Chhaupadi: tradizioak emakumeen eskubideen urraketa ekartzen duenean
Hilekoari buruzko sineskeriak, mitoak eta tabuak aspalditik errotuta daude hainbat kulturatan. Horietako askok emakumeen “ezpurutasuna” edo “kutsagarritasuna” azpimarratzen dute, haien diskriminazioa eta bazterketa legitimatuz. Horren adibide larria da Nepalgo mendebaldeko barruti batzuetan praktikatzen den Chhaupadi izeneko ohitura.
Hilekoarekin dauden edo erditu berriak diren emakumeak odoljarioa amaitu bitartean lokatzez, egurrez edota buztinez egindako txabola ziztrin batzuetan bakartzea da Chhaupadi, eta benetan gogorra da hura pairatzen duten emakumeentzat. Izan ere, bakartuta egon behar izateaz gainera, badute bestelako muga eta debekurik. Esate baterako, familia-ekitaldi eta -ospakizunetan parte hartzea debekatzen diete; ezin dira tenpluetara joan; debekatuta dute ganadua edota gizonak ukitzea; ur-iturri komunitarioetan bainatzea debekatzen zaie; ezin dituzte elikagai jakin batzuk jan… Hori guztia gutxi ez eta gizonen sexu-erasoak eta tigreen, sugeen eta antzeko animalien bestelako erasoak pairatzen dituzte. Hala, Chhaupadik ondorio kaltegarriak izan ohi ditu emakumeen osasun fisiko, psikologiko zein sozialean.
Osasun fisikoari dagokionez, Chhaupadia sufritzen duten emakumeek hainbat gaixotasun eta arazo izan ditzakete. Besteak beste, ahuldadea, hipotermia, pneumonia, beherakoa, higienerik ezak sortutako gernu eta aluko infekzioak eta animalien zein gizonen erasoek ekarritako kalte fisiko nahiz sexualak. Muturreko ondorioa heriotza izango litzateke. Chhaupadiaren praktikak eragindako heriotzak ezkutatzen direnez, zaila da datu errealak ezagutzea, baina badakigu gutxienez 4-5 emakume hiltzen direla urtean praktika horren ondorioz. Osasun psikologikoari dagokionez, eta emakumeak “zikinak” eta “ukiezinak” kontsideratzen direnez odoljarioarekin dauden bitartean, hainbat kalte psikologiko pairatzen dituzte. Adibidez, erruduntasuna, lotsa, umiliazio sentimendua, autoestimu baxua, tristura, depresioa, animali zein gizonen aldetik sufritutako erasoekiko beldurra, eraso horiek sortutako sentimenduak, etab. Azkenik, osasun sozialari dagokionez, aipatzekoak dira emakumeek sufritzen dituzten isolamendua, bazterketa eta abandonua. Izan ere, odoljarioa daukaten bitartean, erabat isolatuta geratzen dira eta, aipatu bezala, ezin izaten dute egunerokotasuneko jardueretan parte hartu. Hala, erabat kaltetuta geratzen da emakume horien ongizate soziala.
Chhaupadi praktika ofizialki debekatua dago Nepalen 2005az geroztik, eta emakumeak praktika hori egitera behartzen dituzten pertsonak urtebeteko kartzela-zigorrarekin eta isun batekin zigortzen dituen legea sartu zen 2018an indarrean, baina orain arte pertsona bakarra zigortu dute. Hala, legeak ez du lortu praktika errotik erauztea, eta oraindik ere ohikoa da Nepalgo zenbait eskualdetan. Hain errotuta dauden praktika horiek eta horien oinarrian dauden sinesmenak desager daitezen, ezinbestekoa da hezkuntza eta kontzientziazio lan handia egitea, bai komunitateetan eta baita botere publikoetan ere.
Zorionez, bada horretan lanean ari denik. Besteak beste, “Be artsy” Gobernuz Kanpoko Erakundea; hain zuzen ere, erakunde hori aurrera eramaten ari den Rato Baltin izeneko proiektua. Hilekoaren osasuna eta sexu-hezkuntza kudeatzeko esku-hartze programa bat da Rato Baltin proiektua, eta horri esker, 74.000 emakumek baino gehiagok hilekoa bizitzeko beste modu bat ezagutu ahal izan dute Chhaupadiaren ondorioak pairatu gabe; beraz, oso esku-hartze baliagarria da Nepalgo emakumeen giza eskubideak bermatzeko.
Chhaupadi desagertzea eta emakumeen eskubideak errespetatzea Nepalgo gizartearen erronka handi bi dira. Tradizioak eta genero desberdintasunak eragindako ohitura kaltegarri horrek erakusten du oraindik ere zenbat bide dagoen egiteko emakumeen eskubideen alde eta gizarte bidezkoago baten eraikuntzan. Bide horretan lagundu nahi baduzu, ikus “Be artsy” erakundearen webgunea. •