GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
LIESBETH BAELUS ETA YORRICK TROMAN
BIOLINISTAK

Puntako bi biolinista Berroetan: «Mendekoegiak gara ezagutzen dugunarekiko»

Anberesen (Belgika) eta Parisen (Estatu frantsesa) sortutako puntako bi biolinistak Berroetan bizi dira Solveig bost urteko alabarekin. Munduari bira eman berri diote Orbit Musicians proiektuarekin, musikaren bidez jendearekin konektatuz.

(Argazkiak: Iñigo URIZ | FOKU)

Ederra izan zen irailaren 12an Yorrick Troman (Nafarroako Orkestra Sinfonikoko lehen kontzertina) eta Liesbeth Baelus (Europako ganbera musikan erreferentea eta Bruselako Taurus laukoteko kidea) biolinistei eta Solveig bost urteko alabari Berroetako herrikideek egindako ongietorria, urtebete lehenago furgonetan munduari buelta emateko asmoz abiatu zireneko agur besta bezainbertze. «Horregatik bizi gara herri ttiki batean», diote, «oraindik giza eskalan eman daitezkeelako harremanak».

Bizileku duten Baztango herrian eman zuten Orbit Musicians proiektuko azken kontzertua. 30 herrialdetik goiti ezagutu eta ehun emanaldi baino gehiago eman dituzte urte honetan, guztiak musu-truk. Vivaldi, Bach edota Mozart sekula aditu ez zituzten 9.000 haurrengana iritsi dira.

Nolakoa izan da itzulera?

Yorrick Troman: Ez dugu egoteko astirik izan. 12an bertan iritsi ginen eta biharamunean jada Parisera joan ginen, kontzertua genuelako. Astelehenean Nafarroako Orkestra Sinfonikoan hasi nintzen.

Liesbeht Baelus: Bi egun egon gara etxean. Dena dugu kutxetan [irriz]. Nik asko bidaiatzen dut Bruselara, han baitu basea jotzen dudan laukoteak. Alaba, aldiz, eskolan dago berriz.

Y. T: Berak itzuli nahi zuen. Gustuko du eskola. Nik uste errutina ongi datorkiola urte honen ondotik.

L. B: Mundu bira osoan hagitz kontent ibili da.

Nola sortu zen bidaia honen ideia?

Y. T: 12 urte nituenetik egin nahi nuen, bidaiarien literatura irakurtzearen ondorioz. Biziak aitzinera egin ahala alde batera utzi nuen karrerak eta lanak toki handia hartu zutelako. Gero, familia osatu genuen, eta ideiari buelta bat emanez, familiaren egitasmo bihurtu genuen.

L. B: Elkartu ginen lehenengo aldian jada kontatu zenidan egun batean hil aurretik munduari buelta eman nahi zeniola [erran dio bikotekideari]. Eta nik buruan eduki dut hori. Baina bidaia egiteko nire arrazoiak bilatu behar nituen.

Y. T: Hala jaio zen Orbit Musicians proiektu musiko-soziala, hiruron proiektu gisa. Alabak ere anitz jo du biolina.

L. B: Guk gure arrazoiak genituen, baina alabarentzat bidaiak suposatu duena arras desberdina izan da. Bere mundu bira eta nirea ezberdinak izan dira, nahiz eta elkarrekin egin.

Y. T: Bakoitza gauza ezberdinekin emozionatzen gara. Gure alaba gehien hunkitu zuena Japonia izan zen, denak iduri duelako jostailua han.

L. B: Furgonetako atea ireki eta lagun bila abiatzen zen beti. Indiako pasarte batez oroitzen naiz: kalean bizi zen gizon bat ikusi zuen txakurrarekin eta berarekin solasean hasi zen, ingelesez. Guri ez litzaiguke aterako, baina Solveig ikusita erran genuen: zergatik ez?

Nola prestatu zenuten bidaia?

Y. T: Erdia prestatu genuen, bertze erdia inprobisatu.

L. B: Nola bidaiatu nahi genuen erabaki genuen: furgoneta batekin, lo egiteko eta kozinatzeko autonomia izateko.

Y. T: Ibilgailua ahalik eta xumeena izan zedin ere saiatu gara. Europarraren eta zuriaren etiketa jada bageneukan, eta txoke gehiago ekiditen ahalegindu gara.

L. B: Ahalik eta hesi gutxien izatea zen asmoa, eta horretan lagundu digu musikak.

Nola antolatzen zenituzten kontzertuak?

Y. T: Mila modu ezberdinetara.

L. B: Joan aurretik enbaxadetara deitu genuen proiektua esplikatzeko eta GKE edo eskolekin harremanetan jartzeko. Musika klasikoa entzuteko aukerarik ez zuen jende xumearengana iritsi nahi genuen.

Haurrengana bereziki?

L. B: Abiatzerakoan ez genuen hori pentsatua, baina hagitz agudo ohartu ginen indar handiagoa zuela eurentzat jotzeak, etorkizuna baitira.

