07 SET. 2024 [DATORRENA] Arazoak eta borrokak BBCren oasian Iñaki Soto Finantzaketa arazoak direla medio, datozen bi urteetan 500 lanpostu murriztuko ditu BBCk, uztailean jakin denez. Honezkero langile kopurua %10 murriztu du. Britainia Handiko irrati-telebistan 20.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dutela kontuan hartuta, azken urteotan beste 2.000 lanpostu amortizatu dituztela esan nahi du horrek. Tim Davie zuzendari nagusiak salatu duenez, gobernu eskuindarrek murrizketa gogorrak ezarri dituzte 14 urtez jarraian. Eraldaketa digitalaren erdian, talde komunikatiboaren aurrekontua %30 urritu da, eta baliabide faltak trantsizio digitala asko zaildu du. Agintari torien «miopia» salatu du BBCren buruak. Azkenaldian, BBCk programazioan murrizketa handiak egin ditu, programen aurrekontuak eta iraupenak murriztuz eta etekina eman dezaketen produktuak hobetsiz. Nazioarteko Zerbitzuak ere nabarmen egin du behera, ehunka langile kaleratuz eta ingelesaz besteko hizkuntzetako programazioa urrituz. Lizentzia-tarifa irrati-telebista publikoa finantzatzeko bide nagusia da. Britainia Handian telebista duten etxe guztiei kobratzen zaien zerga moduko bat da. Sistema hori krisian dago, aspalditik. Lizentzia-tarifa eztabaidatu eta negoziatu egin behar da orain. Gaur egun dagoen moduan mantenduko den, harpidetza-eredu batekin ordezkatuko den edo zerga berri batekin finantzatuko den eztabaidatzen ari dira. Negoziazioak urtarrilean hasiko dira eta bi urte iraungo dute. 2027an amaituko da egungo hitzarmena, eta ordurako itun bat lortu beharko dute. BBCren kontuek pairatzen duten arazoa jendartearen aldaketa sakon batekin lotuta dago: urtean 500.000 etxek bertan behera uzten dute telebista-lizentzia. BBCren audientzia orokorrak handia izaten jarraitzen du, batez ere adinez nagusi direnen artean, baina etorkizuna ez dago inondik inora bermatua. Gero eta gazte gehiagok ia ez du inolako loturarik irrati-telebista publikoarekin. Ofcom BBCren erregulatzailea da, eta bere azken ikerketaren arabera, 16 eta 24 urte bitarteko britainiarren erdiek baino gutxiagok ikusten dute telebista astean zehar. Finantzaketaren alorrean, laboristen garaipenagatik BBCren egoera hobetuko dela uste dute zenbaitek. Erabaki ekonomiko mingarriak iragarriz eta gauzak hobetu baino lehen okertuko direla esanez, Keir Starmerrek joan den astean bota zuen diskurtsoak, ordea, kontrako norabidea irudikatzen du. Britainia Handian, une honetan, lehentasuna osasun sistema publikoa (NHS) berrosatzea da. Horretara bideratuko dira baliabide gehienak. Zentzu horretan, irrati-telebistarekin gertatzen dena adierazle gisa uler daiteke. Izan ere, nonbaitetik atera behar da osasungintzan sartu nahi den dirua. Neurri batean, BBCren krisia sektoriala da. Adibidez, Channel 4 eta ITV kateek beste 400 profesional kaleratuko dituztela iragarri dute. Dena den, bere pisu eta itzalagatik, BBCren egoera berezia da. Baita publikoa delako ere, ente publikoen krisia partikularra baita. Jakina, BBCk eta Britainia Handiak ez dute zerikusirik gure egoerarekin. Bata oasia da, irla bestea. Edonola ere, korronteak hor daude, eta gure kostara helduko dira. Ez baikara ez irla bat, ezta oasi bat ere. • Urtean 500.000 etxek bertan behera uzten dute telebista-lizentzia. BBCren audientziak handia izaten jarraitzen du, batez ere adinez nagusi direnen artean, baina etorkizuna ez dago bermatua