Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Koro Muro Arriet eta Auxkin Galarraga Ezponda
Gizartelab proiektuko arduradunak

«Lehen komunitatea osatzen zuten loturak ahultzen ari dira, zementu soziala berreskuratu behar dugu»

Eusko Ikaskuntzaren GizarteLab proiektuko arduradun teknikoa eta arduradun zientifikoa dira, hurrenez hurren. Egungo jendartean eskasten ari den zementu soziala indartzea da erronka.

(Argazkiak: Jon URBE | FOKU)

Eusko Ikaskuntzaren proiektua da GizarteLab. Badira bost urte martxan jarri zenetik eta dozena bat herritara iritsi da. Jendarteak dituen erronkei -demografikoak, aniztasunarenak, teknologikoak...- erantzuteko gaitasuna indartzea da erronka. Gaitasun bigunetan jartzen da arreta, adimen emozionalean, komunitatea josten dutenetan, horiek baitaude egunotan herdoilduen.

Zer da GizarteLab?

[Auxkin Galarraga]: Guk esaten dugu laborategi mugikorra dela. Batez ere, udalerrietan eta eremu lokalean dauden arazo eta erronkei berrikuntza sozialaren bitartez erantzuteko tresna edo baliabidea da, komunitateak aktibatu eta erronka horiei aurre egiteko gaitasunak lantzera bideratutako laborategia.

Behar edo gogoeta batetik sortuko zen, ezta?

[Koro Muro]: Abiapuntu nahiko bitxia dauka. 2019an Gipuzkoako Foru Aldunditik eskatu ziguten erronka demografikoaren inguruan lanketa bat egiteko. Eusko Ikaskuntzak eta Aldundiak hitzarmen bat daukate. Erronka demografikoa -oso eremu zabala eta erpin anitzekoa- zahartzaroarekin lotu nahi zuten. Gauza jakina da populazioa gero eta gehiago zahartzen ari dela. eta hortik bideratu nahi zuten proiektua. Hasierako bilera batean, honako hau planteatu ziguten: esperimentala den zerbait nahi dugu, zahartzearekin zerikusia daukana, baina zaharrik gabe eta zahartzaroa aipatu gabe. Hori izan zen gure lehen erronka.

Ideia horiei bueltaka sortu zen proiektua. Ikusten genuen gaur egun ditugun erronka ugarien aurrean, gaitasun profesionalak edo intelektualak baditugula, baina askotan gaitasun bigunak falta zaizkigula, bizikidetzan laguntzen dutenak eta komunitatea egiten dutenak. Finean, adimen emozionala ahulduta edo herdoilduta dugula konturatu ginen. Hortik abiatuta, gaitasun horiek lantzeko trebakuntza bat egitea pentsatu genuen, zeharka, oraindik zaharrak ez diren pertsonekin, zahartzaroari aurrea hartzeko. Lehen abiapuntu hori 45-55 urte bitarteko jendearekin izan zen, nolabait zahartzaroari begira dauden erronkei aurrea hartzeko gaitasunak garatzeko. Hainbat udaletan eskaintza egin genuen, eta azkenean, Legazpiko Udala izan zen aitzindaria. Bertan egin genuen lehen proba pilotua. Guk jarritako irizpideak kontuan hartuta, Udala arduratu zen taldea osatzeaz; 45-55 urte bitartekoak, ahalik eta talde anitzena, genero ikuspuntua kontuan hartuta eta, guretzat oso garrantzitsua zen baldintza, Udaleko kolore guztietako talde politikoen parte hartzearekin. Legazpiko Udalak oso lan ona egin zuen taldea osatzen.

Bitxia da 45-55 urte bitarteko herritar talde bati zahartzaroaz hausnartzeko proposamena luzatzea.

[K.M.]: Hain zuzen ere, GizarteLaben erronka zahartzaroari aurre hartzea eta nolabaiteko gaitasun batzuk lantzea da. 65 urte badituzu, nahiz eta ondo egon, dagoeneko berandu da gauza batzuetarako. Nolabait jendea prestatu nahi dugu. Nolako zahartzaroa izan nahi dugu? Nola ikusten duzu zure burua zahartzaroan? Adin batzuetan galdera horiek krakatekoa eragiten dute, baina beharra dago horri buruz hausnartzekoa. Txipa aldatu beharra dago.

