Koldo SAGASTI

Heriotza-teknologiaren probalekua

2024ko irailaren 17ko arratsaldea estatu-terrorismoaren historiara pasako da, Israelgo erregimenak Libanon burutu zuen zibereraso hilgarriagatik. Urrunetik burututako oldarraldian gutxienez 12 lagun erail eta 3.000tik gora zauritu zituzten, horietatik 500 baino gehiago larriki. Azken triskantza hau berezi egin duena, ordea, ez da erasotuen kopurua; izan ere, hildako gehiagoko sarraskiak ere burutu ditu erregimen sionistak eskualdean, areago azken urtebetean. Oraingo honetan, baina, prozedura izan da ezohiko elementua. Israeldarrek milatik gora “beeper” gailu eztandarazi dituzte, batera eta modu indiskriminatuan, eramaile eta ingurukoen artean txikizioa eragiteko. Argitu gabe dago nola. Litekeena da erasotzaileek ekoizpen prozesuaren hastapenetan esku hartu izana aparatuen barruan lehergailuak sartzeko. Aparailu horiek 80ko hamarkadan ohikoak ziren une oro aurkitzeko moduan izan behar ziren profesionalen artean, eta urte askotako beherakada baten ostean, berriro hasi omen dira erabiltzen, nonbait, eskuko telefonoetan instalatzen diren espioitza softwareak saihestu nahi dituztenen artean. Analistek diote Hezbollahko ekintzaileek ere barneko komunikazio seguruetarako baliatzen zituztela, eta horixe izan da, hain zuzen, hilketa masiboa zuritzeko erabili duten aitzakia. Nolanahi ere, erasoak, arerioen artean ahalik eta baja gehien eragiteaz gain, munduari mezu bat bidaltzea zuen helburu. Gerra paradigma berri batean kokatzen da.

Anaia handia sega-potoan bertan dugu, areago, eguneroko erabilerako edozein elektrizitate-tresnatan, eta nekez aterako da onik ihes egin nahi diona. Paradigma beliko berri honetan Israel da aitzindaria, bere heriotza-teknologia nazioarteko merkatuetan hobekien saltzen dakiena, “tested in combat” (benetako gerra testuinguruan probatua) berme-zigiluarekin, eta Ekialde Hurbila da probalekua, gerora mundu osora zabalduko den teknologia hilgarri horren entsegu eremua, eta gure etorkizun hurbilaren iragarpena. •