin koitaduak. Ez dakit, ba, kuarto beltzean bakarrik, beharbada beldurtuta dago. Auskalo zer kontatu dioten giza jendeaz. •