[A.G.]: Bazegoen diagnostiko orokor bat: erronkak gero eta konplexuagoak dira; maila lokalean erronka horiei aurre egiteko baliabideak, gaitasunak eta tresnak nahiko urriak dira; badator agenda berri bat erronka demografikoekin, aniztasunarekin, zahartzaroarekin... lotuta. Ikusten zen udalek tresna eta gaitasun berriak behar dituztela. Udalerrien indargune nagusietako bat herritarrak dira. Horregatik planteatu zen berrikuntza sozialen teoriek eta trantsizioaren teoriek esaten zutena: herritarren eta eragile sozialen eskuetan dauden tresnak eta indarrak biderkatu egin behar dira. Zientzia eta teknologian dirua inbertitzen den bezala, gizartean ere inbertsioa egin behar da. Eragile sozialak indartu egin behar dira. Hori defendatzen dute berrikuntza sozialen teoriek. Eta, bestetik, trantsizioari erantzuna eman nahi bazaio, aurrea hartu behar zaiola eta prestatu egin behar dela, bestela trantsizioak irentsi egingo gaituela. Prestatzen ez bagara, beranduegi izango da. Besteak beste, mahai gainean ditugun gaietako asko -zahartzaroa, zaintza, aniztasuna...- aspalditik datoz. Ikusten ari ginen bazetozela, baina erantzuna berandu iristen ari da.

Erronka orokorra da, baina herrian eta tokian-tokian izaera espezifikoa dauka. Legazpin dagoen zahartzaroa edo Tolosan dagoena ez dira berbera. Beraz, udalerri bakoitzak bere erronka espezifikoak dauzka, baina erronka horiek badaukate irakurketa orokor bat. Goazen tresnak garatzera erronka horiek garatzeko.

Legazpiko proba pilotua aipatu duzue. Nolakoa izan zen?

[K.M.]: Lehendabizi metodologia bat garatu genuen. Martxan jarri bezala eredu hori moldatzen, hobetzen eta tokian tokira egokitzen joan da. Baina metodologia propio bat sortu dugu. Gaitasunak lantzen ditugula esaten dugunean, badirudi klase magistralak ematen ditugula: ‘gaur enpatia landuko dugu’. Ez, ez da horrela. Talde guztiaren ekarpenak jasotzen ditugu, eta tailer horietan lau adimen mota garatzen ditugu, baina ez linealki, zeharka baizik. Adimen emozionala da horietako bat, ahaztu samar dugulako eta oso beharrezkoa dela uste dugulako. Bigarrenik, adimen prospektiboa, etorkizunean pentsatzen jarrarazten gaituena. Oso garrantzitsua da hori, joerak saihesteko eta dibergentziatik abiatzeko. Hirugarrenik, aurrea hartzeko adimena. Azkenik, harremanetarako eta komunikaziorako gaitasunak. Lau adimen mota nagusi horiek lantzen saiatzen gara, teknika eta dinamika batzuen bitartez. Tailerrak arinak eta dibertigarriak izan daitezen saiatzen gara.

[A.G.]: Tailer horien berezitasunetako bat herritarren eta udal ordezkarien partaidetza da; ahal bada, teknikariena zein politikariena. Hartara, Korok aipatu dituen gaitasun horiek herritarrek eta udal ordezkariek lantzen dituzte. Eta horrela puskatu nahi da ohiko ikuspegi teknokratikoa; hau da, dakiena eta erabakiak hartzen dituena toki batean dago eta herritarrak beste batean daude eta nolabaiteko lehia dago. Herritarrek Udala konbentzitu nahi dute eta Udalak eragile sozialengan eragina izan nahi du gauzak ondo egiten ari dela sinetsi dezaten. Horrekin puskatu nahi da. GizarteLab proiektuan gauza bera eskatzen diegu herritarrei eta Udaleko ordezkariei, gaitasun horiek biek landu ditzaten. Norberaren biografiaz baliatzen gara alderdi emozionalak eta horrelakoak lantzeko eta biografietan ikusten da parekotasun handiak ditugula. Horrek asko lotzen du.

Udaleko ordezkariek parte hartzeak eragina izan dezake jendartean egin behar den inbertsio horretan, ezta? Finean, erabaki politikoek gidatzen dituzte inbertsioak.

