14 SET. 2024 { ANALISIA } Utopiak, mundua baikortasunetik alderantzikatzeko Iruditegi distopiko eta apokaliptikoak zabalduta dauden honetan, pentsatu ote daitezke utopiak? Pentsatzekotan, nola eta nolakoak? Alba Garmendia filosofoak galdera horiek erantzuteko gako interesgarriak eskaini ditu. Alba Garmendia, Errenterian egindako uda ikastaroan hitzaldia eskaintzen. (Andoni CANELLADA | FOKU) Mikel Urdangarin Telebistako albistegia itzali duzu, gerra hotsek gogaituta. Ikus-entzunezko plataforma digitalean sartu eta film zein serieen sailera jo duzu, burua egurasteko asmotan. Zer ageri da? Munduaren amaiera apokaliptikoak, gudak, harresiak, kaosa… Lerro artean, mezu bat: zapaldu edo zapaldua izan, ez dago beste alternatibarik. Hori ote da gure patua? Ez ote dago beste mundu bat irudikatzerik? Badirudi ez garela gai. Layla Martinezek “Utopía no es una isla” liburuan dioenez, «patriarkatuaren eta kapitalismoaren amaiera ez dugu irudikatzen, eta munduarena bai». Bata edo bestea irudikatu, gehienez amaierak bururatzen zaizkigu, ez hasiera eta mundu berriak. Izan ere, Marina Garcesek dioen bezala, garai postumoak bizi ditugu. Jada galdera ez da nora eta nola joko dugun, baizik eta noiz arte: noiz arte iraungo du enpleguak, harremanak, pentsioak… zibilizazioak berak? Etorkizuna, esperantzaren sinonimo beharrean, mehatxu bilakatu da. Testuinguru horretan posible ote da utopiaz mintzatzea? Posible ote da bestelako hiri, herri eta munduak irudikatzea? Baiezkoa iritzita, iragan ostiralean uda ikastaroa antolatu zuen Errenteriako Udalak, EHUren laguntzarekin. “Etorkizuneko hiri eta herri desiragarriak: mapa bat utopiarako” goiburupean, zenbait ikerlari eta herritar bildu zituen egun osoan zehar. Tartean zen Alba Garmendia filosofoa (Ikaztegieta, 1992). Garmendiak utopiaren inguruko doktoretza-tesia egin zuen eta horren bueltako hainbat artikulu argitaratu ditu. Hitzaldiaren azpitituluak zioen bezala, kasu honetan, utopiak pentsatzeko kokapen bat eta gako batzuk eskaini zituen. Guk horietako batzuk aletuko ditugu jarraian. Utopia eraldatzaileen beharra Garmendiarentzat, premiazkoa da utopia eraldatzaileak pentsatzea: «Behar ditugu utopiak, asko (ez bat bakarra). Bizi dugun gizartea, dena delakoa izanik ere, beste bat izan zitekeela sinesteko. Auziak eurak, arazotik eta ezkortasunetik beharrean, baikortasun konplexu batetik planteatzeko». Bere iritziz, utopiek ispilu lana egiten dute. Gu bizi garen gizartearen ispilu bat eskaintzen digute, «alderantzikatua-edo». Ispilatze horren bidez, «ez-hemengo ez-hango biztanle gisa», gelditu, distantzia hartu eta mundu utopiko eta erreala kritikoki pentsatzeko aukera dugu. Gerora, pentsamendu horrek ekitera eraman gaitzake, alderantzikatutakoa eraldatuz. Edozein kasutan, askotan aurresuposatzen denaren kontra, utopiak ez du zertan iraultzailea izan: «Badaude utopia kapitalistak, eskuinekoak, patriarkalak eta abar eta abar». Horren lekuko dira esku ikusezinaren iruditeria liberala, gizartea aldatzen ez dela dioen ideia kontserbadorea edo galdutako iragan loriatsuak berreskuratu nahi dituzten retrotopia patriarkalak. Are, egungo status quoa birsortu eta legitimatzeko ere balio dezakete. Gaur egun, esaterako, hori gertatzen ari dela uste du. Izan ere, irudikatutako aldaketa oro okerrerako denez, izan litekeen mundurik desiragarriena egungoa dela planteatzen da: «Etorkizun distopikoaren beldurrez, gauden bertan goxo». Hortaz, utopiak pentsatu behar dira, baina ikuspegi eraldatzaile batetik. Nola egin? Utopia, ez-leku-ona Hasteko, utopia zer den argitzea komeni da. Definizio bat eman beharko bagenu, intuizioz “ideala” eta “ametsa” aipatuko genuke gehienok. Beste askok “-keri” atzizkia gehituko liokete, gutxiesteko: utopia ameskeria da. Hau da, inoiz gauzatu ezingo den ideal