San Pedroren urrezko garaia gidatu zuen patroia

Nor zen Aita Manuel?

Gorka Aranberri patroiak irabazitako bederatzigarren Kontxarekin haren marka berdindu duela-eta, asko aipatu da egunotan Aita Manuel. Baina nor zen Manuel Arrillaga? Nola lortu zituen garaipen haiek denak? Soslaia osatzen saiatuko gara, Itsas Museoak berreskuratu dituen «Ciaboga» aldizkarien laguntzarekin.

Aita Manuel, Pasaiako portuko uretan txalupa batean, 1944ko irailaren 26an.
Aita Manuel, Pasaiako portuko uretan txalupa batean, 1944ko irailaren 26an. (Vicente MARTIN | PHOTO CARTE)

Aurtengo Kontxako estropadek utzi duten izenburu nagusietako bat da: Gorka Aranberrik Aita Manuel historikoaren marka berdindu du Kontxa gehien irabazi dituen patroi bezala, bederatzi. Eta egunotan Aita Manuel horrenbeste aldiz aipatu denez, agian merezi du tartetxo bat hartzea nor izan zen eta zer egin zuen hobeto ezagutzeko.

Manuel Arrillaga Arkaz 1879an jaio zen Pasai San Pedron, eta garaian ohitura zen moduan, arrauna txiki-txikitatik bizi izan zuen inguruan. Badakigu, adibidez, bere aita ere, Leandro, arraunlaria izan zela, San Pedrok 1878an Baionan irabazitako estropadan parte hartu zuten kirolarien zerrendan bere izena agertzen delako.

Manuel gazterik hasi zen arraunean, 17 urterekin, eta handik gutxira, 20 zituenean, aurreneko Kontxa irabazi zuen herriko traineruarekin. Hori bai, Kontxa hura, 1899koa, arraunlari lanetan irabazi zuen, eta hortxe dago Gorka Aranberrirekin konparazioa egin nahi dutenentzat lehen datu aipagarria: Aita Manuelek 10 Kontxa irabazi zituen, 9 patroi bezala eta beste bat arraunlari moduan.

Bigarren Kontxa irabazterako, patroi bezala aurrenekoa, urte asko igaro ziren. Manuelek San Pedroko gidaritza 1909an hartu zuen, baina garai hartan Donostiako estropaden ezaugarriak oso desberdinak ziren gaur egungoekin alderatuta. Urte askotan bandera ez zen jokatu ere egin -XX. mendeko lehen 14 urteetan sei aldiz bakarrik ipini zen jokoan- eta herriek ez zuten beti uretaratzen ontzia. Patroi bezala astindu zuen lehen Kontxako Bandera 1917koa izan zen. Aurreko urteetan garaipenak ihes egin ondoren, badakigu 1917an "Sanpedrotarra" azkarrena izan zela bi jardunaldietan, eta garaiko 3.500 pezeta jaso zituztela diru-sarietan.

1918an San Pedrok ez zuen parte hartu, eta hurrengo bi urteetan Orio eta Donostia nagusitu ziren. Pentsa daiteke pasaitarren ohorea nolabait minduta gelditu zela urte haietan, izan ere, 1921ean San Pedrok eta San Juanek ontzi bateratua aurkeztu zuten Kontxako badian, "La Union" izenpean. Aita Manueli egokitu zitzaion ontzi hura gidatzea, sei arraunlari sanjuandar eta zazpi sanpedrotar bere aginduetara zituela. Misterio berezia duen bandera da, gainera, desagertu egin zelako eta inork ez dakielako non egon daitekeen.

Aita Manuel, etxe giroan eserita haria eskuetan duela. (Vicente MARTIN / PHOTO CARTE / KUTXATEKA)

1922. urtean ere traineru bateratuarekin joan ziren pasaitarrak Donostiara, baina hala ere, emaitza ez zen horren arrakastatsua izan. Lehen jardunaldian Getaria izan zen azkarrena eta "berdinketa" egon omen zen La Union eta Donostiaren artean. Garaiko kronikek diotenez, berdinketa hori hausteko jokatu zen estropadan Pasaiako arraunlari batek eskuetan arazoak izan zituen eta beste batek ordezkatu zuen, baina ordezko hura izena ongi eman gabe zegoen. Estropada jokatu egin zen, baina uretan La Union azkarragoa izan zen arren, inpugnazio baten ostean pasaitarrak kanporatuak izan ziren. Antza denez, gertatutakoak liskarrak sortu zituen San Pedro eta San Juanen artean, eta hortxe amaitu zen ontzi bateratuaren historia arrakastatsu bezain laburra.

Eta urte zail batzuen ondoren, San Pedrok bolada historiko bati ekin zion 1927an, Aita Manuelen izena betiko hizki larriz idatzita utziko zuena Kontxaren liburu mardulean. Sanpedrotarrek sei urtez jarraian irabazi zuten Donostiako Bandera, 1932ra arte luzatu zen nagusitasun horretan, ia ehun urte geroago oraindik beste inork berdindu ezin izan duen marka ezarrita -Donostiak zazpi bandera jarraian irabazi zituen XIX. mendean, baina estropada ez zen urtero jokatzen-. Horra erronkazaleentzat beste pizgarri bat.

Bolada horren beste ezaugarrietako bat ontzian pilatzen ziren arrillagatarren kopurua da. Manuel, Antonio eta Dionisio semeak, Paulino, Miguel eta Saturnino ilobak... 1929. eta 1930. urteetan, esaterako, familia bereko zazpi kide izan ziren traineru irabazlean. Eta ez da ahaztu behar Saturnino, Enrique eta Jose anaiak ere tostakide izan zituela Aita Manuelek.