Y. T: Leku anitzetan neskatoek ez dute hezkuntzarako sarbiderik; horregatik uste dut ongi egin dugula modu librean joan eta haiei kontzertuak eskainita.

Nola erreakzionatzen zuten?

L. B: Kontzientziaren eta kulturaren arabera. Batzuk lotsatiagoak ziren, bertzeek segituan besarkatzen gintuzten.

Y. T: Orokorrean, zenbat eta gehiago jabetu zein esklusiboa zen, gehiago emozionatzen ziren. Thailandian sei egunez klaseak eman genizkion irakaslerik ez zuen orkestra gazte bati. Boli Kostan berdin, ikasi nahi zuten, baina ez zuten zeinek irakatsi. Musikaren bidez pertsonekin konektatu eta biziaz gogoetatzen genuen. Trukean, ezagutza handia jaso dugu, nola sentitzen eta bizitzen duten bizitza hainbat kulturatan. Adibidez, toki ugaritan ama etxetik 5.000 kilometrotara doa lanera, umea amatxi edo izebarekin gelditzen da eta urtean behin ikusten du ama. Ezin dugu erran ama horrek ez duenik haurra maite.

L. B: Hainbat herrialdetan daude umezain filipinarrak. Baldintza ezin okerragoetan ari dira. Hong Kongen, adibidez, halako anitz zeuden. Haien lan baldintzak pixka bat hobetzen lagundu nahian, kontzertu bat eman genuen. Kanbodian, haur bat ezintasunen batekin jaiotzen bada, jendeak pentsatzen du zerbait txarra egin dutela aurreko bizitzetan. Hortaz, ez dute haiekin egon nahi eta familiak etxean gordetzen ditu, oheei lotuta. Ikaragarria da. Baina babesteko egiten dute. Maite dute haur hori eta ez dute bertzeek min egiterik nahi. Haiekin lan egiten duen erakunde batentzako kontzertu bat eman genuen, eta gozogintza ikastaro bat ere bai.

Zein mezu eman duzue?

Y. T: Beti kontatu dugu gure historia, eta azaldu dugu halako mundu bira bat egin daitekeela, ezinezkoa dirudiena agian ez dela ezinezkoa.

L. B: Adibide bizi bat eman dugu eskoletan. “Hemen gaude, posible da”.

Zein zailtasun izan dituzue?

L. B: Zailena ateratzea da.

Y. T: Uretara saltatzea bezala da. Gogoan dut urtebeteko eszedentzia sinatu nuen eguna. Keinua egin ondotik barrenak mugitu zitzaizkidan, eta dena ezberdin kokatu zen berriz, horretarako: errealitate berriari aurre egiteko. Ez dakit zure kasuan nola izan zen, Liesbeth.

L. B: Nire laukoteari kontatu nion. Itzulerari nion beldur handiena. Musikaren munduan aktibo egon behar duzu eszenan, eta urtebeterako bazoaz zure lekua kolokan jartzen da.

Zein bide berri ireki dizkizue esperientzia honek?

Y. T: Proiektu bat sortuko dugu bidaiarekin zuzenki lotua. Zeinek behar du musika, eta nola? Urtebetez horri buruz gogoetatuta, talde bat sortzea erabaki dugu. Gu biok, eta hagitz lagunak ditugun bertze bi kide. Uste dugu publikoak musikaz harago doan konexio bat sumatu behar duela, zerbait arras sanoa eta ederra. Primeran jotzen duten bi lagun dira. Batek musika barrokoa egiten du, biola ”gambarra” jotzen du, eta bertzea gitarrista flamenkoa da. Musika estiloen abaniko zabala izanen dugu, hortaz. Formatua mugitzeko erraza eta irisgarria izanen da, musika mahai baten inguruan te batekin solasean jarrita gerta daitekeenaren bertze elementu baten gisa ikusteko, zerbait hagitz erraza.

L. B: Izan ere, konturatu gara artista edo musikari izatearen esentzia komunikatzen jakitea dela. Urte honetan, hizkuntzarekin komunikatu ezin genuenez, aldiro bilatu behar genituen bideak publikoarengana iristeko. Normalki errazagoa da. Jendeak ezagutzen du musika mota, badaki non jarri, nola jokatu... Urte honetan zehar ez da hala izan.

Y. T: Beldur pixka bat badugu. Gure musika estiloa, klasikoa, ez baita herrikoia, biztanleriaren %1ek soilik entzuten du pixka bat. Gutxiegi da. Baina modu onean egiten baduzu edozein musika estilo izanen da ongi etorria. Horregatik, modua ari gara lantzen.

L. B: Vivaldi, Mozart, Bach jotzen hasi eta haurrak dantzan hasten ziren [barrez]. Guretzat ezohikoa da hori eta musikari profesional gisa zailagoa da inoiz biolinik ikusi ez duten umeen aitzinean jotzea. Sinestezina izaten zen erreakzioa.

Proiektu berriarekin ere bidaiatuko duzue?

