GAUR8 - mila leiho zabalik
[GERTUKO PLANAK] ARABA / SOBRON

Adrenalina bila? Zain duzu Sobron

Este navegador no soporta el elemento video.


Udako beroak energia kentzen ez dienentzat badago zer egin Arabako mendebaldean. Burgosera sartu baino lehen azken herria da Sobron eta bertan dago Aventura Sobron parkea, Araba osoko bisitak jasotzen dituena. Haurrentzako zein helduentzako jarduerak daude.

Abentura parkea, kayak, stand up paddle-a (SUP), big SUP-a, paintball-a, haurrentzako paintball-a, via ferrata, eskalada, arku tiroa, orientazioa, mendi-ibiliak zein zaldi bidezko ibilbideak egin daitezke. Igerilekuan deskantsatzeko aukera ere badago, baita tabernan bazkaltzekoa ere.

Bertara joanez gero, Iñigo Martinez jardueretako teknikaria bertan egongo da ziur aski. Berarekin izan da GAUR8 parkeari buruz gehiago jakiteko.

Martinezen arabera, uda, eta bereziki abuztua, da jende gehien elkartzen duen garaia, eta hori nabaria da aparkalekua ikusi bezain pronto. Udak aurten ekarritako tenperatura altuak direla eta, batez ere igerilekura etortzen da jendea, eta beste jarduera batzuen prezioarekin konbinatu daiteke gainera.

Bistan da arropa erosoa beharrezkoa dela, baita kirolerako zapatilak ere. Hala ere, eskalada, via ferrata edo bestelakoak egiteko ez dago kezkatu beharrik, materiala alokairuan hartzea posible da eta.

Behin harrerara eta tabernara sartzeko atea pasatuta, beldurra izanez gero edo damua sentituz gero, lasai egon, maila guztietan egiten direlako jarduerak. Hori dela eta, posible da soilik materiala alokairuan hartu eta nork bere kabuz egitea, edo, ostera, begirale batekin egitea, azaldu du Iñigo Martinezek.

Gainera, arriskatu baino lehen, demo zirkuitutik pasatzea dago. Zurez egindako egiturek osatuta, arnesa jantzita, tirolinak, txirristak eta mota askotako zubiak daude. Begirale batekin egin beharrekoak dira, baina funtzionamendua eta segurtasuna bermatzeko neurriak azaltzen dituzten kartelak daude beti.

Lehorrean egin daitezkeen beste ekintza batzuk orientazioa, eskalada, arku tiroa eta via ferrata dira, besteak beste. Azken hori berrienetakoa da; izan ere, parkea 2003an ireki bazuten ere, harkaitzean irekitako eta hainbat materialez prestatutako bide horizontal horiek 2016an ireki zituzten. Urte hartan, La Cresta izenekoa eta, 2020an, Harrigorri. Paintball zelaia ere badago, mendizaleak ez direnentzat.

Freskatzeko aitzakiaz, beste hainbat ekintza egin daitezke uretan, Araba eta Burgosen arteko muga den Ebro ibaia lagun. Kayak egiteko abiatzear zegoen gazte talde batekin egin du topo GAUR8k, baina stand up paddle edo, taula handi batean hainbat pertsona sartuta, big stand up paddle-a ere egin daiteke. Martinezek dioenez, ibaian toki gutxi dagoenez, bi kilometrora dagoen presa gainera joaten dira.

«Txoko batean»

Parkearen instalazioetan barna ibiliz gero, ezinezkoa da paisaia alde batera uztea. Mendiz inguratuta eta ibaiertzean, kareharri gorria nabarmentzen da, Arabaren paisaia aniztasuna agerian utzita.

Iñigo Martinezek deitoratu duenez, Sobron «txoko batean sartuta bezala» dago Araban, Ebro ibaiaren meandro batean, hain zuzen. Gainera «oso herri txikia da eta ez dago justu herri edo hiri handirik ondoan». Miranda Ebro 17 kilometrora dago eta Gasteiz, 50 kilometrora.

Hori, baina, ez da jendea erakartzeko oztopo: 20 urte baino gehiagoko esperientziak lagunduta, oso ohikoak dira ekain aldera eskolako ikasleen bisitak, baita udalekuenak ere. Helduentzat, ezkondu-aurreko agurrak antolatu daitezke bertan. Elkarteekin ere lan egiten dute, eta GAUR8k bisita egin zuen egunean bazterketa arriskuan dauden pertsonen elkarte bat ibili zen bertan.

Erreserbak, neguan

Uda dagoeneko planez beteta badaukazu, ez dago arazorik, neguan eta beste urtaroetan ere irekita dago Aventura Sobron, baina aurretik erreserba eginda. Azaroan, abenduan, urtarrilean eta otsailean izaten da hori.

«Instalazioak itxita egoten dira, baina jarduerak antolatzen ditugu», azaldu du Martinezek.

Orain, udan, «igerilekuaren bolada da eta iraileko bigarren asteburura arte guztia irekita daukagu, martxoaren erdialdetik», dio Martinezek. Hala ere, jaiegunetan, zubietan eta Aste Santuko oporretan, esaterako «egunero» irekitzen dituzte Aventura Sobroneko instalazioak.

Udako hilabeteetarako ere komenigarria da aldez aurretik egin nahi diren ekintzak erreserbatzea, Iñigo Martinezek ohartarazi duenez. Webgunearen bitartez edo zuzenean telefonoz deituta egin daiteke hori, nahi den egun eta orduan tokia egongo dela ziurtatzeko, batik bat. Hala ere, planak inprobisatzeko zalea izanez gero, egunean bertan gerturatuta egin daiteke.