Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Gazte gara gazte eta ez gaude konforme

Pasarte honek zeresana eman du nire inguruan: ospetsu bihurtu berri den gazte bati bere abizena ch-rekin edo tx-rekin idatzi behar ote den galdetu diote. Nortasun agirian ch-rekin duela jarrita, baina «nire aitak tx-rekin jartzeko mania du, gehiago gustatzen zaiolako». Mutilak beti ch-rekin idazten duela berretsi du, «arlo guztietan errazagoa delako». Bere izena ez da garrantzitsua, lerro hauen helburua ez baita inor epaitzea, eta finean gazteak ahoskatu duen hori ez delako kasu bakarra, hedatzen ari den jarrera baizik.

Errebeldia izan da, bada eta izango da gazte jarreraren adierazgarri. Probokazioa ere bai, jakina. Beste anekdota bat, hau ere inor seinalatzeko asmorik gabe, hausnarketa orokor gisa hartzeko: oraingo erreferentzia izan daitekeen musikari batek Real Madrileko elastikoa aukeratu zuen orrialde hauetan agertzeko, aurreko belaunaldian hori ikur gorrotagarriena zela (trikornioarekin batera) jakitun, suposatzen dut. “La Resistencia”n Euskal Herrikoa-edo jantziko ote zuen pentsatu nuen, baina ez: bozgorailu ozenagoan, mezurik ez.

Freud ikusten du lagun batek gauza horien atzean, heldutasunaren langa pasatzeko «aita hiltzeko» beharraren teoria eta abar. Ezker abertzaleko guraso askoren seme-alabak GKSn dabiltzala jartzen dit adibide modura. Mikel Laboak abestu zuen: «Ama, eten dezagun, lehen gorputzarena bezela, orain gogoaren zilbor-hestea».

Baliteke horrela izatea neurri batean, baina horren gainean aipatutako errebeldia eta gauzak aldatzeko grina daudela sinetsi nahiago dut nik, gazte izaeran datorrelako hori, berezko ezaugarritasuna du. «Gazte gara gazte eta ez gaude konforme», abesten zuten euskal gazte errebeldeek duela mende erdi. «Gazte ero hauek», esaten zieten orduan adin nagusikoek ETA sortu zutenei.

Bestalde, aurka egitea ez da txarra berez. Norabidean asmatzea da koska, zeren aurka egiten den argi izan, ortzi-muga ondo irudikatu, iraultza eta kontrairaultza ez daudelako elkarrengandik oso urrun. Eta egiteko moduan ere asmatu beharra dago, errebeldia espiritu gorena kasketa hutsean geldi daitekeelako bestela. «Si eres joven y rebelde, Coca-Cola te comprende», abesten zuen La Pollak.

Teknologiaren aldagaiak are nahasiago egin du dena: aurreko belaunaldiekin alderatuta, gazteak nabarmen ahaldundu ditu, baina askotan nahastu ere bai, aktibatu eta indargabetu, elkartu eta isolatu, aberastu eta pobretu. Testuinguru ezin kaotikoago honetan, neskak gehiago saretzen direla antzematen dut, eta kalea gehiago zapaltzen dutela, eta agian hortik gaur egungo iraultza handiena: feminista.

Paternalismo jarrerek, zinez itsusiak izateaz gain, ez dute ezertarako balio. Bere bidea bere bidetik egingo du belaunaldi honek, guztiek bezala, eta etorkizunak esango du nora eta nola heldu den, herri honi zein ekarpen egin dion. Baina momentuz, botere sistemak argiago duela iruditzen zait: Ernaiko 133 kideri ia 300.000 euroko isunak ezarri izanak dena adierazten du, beharbada. •