San Pedroko ontzia, Aita Manuelen aginduetara, 1927ko Kontxan. (Ricardo MARTIN / PHOTO CARTE / KUTXATEKA)

Ezizena bera ere familiaren presentzia horretatik dator, dirudienez, nahiz eta adina ere izan litekeen arrazoietako bat. Bi urtez bandera astindu ezinik geratu ostean, Aita Manuelek 1935ean irabazi zuen azken Kontxa, ordurako 56 urterekin. Gaur egun ere harrigarria izango balitz, pentsa zer suposatuko zuen adin horrek garai hartako bizi baldintzetan.

Ba, bere ibilbidea ez zen hor amaitu. Kontxa gehiagorik irabazi ez zuen arren, Manuel Arrillagak 1945era arte jarraitu zuen San Pedroko patroitzan, harik eta 65 urterekin kirol ibilbidea amaitutzat eman zuen arte. San Pedron bertan hil zen 1961eko martxoaren 1ean.

Soslaia osatzen

Orain artekoa liburu eta interneteko artikuluetan aurki daitekeen datu bilketa hotza da. Garrantzitsua kirol ikuspegitik, baina hankamotza, Aita Manuel izan zena behar bezala ulertu ahal izateko. Horregatik, pertsonaiaren soslaia osatzeko, informazio oso baliagarria aurki daiteke Donostiako Itsas Museoak berreskuratu dituen "Ciaboga" aldizkari zaharretan -erakusketa bat antolatu dute, urtarrilaren 5era arte irekita egongo dena-.

Justu aurten 100 urte bete dituen 1924ko lehen zenbakian, esaterako, Aita Manueli egindako elkarrizketa irakur daiteke. Garaiko argazkietan somatu daitekeenarekin bat eginez, halaxe dio idatzia sinatzen duen "joshemaritarra"-k: «Bere aurpegiak nolabaiteko errespetua ezartzen digu. Serioa, oso serioa eta harroa da bere irudia. Esan liteke bere aurpegieraz baliatzen dela taldea menderatzeko».

Kirol arloari dagokionez, 1924. urte hartan, bolada onena iritsi aurretik, arraunarekin nahiko nekatuta dagoela aipatzen du. «Estropadez oso nekatuta nago. Afizio handia sentitzen dut, baina patroiaren gainean erortzen den pisua handia da. Nire herri maiteak maite nau eta ohorezko lekua eskaintzen dit beti, baina horrenbeste urte daramatzat...», dio Aita Manuelek erantzun batean.

Gorka Aranberri, igandean bereganatu zuen bederatzigarren banderarekin. (Jon URBE / FOKU)

«Hamazazpi urte nituenetik lan hauetan sartuta nago. Izan arraunlari, izan patroi, ez dut inoiz hutsik egin Pasai San Pedroko ontziaren tostetan. Hemengo ordezkaritzaren bat aurkezten zenean traineru estropadetara, Arrillagak ez zuen inoiz huts egiten. Horrenbestekoa zen gogoa... baina akituta nago. Oso litekeena da nire erretiroa aurtengo estropadetan iristea», dio beste batean, gero etorriko zena jakinda grazia ere egiten duen adierazpenean.

Manuel Arrillagak onartzen duenez, ordura arte lortutako garaipenen artean, 1917koak «emozionatu» zuen gehien, San Juanen aurka erakutsitako nagusitasuna nabarmenduz. «Bai, asko lausengatu ninduten, gehiegi. Bizkar gainean eraman ninduten udaletxera, baina heroiak nire mutilak izan ziren», dio, 100 urte geroago Gorka Aranberrik berak ere sarri aipatzen duen ideia luzatuz.

Eta bere eguneroko bizitzaz ere pistaren bat uzten du: «Otarrainaren arrantzan aritzen naiz, nire arrantza gustukoenean. Orain arte dena ongi doa, etxekoen ondoan bizi naizelako beti». Solasaldia amaitutzat emateko ere arrantza aipatzen du sanpedrotarrak: «Entseguak amaitu berri ditugu, eta beraz laster erretiratu beharra daukat, nire ofizioak oso goiz esnatzea eskatzen duelako».

Kontxaren historian Aita Manuelek duen leku bereziaren erakusgarri da aipatutako "Ciaboga" aldizkariaren bi zenbakiren azalak bere erretratuak bete zituela, 1956an eta 1961ean. 1956koan halaxe diote hari buruz: «Aita Manuel, arraunlari leinu baten sortzailea, gaztetatik izan zen gizon irmoa, hitz gutxi eta ekintza handikoa, burutsua, irudikorra, saiatua, filosofoa bere erara».

Eta zergatik ez amaitu Antonio Zavalak bere bertso bilduman San Pedrok 1917an lortutako garaipenari buruz diharduen sortako bertso batekin:

S. Pedron daude arraunlariyak

indartsu eta biziyak,

orretarako jaiotakuak,

lanian ondo eziyak;

patroi Manuel Arrillagakin

dira ondo ikasiyak,

arriturikan gelditu ziran

begira zeuden guziyak

Aita Manuel, bere arraunlariekin eta Juan de Borbon infantearekin, 1930eko Kontxa irabazi ostean. (Ricardo MARTIN / PHOTO CARTE / KUTXA FOTOTEKA)