inozoa. Elhuyarrek berak ere hirurak erkatzen ditu: utopia, ametsa, ameskeria. Garmendia ez dator bat: «Utopia eta errazkeria ez dira sinonimoak, antonimoak ez badira». Berak azaldu duenez, utopia kontzeptua Tomas Morok sortu zuen. Batetik, “topos” hitza hautatu zuen, lekua adierazteko. Bestetik, “u-” aurrizkia asmatu eta aurrean kokatu zion. Zer esan nahi du “u-”k, ordea? Grekoko “eu-” eta “ou-” aurrizkiek “u-” horren ahoskera berdina dutenez, esanahi bikoitza du: “eu” (on) eta “ou” (ez). Hortaz, utopia, hitzez hitz, ez-lekua (ou-topia) edo leku-ona (eu-topia) da. Biak bateratuta, ez-leku-ona. Beraz, utopiaren etimologiak eskaintzen dizkigu kontzeptua definitzeko argibide batzuk. Utopia, lehenik eta behin, leku bat da, eta leku horretako komunitate bati egiten dio erreferentzia, ez indibiduo baten apeta eta gorabeherei. Bigarrenik, leku hori ona da, edo, gutxienez, egungoa baino hobea. Hirugarrenik, leku on hori ez da existitzen. Zentzu horretan, ez-leku bat ez ezik, ez-denbora bat ere bada. Utopia ez da abstraktua Garmendiaren iritziz, ez-leku eta ez-denbora izateak ez du esan nahi leku eta denbora zehatzetatik landa dagoenik: «Utopia ez da kontzeptu abstraktua, utopiak, pluralean, irudikatu egiten dira, eta bakoitzak ezaugarri konkretu batzuk ditu». Berak aldarrikatzen duenez, irudikapen konkretu horiek pertsona zehatz batzuek egiten dituzte, testuinguru jakin bati erantzunez. Zentzu horretan, utopia, etorkizun abstraktuen deskribapen soila baino gehiago, «orainaren fikzioa» eta ispilatzea da, unean uneko “orain” ezberdinetako behar, kezka eta borrokek blaituta. Fikzio horiek, gainera, ez dira hutsetik egiten. Etorkizunetik eta orainalditik bezainbeste iraganetik dute eta funtsezkoa da horren ezagutza eta aitortza ere. Hori kontuan izanik, testuinguru ezberdinei erantzunez nola pentsatu dira utopiak? Nola pentsatu gure orainaren argitan? Utopia modernoak Lehen utopiak Modernitatearen hastapenetan pentsatu ziren. Jakina denez, Modernitatea dikotomia absolutuen garaia izan zen: naturala / artifiziala, hiria / landa, arrazoiak / pasioak, osotasuna / zatia... etena erabatekoa izaki, ez zegoen bata edo bestearen arteko jarraitutasunik. Gainera, dikotomiak hierarkikoki planteatzen ziren: bataren edo bestearen alde lerratu, bat nagusitzeko bestea gutxietsi eta azpiratu behar zen. Garaiari erantzunez, Moro, Francis Bacon, Tommaso Campanella eta beste hainbatek marraztutako utopia moderno edo klasikoak ere oso dikotomikoak izan ziren: batean Gaizki absolutua zegoen, bestean Ongi absolutua. Batetik bestera, hutsetik hasi eta guztiontzako eta betiko desiragarriak izango ziren paradisuak eraikitzea zen asmoa. Gizarte horiek, lehenik eta behin, perfektuak ziren: harmoniatsuak, xeheki ordenatuak, mugagabeak, eztiak, gizaki berrituarekin... ez zegoen akatserako tarterik. Bigarrenik, unibertsalak eta behin betikoak ziren, garai eta leku guztietarako eredu baliagarriak baitziren. Hirugarrenik, baketsuak eta estatikoak ziren. Norbanako eta kolektibo ororen arteko interesek bat eginda, xextra eta gatazkarik gabe, pax perpetua zen nagusi. Garmendiaren ustez, utopia modernoek pare bat muga nabarmen zituzten. Batetik, unibertsal itxura izanagatik, oso partikularrak ziren, gizarte eredu horiek testuinguru, klase, genero edota arraza zehatz bati erantzuten baitzioten. Adibidez, Mororen utopia garaiko Ingalaterraren isla zen. Bestetik, aldaketa oro ezintzen zuten. Izan ere, behin betiko ezarrita, gerora egingo den esku hartze oro kalterako baino ez da izango. Utopia kritikoak Utopia modernoak egikaritzeko saiakerek ere ageriko hutsuneak izan zituzten: gizarte guztiz perfektuek ez ziruditen gizakiaren neurrikoak. Zergatik? Joxe Azurmendik garaian azaldu zuenez, «egiazki humanoa inperfekzioak baitirudi, eta inperfekzioarekin