Y. T: Estatu espainiarra, frantsesa eta Belgika izanen ditu kokaleku. Gitarrista Granadakoa da eta biola “gambarra” jotzen duena frantsesa.

L. B: Mundu osoan egin dugunak balioa du Europako parte honetan ere.

Anitz ez dira hurbiltzen ulertzen ez dutelakoan.

Y. T: Pertsona horrela sentitzen bada artistaren akatsa da.

L. B: Bai. Jotzen ari garen urte guztiotan hainbertze aditu dugu ”ez dut ulertzen”. Posible da! Salvadorreko kafe plantainetan sekula ez zuten biolinik ikusi, eta musika klasikoaz gozatu dute.

Urte honetan dohainik eman dituzue 104 kontzertu.

L. B: Traba guztiak kendu nahi genituen eta oztopo ekonomikoa da handienetako bat.

Y. T: Jende anitzek, tartean haurrek, musika klasikoko kontzertu bat ikusi dute eta, aldi berean, bere ibilgailuan bidaiatzen ari den familia atzerritar baten istorioa ezagutu dute, irudimena eta sormena landuz, adibiderik ezean nekeza baita zerbait posible izatea.

L. B: Diktaduretatik atera berri diren herrialdeetan izan garenean nabaritu dugu asma dezaketen ametsik eroena polizia edo medikua izatea dela.

Y. T: Zenbat eta itxiagoa herrialdea, orduan eta murritzagoak perspektibak. Nahi nuke hemendik urte batzuetara norbaitek idatziko baligu “zuek ikusi eta gero beti gustatu izan zaidan zerbaitetan sartu naiz, eta orain honetan nabil”.

Tokiko jendearekin bizi izan zarete, ezta?

Y. T: Bai. Doan jotzen genuen, baina janaria eta etxea eskaintzen ziguten trukean. Ia beti etxeko lorategian jartzen genuen furgoneta, eta lorategirik ez bazen etxea eskaintzen ziguten. Ibilgailua kontinente batetik bertzera pasatzeko hilabete itxaron behar genuen, eta bitartean motxilekin ibili gara, irakasleen etxean edo ahal genuen lekuan lo eginez.

Nola erabaki duzue ibilbidea?

L. B: Badira leku batzuk pasatzeko zailak, adibidez, gerra egoerengatik. Orduan, herri batzuk alde batera utzi eta bertze bide batzuk hartu behar izan ditugu.

Y. T: Denborak ere mugatu gaitu. Bagenekien irailerako itzuli behar genuela.

Eginen duzue bertze mundu birarik?

Aho batez: Bai!

Y. T: Bidaiatzea momentu pribilegiatua da ikasteko eta haize freskoa hartzeko.

L. B: Hainbertze estimulu daude! Une oro. Lehenbiziko hilabeteetan horretara ohitu behar izan genuen. Orain dena digeritu behar dugu.

Nola topatu duzue mundua?

L. B: Urarekin eta plastikoarekin sekulako arazoa dagoela baieztatu dugu. Gainera, ikusi dugu toki guztietan sentitzen duela jendeak segurtasun falta ezagutzen ez duenarekiko. Toki batean erraten ziguten bertze batera ez joateko, hagitz arriskutsua zela. Joaten ginen, eta gauza bera erraten ziguten gentozen tokiaz. Ezagutzen duguna etxekoa da, segurua, ongi sentitzen gara bertan. Thailandian, adibidez, goi mailako musika ikasi nahi dute, baina ez dute Europara etorri nahi arriskutsua iruditzen zaielako. Guk bidaia osoan ez dugu esperientzia arriskutsurik bizi izan.

Y. T: Ikusi dugun guztia laburtuz, erranen nuke mendekoegiak garela ezagutzen dugunarekiko. Unibertsala da hori.

L. B: Ezagutzen duzunetik ateratzen zarenean gehiago ikasi eta maita dezakezu.

Y. T: Bidaiatuz, gero eta gehiago ikasi eta maitatzen dugu. Bihotzean zerbait askatu eta irekitzea bezala da.

Zer erran dizue jendeak esperientzia honen berri kontatzean? Eta berroetarrek?

Y. T: Batzuek inbidiaz edo miresmenez entzun gaituzte. Bertzeek, ordea, erokeriatzat hartu dute.

L. B: Berroetan irri anitz egin dute gurekin.

Y. T: Beti izan gara giri arraroak, beti maitasun handiz.

L. B: Furgoneta ongi isolatu nahi genuen, eta isolatzaile hoberena artilea da. Berroetako ardien ilea jaso genuen, kalitate bikainekoa, idortzen jarri genuen plazan. Jendeak irriz zion: “Ze kiratsa izanen duen!”. Ongi garbitu genuen eta sinestezina izan zen: zeropetik zazpi gradutan lo egin genuen Japonian eta ez genuen hotzik pasa, Berroetako ardiei esker! [algaraz]. Zein ongi babestu gintuzten! Eta ez zuen batere usaintzen.