[A.G.]: Bai, bai. Udaletara jotzen dugunean, garbi ikusten dute tresna berriak garatu behar dituztela. Badakigu ohiko tresnak noraino iristen diren eta zein muga dituzten. Baina gaur egungo erronka horien aurrean, egiteko moduek ere desberdinak izan behar dute, eta udal askotan horren jakitun dira. Beraz, beraiek ere arrisku batzuk hartzen dituzte eta ausartak izaten dira.

Izan ere, pertsonengan eta jendartean inbertitzea ez da izan politikan bide ohikoena.

[K.M.]: Ez, baina bada joera bat, eta leku batzuetan aldaketa ikusten da. Udalerri askotan adibide onak ikusten ari gara. Pixkanaka, baina bagoaz. Tailer horietan kide guztiak maila berean jartzen ditugu eta hori, batzuetan, ez da erraza. Gu saiatzen gara konfiantzazko giroa sortzen, eta talde horietan inor ez da bestea baino gehiago. Horrek asko laguntzen du. Adibidez, alkatea eta txistulari taldeko kidea elkartzen badira eta beren biografiak partekatzen badituzte, gizatasuna sortzen da eta dagoeneko beren bizitzaren parte bat partekatu duten bi pertsona dira, izen-abizenekin. Hor lotura bat sortzen da.

[A.G.]: Saiatzen gara posizio pertsonaletatik abiatzen, ez bakoitzak okupatzen duen postutik edo daukan jakintzatik.

Adimen emozionalari lotutako gaitasunak aipatu dituzue. Herdoilduta omen daude.

[K.M.]: Nik uste dut zementu soziala dela berreskuratu behar duguna. Lehen komunitatea osatzen zuten loturak galtzen ari dira, gero eta indibidualistagoak gara eta hori ez da jasangarria. Gero eta haur gutxiago ditugu, bakardade gero eta handiagoa dago, eta nolabaiteko sare soziala behar dugu. Udal askok ikusten du behar hori; baliabideak iristen diren tokiraino iristen dira, enpresa pribatuak negozioa dagoela ikusi du eta indarrez sartu da, baina komunitatearen beharra oso nabaria da. Ez bagara komunitate hori lantzen hasten, jai dugu.

[A.G.]: Azken urteotan etengabe ari gara komunitateaz. Inoiz baino gehiago mintzatzen gara komunitateaz eta inoiz baino gehiago dago gainbehera. Askotan komunitatearen ikuspuntu idealizatu samarra daukagu, komunitatearen indarraren presentzia hori izan dugu eta gure herentzia historiko bat izan da segur aski. Baina ezin dugu pentsatu duela hamarkada batzuetako komunitate hori bueltatuko denik, hori ez da bueltatuko. Komunitate berriak beharko ditugu eta ez diogu forma eman horri. GizarteLab proiektuak anbizio hori izango luke. Garbi ikusten dugu komunitatearen indarra behar dugula, baina ez dakigu hori martxan jartzen. Egungo gure bizimodua erritmo oso bizian doa, eta kostatu egiten zaigu besteei denbora eta ahalegina eskaintzea. Ikuskera hori galeran dago eta forma eman beharko diogu gaur egungo terminoetan eta baldintzetan. Ez dugu berreskuratuko 60ko hamarkadako komunitatea, 70eko hamarkadakoa. Baina komunitate bat, bai, eraiki beharko dugu, besteak beste erronka horiei aurre egiteko.

Komunitate bat josi eta eraiki beharko dugu. Egungo hariekin, ezta?

[K.M.]: Hari berriak eta modu berriak beharko dira. Aisialdiko ohiturak aldatzen ari dira, gure gazteak beste modu batera dibertitzen dira. Malgutasunez jokatu beharko da. Enpresetan, erakundeetan, elkarteetan... errelebo falta handia ikusten da. Modu berriak topatu beharko dira komunitateak sortzeko eta elikatzeko. Horretan ari gara.

«Nekearen jendartea» terminoa gero eta maizago entzuten da. Ez da ezer pizteko testuingururik onena...

[K.M.]: Gakoa izan daiteke komunitateak dauzkan onurak bistaratzea. Askotan esaten da ‘parte hartu behar duzu’. Baina, zertarako? Hausnartu beharra daukagu nolako komunitatea nahi dugun, norberak zer eman diezaiokeen, komunitateak zein onura ekartzen dituen...