konformatu ezinak. Biak batera». Beraz, nola elikatu gizarte perfektuago baten utopia gizakiaren inperfekzioak aintzat hartuz? Utopia klasikoen mugez kontzientzia hartu ostean, 70eko hamarkadan galdera hori erantzuten saiatu ziren hainbat autore eta mugimendu. Garaiko izpirituarekin bat, horretarako dikotomia kontrajarriak bestela josten eta aldakortasunari eta diferentziei lekua egiten saiatu ziren. Hala, utopia modernotik kritikoetara, sena utopikoa alboratu ordez berritu eta aberastu egin zuten. Garmendiak azaldu duenez, utopia kritikoak oso bestelako eskemen baitan pentsatu izan dira. Batetik, inperfektuak dira. Gaur egungo mundua baino desiragarriagoak badira ere (horregatik dira utopikoak), ez dira perfektu absolutuak. Gizaki inperfektuaren neurrira egindakak diren heinean, perfekzioa partziala da. Gainera, huts egin dezaketenez, gatazkatsuak dira. Betiko bakeak beharrean, gatazka jarraituak ezaugarritzen ditu, hori baita perfekzionatzeko motorra. Bestetik, behin behinekoak eta irekiak dira. Nonbait aurkitu edo errebelatu ordez, bidean bertan egin behar dira. Hala izanik, garaian garai eta lekuan leku kritikoki berrikusi eta berrasmatu behar dira, aldez aurretiko bide-orri, profeta eta helmugarik gabe. “-gintza” horretan, ziurtasun bakarra dago: egiten den neurrian soilik izango da. Horra hor, bada, erronka: etengabeko egintzan leku perfektuagoak asmatzea, betiere jakinik beti hutseginkorrak eta perfekzionatu beharrekoak izango direla. Utopia eta politika Zer da, baina, utopia egitea? Irudikatzea, hori egikaritzen saiatzea...? Garmendiak dioenez, Morok egindako hitz joko horren ondorioz utopia kontzeptu «ekibokoa» da, «ebatzi ezin den anbiguetate bat» dakarrelako bere baitan: “topos”ek leku jakin batera lotzen gaitu; “u-” aurreizkiak, aldiz, hori ezeztatzen du. Beste mundu bat da, baina egungo mundutik abiatuta irudikatzen da eta egungo munduan eragiten du. Tentsio horretan, Garmendia beldur da egun utopien irismena ez ote den gehitxo mugatzen ari. Zerumugak “topos”aren egungo mugetara makurtzen direla, alegia: «Arriskua ikusten diot utopia politikak fagozitatua izateari; interes, iruditeria, umore, desira… jakin bat sortu nahian, bitarteko gisara erabiltzen dugu utopia batzuetan eta uste dut okerra dela». Berez ustez, politika egungo errealitatera eta horko probabilitate eta posibilitateetara lotuago dago eta ez-lekuak pentsatzeko marjina murritza uzten du maiz: «Utopiak behar luke hain justu imajinazio hori zabaltzeko. Utopia politika eraldatzailea baino haratago doa, baina, eguneroko politikara ekarri nahi horretan, ez diogu uzten». Garmendiarentzat, biak sustatu behar dira, baina bereizita. Adibidez, «Errenteria utopiko bat irudikatzea zoragarri, jakinda bere horretan ez dela posible izango eta inspirazio edo pentsamendu eragile gisara funtzionatu dezakeela. Eta 2040ko Errenteria errealistago bat ere irudikatu nahi badugu, gero egikaritu nahiko dugun hori, ba ederki ere, baina txapel utopikoa kendu eta politikoa-edo jarrita». Izan ere, gogorarazi duenez, «utopia ez da ‘erreala’; ez gaur, ez bihar». Inspiratzailea izan daiteke, baina ez egina, ezta egingarria ere. Hala izanik, egungo mugez haratago pentsatzen utzi behar zaiola aldarrikatzen du: «Izan litezkeen mundu hobeak irudikatzeko irudimen libre hori behar du». Baikortasun konplexutik, hala posible izango da egungo mundua alderantzikatu eta berriak asmatzea. ERRENTERIA 2040: UTOPIARANTZ IBILTZEKO BIDEAK Utopia definizioz gauzatu ezina izateak ez du esan nahi egungoa ontzat jo behar dugunik. Fernando Birriren esaera ezagunak dioen bezala, «utopia zeruertzean dago. Bi urrats hurbiltzen naizenean bera bi urrats urruntzen da eta zeruertza hamar urrats harago doa. Orduan, zertarako balio du utopiak? Horrexetarako: ibiltzeko». Errenteria leku-on