Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Denboraren ateak

Denboraren ate batzuk zeharkatuz, nire baitako zenbait leiho itsu zabaldu ditut azkenaldian. Amatxi Beniren eta amatxi Rexuren jaiotetxeak deskubritu ditut. Zuhaitz eta mendi arteko txokoak, zoragarriak; horiagoa bata, berdeagoa bertzea. Bietan egon zen gertaera lazgarri bat, familia puskatu zuena. Eritasuna batean, gerra bertzean. Heriotza goiztiarra bietan.

Beniren sortetxean bertze familia bat bizi da orain, baina ondoko zuhaitz bat besarkatuz beraien brisa eta estutua sentitu ditut, Miren Agur Meaberen “Itzulerak” nobelako protagonistaren antzera, arbolako atetik 1919. urte ingurura bidaiatuz. Rexuren sorlekuan bere iloba bat bizi da, eta bere oroimen eta kontatzeko gaitasun apartari esker 1937ra joan gara lehengusua eta biok. Adinekoak gara, kazetariak, eta gure sustraiekiko interesak elkartu gaitu berriro. Amatxiren ilobak ez zuen bizi izan 1937a, baina bere ama ere kontalaria izanen zen, eta berak kasu eginen zion. Etxeko seme zaharrena, gure amatxiren anaia, gerrara deitu zuten eta sudurretik odoletan ari zen amak sukaldeko leihotik zein norabide hartzen zuen begiratzeko eskatu zion aitari: mendira, Iparraldera joateko, edo beheiti, herri aldera, gerrara.

Amatxi duela hamar urte hil zen. Beti kontatzen zuen, hunkituta, bazuela gerran hildako anaia bat, fronte gogorra tokatu zitzaiola, Albarracin, Teruel, eta bertan desagertu zela. Ez dakit zergatik, orain hasi gara mugitzen eta, kasualitatea?, antropologoak Albarracineko hobi komun batean zundaketa bat egitekoak dira urrian. Amatxiren anaiaren hezurrak han badaude, sorlekura ekartzea da gure nahia. Rodrigo Terrassa eta Paco Rocaren “El abismo del olvido” komikian bezala, bere arima hobi horretara bota zituzten bertze pertsonen arimekin batera handik ateratzen irudikatzen dut, 80 urte baino gehiagoren ondotik, azkenean libre.

Etxea esparru sakratua dela dio Meabek, bizilekua ez ezik, baita tenplua eta gotorlekua ere. Bi amatxien etxeko atea jo dut, poliki, errespetu eta maitasun osoz, gugan dirautelako, orainak geroan iraunen duen gisa berean, denboraren kate honetan. •