Aldaketa soziala eta trantsizioa. Ez dira gauza bera, ezta? Herritar pasiboak daude lehenengoan, datorrena hartzen dutenak eta horretara moldatzen direnak. Herritar aktiboak bigarrenean, aldaketa horietan eragin nahi dutenak. GizarteLabek bigarrena aktibatu nahi du.

[A.G.]: Gure gizartea modernoa eta oparoa da testuinguru orokorretik begiratuta eta, segur aski, maila horretako gizarte guztiek partekatzen dituzten ezaugarriak ditu; nekea eta energia kolektiboaren falta. Aldaketa soziala eta trantsizioaren kontzeptuak parean jarrita, aldaketa soziala litzateke datorkiguna, arrapaladan iristen dena, kontrolatu ezin duguna eta gainjartzen zaiguna. Aldiz, trantsizioaren kudeaketa egin daiteke. Aurrea hartu, prestatu, gaitasun batzuk landu, energia kolektiboa aktibatu, aldaketa sozialak dakartzan elementuei erantzun bat emateko modua aurkituko dugula sinetsita. Eta erantzunak beti izan behar du tokian tokikoa eta gure baliabideetan oinarritua. Guk defendatzen dugu gure baliabideetan eta gaitasunetan oinarrituta, aurkitu dezakegula erronka sozialen aurrean erantzun bat. Eta erantzun horrek espezifikoa izan behar du, gure izaeran eta izateko moduetan ardaztua; tokian tokikoa eta komunitatean oinarritua.

Pozgarria da, itxaropenerako leiho bat dirudi.

[K.M.]: Zalantzarik gabe, garaiz gaude gauzak aldatzeko. Guretzat oso pozgarria da herri batean proiektuarekin ari garenean parte hartzaileen erantzuna jasotzea. Askotan esaten dute asko ikasi dutela, asko pentsatu dutela eta, gainera, oso ondo pasatu dutela. Guretzat garrantzitsua da parte hartzea modu dibertigarrian bizitzea, ez zama bezala. Sentsazioa da zerbait piztu duzula pertsona horrengan, zerbait aktibatu duzula. Guk hasieran ‘birusaren’ kontzeptua erabiltzen genuen. Gero pandemia etorri zen eta pentsatu genuen ez zela oso kontzeptu egokia. Orain ‘ama orea’ erabiltzen dugu. Esaten dugu GizarteLaben parte hartzen dutenak ama orea direla eta hori zabaldu egingo dela ondoren. Legazpin, adibidez, 2019tik urte guztietan segidan ari gara lanean. Egia da taldea handitu egin dela, komunitatea hazi egin dela eta ama ore horren filosofia zabaltzen ari dela. Pixkanaka badoa kutsatzen espiritu hori.

[A.G]: GizarteLab martxan jarri den herrietan badago talde bat gai batzuk lantzen ari dena. Horri eman nahi diogu balioa, herrietan egon daitezela herritar aktiboak, erronkak lantzen ari direnak. Hori da gure erronka, ama ore hori sortzea.

Zenbat herritan jarri da martxan GizarteLab? Zer egin behar du herri batek interesa izanez gero?

[K.M.]Dagoeneko dozena bat herritan jarri dugu martxan. Programak hiru fase dauzka, bakoitza tailer zehatzekin. Astean behin edo hamabostean behin elkartzen gara, fasearen arabera. Bizpahiru hilabeteko prozesua izan daiteke, baina malgutasunez jokatzen dugu beti. Udalak jarri behar du gurekin harremanetan eta ez dugu baliabide askorik behar tailerrak aurrera ateratzeko. Oraingoz, honako herri hauetan egon gara: Legazpi, Mutiloa, Deba, Beasain, Donostia, Irun, Orio, Laudio, Gernika, Gasteiz eta Bilbo.

Pentsatzekoa da erronkak desberdinak izango direla herriaren tamainaren arabera.

[A.G.]: Bai, herriaren tamainak garrantzia dauka. Herri desberdinetan atzematen dugu ama orea desberdin dagoela; herri batzuetan indartsuago dago eta beste batzuetan, ahulago. Udalerri bakoitzak bere ezaugarriak dauzka eta soziologikoki desberdinak dira. Herriaren tamaina ez ezik, bertako herritarren aktibazio maila desberdina da herriaren nortasunaren arabera. Bakoitzaren soziologia eta bertan sortzen den taldearen ezaugarriak oso garrantzitsuak dira. Eta, noski, baita Udalaren inplikazio maila ere.