28 SET. 2024 { DATORRENA } Haizeren bidetik Oier IMAZ ALIAS «Si tous les acteurs sont réunis et vont dans le méme sens il n’y a pas de limite á la scolarisation d’un enfant» (Nora, 2017). Kooperazioari buruzko hausnarketan badago nolabaiteko kontsentsu bat “hutsunearen hipotesiaren” inguruan. Kooperatzen dugu, gure interes partikularren gainetik jarriz ongizate komuna, behar argi baten, hutsune baten aurrean. Ez daukagu eskolarik euskaraz, hortaz, ikastolak egiten ditugu. Paradoxa da gure kooperazioaren eraginkortasunak eragiten duela bere desaktibazioa; beharra aseta, hutsunea beteta, buelta bakoitza berera. Baina ikastola eraikitzea ez da aski. Kudeatu behar da gero… Apur bat modu formalagoan, bi bide desberdin proposatzen dira kooperazioa ahalbidetzen duten baldintzak denboran iraunkortzeko. Bata da helburu partekatuena. Ez dira helburu zehatzak, arrazoi orokorragoak, zabalagoak dira. Ez ikastola bera, euskararen etorkizuna baizik. Alta, nahiko agerikoa zaigu, egun, helburu partekatuek ez dituztela borondate irmoak artikulatzen. Beste aukera da oinarriei erreparatzea, balioei eta tradizioari. Onartu behar dut, nik neuk, harreman gatazkatsua daukadala tradizioarekin. Izango da Bidasoaldean jaio nintzelako. Desberdin ere pentsa dezakegu dilema, bere premisei erreparatuz gero. Larunbatean, Skyrhune lasterketara hurbildu ginen, “Haizeren bidetik” elkartearen deialdiari erantzunez. Lasterketak badu berezitasun bat. Larhunera korrika igotzen direnen artean elbarritasun anizkoitza duten haurrak ere badaude. Zinez epikoa da. 15-20 pertsonako taldeak, gurpildun aulkia bizkar gainean hartu eta, eskuz eskuz, Larhuneko aldapetatik gora. Hunkigarria ere bada. Eta gogorra. Bertan hartu genituen gogoan Haize, Mäel eta Mikel. Nolako hutsunea. Baina tristea ez. Han ez zegoen tristurarik. Aski zen gurpildun aulkietan zihoazen haurren begietara begiratzea. Eta haien guraso, arreba, lagun… zelako indarra. Hau da, kooperazioa behar argi baten aurrean aktibatzen bada, premisa faltsua da esatea gure auzo, herri eta eskoletan ez dugula kooperatzen ez dagoelako behar argi bat, hutsune bat. Beharra bada, arazoa da ez dugula gurea egiten. Aldiz, Larhunen aurkitu genituen pertsonen konpromiso militantea, indarra, alaitasuna, miresgarria da. Baina ez da aski. Beharrezkoak dira instituzioak; bidelaguntza, bitartekoak… eta beharrezkoa da komunitatea. Norak, Haizeren amak, ondo azaltzen zuen Faire Face atarian emandako elkarrizketa batean. Norak bataila luzea egin zuen Haize eskolatzeko. Haizek elbarritasun anizkoitz larria zuen. Eta hiru urte zituela, diagnostiko bat jasotzeko esperantza lausotzen zelarik, haurrari testuinguru aberatsak eskaintzeko hautua egin zuten Norak eta Mikelek, gurasoek. Hau da, eskolatzea. Bistan da helburua ez zela programa bat betetzea. Aldiz, oso ulergarri azaltzen du Norak Haize eskolatzeko hautuaren arrazoia: hiru urteko haurrek eskola behar dutelako, eta Haize hiru urteko haurra zen. Bistan da, ez zen erraza izan. Aldiz, haurraren garapenari egin zion ekarpena bistakoa izan zen lehen egunetik. Noraren ustez, Haizeren adibideak erakusten zuen (eta nire ustez, zabaldu dezakegu hausnarketa egoera zaurgarrian dauden kolektibo desberdinetara) haur guztientzako lekua dagoela eskolan, eta hori posible egiteko gako bakarra dela borondatea; eskolarena, administrazioarena, komunitatearena… Baina borondatea egon dadin, beharrezkoa da eskola (ez berea, denona) Haizeren begietatik ikusi, ulertu eta bizitzeko prest egotea. Horrek dakarren guztiarekin. Ez baitzen nahikoa Haizerentzat leku bat topatzea ikastolan. Behar zen borondatea Haizeren bidetik egiteko denok aurrerabidea; datorren moduan, aldapan behera eta gora, eguzkitan edo euritan, eta aukeran pozik, larunbatean bezala. • Kooperatzen dugu, gure interes partikularren gainetik jarriz ongizate komuna, behar argi baten, hutsune baten aurrean