07 SET. 2024 Jogurtak eta bikote harremanen artisauak Danger de Mort Distopia. SENSATHLON Nerea SANCHO ESNAOLA Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta Autokarabanak kalean aparkatuta dauden auzoan, babes ofizialeko etxeak daude. Eta iturri batean zure botilan geratzen den ur epela hustu eta freskoarekin bete aurretik, hobe ziurtatzea benetan ura ateratzen dela iturri horretatik. Hori diot nik. Bakoitzak bere ikasketa libreak ditu. Badira pentsatzen dutenak ibilbide luzeko harreman heterosexualetan, emakumea berotzeko modua gizona biluzik ikustea dela. Baliteke. Nik behatu dut, ordea, emakume ASKOTXO (eta gizon nahikotxo!) pizten dituena beste zerbait dela; ez ESTIMULU bat, baizik eta ESZENARIO bat. Hau da, harreman horretan eman daitekeen lotura, kolaborazioa, intimitatea, elkar-laguntza, eta... zuzenago... etxeko lanen banaketa PAREKIDEA. Feminista? Deitu nahi duzun bezala, ERREALITATEA da. Ez da jarriko larrutan ez badago elkarbizitza parekiderik. Ez zaio aterako. Ahaztu pastillak, utzi dantza exotikoak. Eta egin zaitez etxeko MINISTRO. Haurren zaintza (daudenean) eta etxean egin beharrekoen minimoak MAXIMOAK dira, egungo familien nuklearren egituran. Bietako batek adoleszente jarrera hartzen badu, eta ZAIN badago, “ia besteak zer AGINDUKO ote didan” (marmarti): “Moztu azkazalak txikiari/txakurrari”, “maindireak aldatu behar dira”, “zer iruditzen zaizu medikuekin txandak antolatzen badituzu?”... Desira badoa ihesi. Ni ez naiz zure ama/aita. Kiosko hau biona da. Biok heldu behar diogu, pentsatu, beharrak detektatu, planifikatu, kontsultatu bai, eta bete. Bakarrik utzi nauzu, uzten nauzu, egunero tantoka-tantoka. Orduan ez gara ekipo bat. Orduan ez nago ESZENARIO PAREKIDE batean. -Kotxea garbitzera noa. -Ez dago horren premiarik. Hori entretenimendu bat da ORAIN. Fakturak, garbigailua, fruta eta jogurtak erostea... hori da behar dena. COPY-PASTE egiten badakizu, ikasiko duzu ardurak elkarbanatu eta ekipoa egiten. Bikotekidea BESTE DIMENTSIO batean murgilduko duzu eta elkarrekin jarraitzeak mereziko du, urtez-urte, hamarkadaz-hamarkada. Bihur zaitez MINISTRO. Agian garaiz zabiltza oraindik. Batzuetan, BIKOTE HARREMANAREN ARTISAUAK behar dira horiek lantzeko, bereziki egoera BERANDUEGI eta URRUNEGI joan denean. Nork emango du lehen borondate onaren keinua? Hobe autoritatea eta errespetua irabaztea, boterea eta arrazoia baino. Hobe samurtasunez jokatzea, duintasunez puztea baino. Hobe ZUK ZEUK EGITEA LEHEN URRATSA zure bikotekidea aldatuko den itxaroten amorratuta geratzea baino. Kontraintuitiboa? Bai. Popularra? Ez. Zuzentasun politikoa askatasunaren etsaia da. Gehiago jartzen duzu arriskuan ez baduzu ezer arriskatzen. Zer pentsatuko dute besteek? Zer inporta du horrek???? Benetan, ez zaio inori inporta eta ez du inork ezer egingo zuregatik. Bestetik, batzuek KOKO zaporedun jogurtaren estrategia hartzen dute kontzientzia handirik gabe. Horiek agian beranduegi dabiltza eta ezingo dute ministeriorik lortu ezta artisauen laguntzarekin ere. Adi! Denok erosi dugu noizbait askotariko zaporedun jogurten kartoi handi horietakoa bat. Marrubizkoak. Limoizkoak. Platanozkoak. KOKOZKOAK. Egunak pasatu ahala, limoizkoak, ananazkoak... agortzen doaz, baina kokozkoa jatera ez gara ausartzen. Ez dakit ba. Zeozer badu ba. Jogurtek irailaren 7an dute epemuga. Irailaren 6an kokozkoa bakarrik geratzen zaigu eta fruta hartzen dugu postrerako jogurtaren ordez. Irailaren 7an hor jarraitzen du... Irailaren 8a da. Iraungi egin da! Zakarretara bota ahal izango dugu errukirik gabe. Bikotekide batzuek (ez biek, halabeharrez) harremana horrela tratatzen dute. Utzikeria. Arreta gutxi. Eskaerei ENTZUNGOR egin. Teknika hori ezagun-ezezagunegia da. Eta halako batean (ezustean edo!!?) harremana hotza, urrunekoa eta KONPONEZINA da. Harremanari ZUZENEAN BUKAERA emateko ausardiarik ez? Bestearengan uzten duzu harremana moztearen ardura? Harremanari sakontasunez eta konpromisoz eusteko adorerik ez? •