Udako merkatuak eta minoria arriskutsuak
“Errealak aurrelari kolonbiarra fitxatu du”; “Osasunak akordioa egin du atezain espainiarrarekin”; “erdilari nigeriarrak Alaves indartu du”... Gizonezkoen futbolean oraintxe itxiko da udako merkatua, eta hiru hilabete luzetan halako lerroburuak irakurri ditugu nonahi.
Kolonbiarrak, espainiarrak, nigeriarrak… esku zabalik jaso dira. Harrerak ez ezik, txalo artean aurkezpen ofizialak egin zaizkie. Mediku probak ere bai, osasunez ondo dauden ziurtatzeko. Azaleko kolorearen arabera ezberdintasunak egon badira ere, oro har ongi etorri instituzional eta soziala mundiala izan da.
Hala ere, ez dakit integratuko diren. Normalean ez dute horretarako borondate handirik izaten, besteongandik ondo hesitutako eta bereizitako luxuzko etxeetan hartzen baitute ostatu. Arauak errespetatuko dituzten edo ez ere ez da ziurra. Aurrekariak ez dira oso lasaigarriak: iruzur fiskalak... Kanpotik datozen enpresa multinazionalekin beste horrenbeste.
“Kanpotarren” ustezko integrazio ezarekin eta lege iruzurrekin asaldatuta ei dauden hedabideak lasai antzean sumatzen dira, ordea. Susmagarria. Horientzat zein da arazoa, migrazioa edo pobrezia?
Udan izan da beste merkatu bat ere. Turistifikazioari lotutakoa, hain zuzen. Merkatu txikiak txikitu eta hiri osoak super-merkatu bilakatu dira. Badakizue, garrantzitsua da gure burua ondo “saltzea”. Eta lagunok, bai saldu ere! Aita Mari bezalako salbamendu ontziei trabak jartzen zitzaizkien bitartean, milaka turista etorri dira. Aipatutako hedabideak pozik, noski.
Hor ere izan dira “fitxaketak”: sukaldeetarako, zerbitzatzeko, garbitzeko... Harrerarik eta mediku azterketarik egin gabe, biharamunetik bertatik jo eta su hasi dira. Lan motaren eta baldintzen arabera, perfil ezberdinetakoak. Bizilagunak elkartearen arabera, «enplegu prekarizatuenetan langile migranteak, arrazializatuak, emakumeak eta gazteak ari dira, nagusiki». Denek ez dute prezio berdina, sobra ere. Hori gutxi ez, eta udako “denboraldia” amaitutakoan taldetik bota dituzte asko.
Aitzitik, eskuin muturreko “txiringitoak” diruz hornitzen dituzten enpresariak ez dira kexatu. Are, beraien manupean aritu dira migrante horietako asko. Baina orduan zergatik arbuiatzen dituzte publikoki? Ikusezin eginda beraien baldintza kaxkarrak ez direlako ikusten. Beraz, beraientzat zein da arazoa, migranteak edo horiek herritar gisa eskubideen jabe izatea?
Agerikoa denez, migranteak esku zabalik onartzen dituzte, baldin eta aberatsak badira. Migrante pobreak, berriz, publikoki gaitzetsi egiten dituzte, baina ezkutuan esplotatu egiten dituzte.
Horren aurrean, auzia ez da migrazioa bai edo ez, baizik eta zein baldintzatan: parez pareko herritar gisa, elkarrekin herri bat eraikitzeko, edo mendeko bezala, lanik prekarioenak egiteko? Egungo Konstituzio eta Atzerritartasun Lege supremazistekin edo euskararen ezagutza bermatuko duten hizkuntza-politika burujabeekin? Horri lotuta, auzia ez da mugak bai edo ez, baizik eta zein mugatuko dugun: gerra, larrialdi klimatiko edota gosetetik ihesi datozenak edo Hego globala ustiatu eta izurri horiek sortzen dituztenak?
Erantzuna begi bistakoa da. Miren Artetxek bertso batean zioen bezala, «ze arriskua ez da homosexuala, puta, beltza, arabiarra / aberatsena da arriskutsua den minoria bakarra». Ea ba fokua eta mugak non jarri asmatzen dugun. •