edo gutxienez hobea izan dadin, badabiltza errenteriarrak. Aizpea Otaegi alkateak ikastaroaren sarreran esan zuenez, «esperantza ez baita esperoan egotea». «Esperantza aktiboan» engaiatu eta «elkarrekin etorkizun itxaropentsu bat eraikitzeko» ahaleginean ari direla nabarmendu zuen. Horretarako, 2040ko plan estrategikoa osatzen ari dira. Bide hori herriko eragile sozial eta ekonomikoen, herritarren eta Udalaren arteko elkarlanean egin nahi dute. Hala, ikastaroan sektore ezberdinetako errenteriarrak bildu zituzten mahaiaren inguruan: Arantxa Iraola, “Berria” egunkariko kazetaria; Enara Maiz, Alabergako auzo elkarteko kidea; Youssef Cherifi, gizarte hezitzailea; Jon Maya, dantzaria; Maitane Basasoro, UPV/EHUko ikertzailea eta Beñat Irasuegi, Talaios kooperatibako langile bazkidea. Honako ariketa hau proposatu zieten: 2040rako Errenteria bizigarriago bat eraikitzeko bideak marraztea. Arratsaldeko mahai-inguruan 2040ko Errenteria irudikatzen saiatu ziren. (Aritz LOIOLA / FOKU) Mahai-ingurua 2040rako amesten duten Errenteria irudikatuz hasi zuten. Iraolak euskaratik eta euskaraz ari den mundu ahaltsuago batekin ezaugarritu zuen, hizkuntza kohesiorako tresna dela uste baitu. Maizek elkarte eta herritarren arteko sare iraunkorren bidez txirikordatutako herria amesten du. Cherifik pertsona erdigunean jartzen duen Errenteria nahi luke. Mayak, sokadantzaren antzera antolatuta, «gutasunaren eta aniztasunaren» arteko dantzan. Basasorok hezkuntza proiektu inklusiboak ardaztuta imajinatzen du herria, hezkuntza belaunaldi artera eta herri osora zabalduta. Irasuegik, azkenik, udara etengabe baten modura irudikatu zuen: «Ingurukoekin egoteko nahi beste denborarekin, aisialdi ez-merkantilizatuarekin (tartean auzoetako festekin) eta soldatapeko lan gutxiagorekin». Utopiak bezalaxe, bide hori ez dute hutsetik abiatzen. Hizlariek azpimarratu zutenez, iragan hurbilean utopikoak ziruditen hainbat kontu errealitate dira jada. Adibide gisa herri arkitekturan gauzatutako eraldaketa, gastu sozialean egindako apustua (Errenteriako Udalak Estatu espainiarrean batez beste gastu sozial gehien egiten du) edota herritarren parte hartzean egindako urratsak aipatu zituzten. Utopiak beti egiteke daude, ordea. Nola urratu bidea ahalik eta gehien hurreratzeko? Horretarako hainbat gako eskaini zituzten. Hasteko, zaintza krisiari heldu beharra azpimarratu zuten. Iraolak salatu zuenez, gaur egun «iruzur» batean oinarritzen dira zaintza lanak: «Migratzaileen eta familien gain geratzen dira, oso baldintza kaxkarretan». Horren aurrean, zaintza lanei prestigioa eman beharra aldarrikatu zuen. Horri lotuta, Cherifik honako galdera hau pausatu zuen: «Gizartearen zahartzerako ekipamenduak prest al daude?». Sakondu zuenez, gizarte zerbitzuen inguruko informazioa gizarte osora hedatu behar da. Segitzeko, parte hartzea bultzatu behar dela esan zuten; auzo-planetan sakondu, tokiko garapenerako estrategiak pentsatu… Horri lotuta, kultura kontsumo-gai bezala baino gehiago eskubide gisa ulertzeko beharra aldarrikatu zuen Mayak. Bere ustez, herritar orok, kulturarako sarbidea ez ezik, kulturalki antolatzeko eta sortzeko eskubidea izan behar du. Publikotik Udaleko teknikari batek gehitu zuen bezala, baina, «parte hartzeko parte izan behar da». Bere ustez, egun komunitate bat baino gehiago daude eta askotan ez dute elkar ezagutu ere egiten. Horri lotuta, erronka hau planteatu zuen Basasorok: «Nola egin egungo espazioak komunitarioak eta partekatuak izan daitezen?». Liburutegiak, parkeak… Irasuegiren ustez, kiroldegia eta kanpoko igerilekuak elkargune interesgarriak izan daitezke, baina hala izateko harrera librekoak izan behar dira. Ondorioz, 2040ko Errenteriarako bidea zertxobait argitu zuten. Parte izanez eta hartuz, orain ibiltzen segitzea da erronka.