Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Zona Divas: Engainuarekin hasi eta bost heriotzekin amaitu zuen kasuaren dokumentala

Fernanda Valadez eta Astrid Rondero zuzendarien “El Portal” seriea ikusgai dago Netflixen. Zona Divas webgunearekin lotutako indarkeria dakar argitara: webgunearen jabeek hainbat emakume atzerritar engainatzen zituzten Mexikon sexu lanak egiteko, eta horietako bosten heriotzek eraman zuten auzia prentsara.

Astrid Rondero eta Fernanda Valadez, «El Portal» sail dokumentalaren zuzendariak.
Astrid Rondero eta Fernanda Valadez, «El Portal» sail dokumentalaren zuzendariak. (MEZCLA)

Ez da hain ezaguna Mexikotik kanpo, baina Latinoamerikako herrialde horretan bai, “Zona Divas” izena hartu zuen kasuak oihartzun handia izan zuen. Prostituzioa, migrazioa, engainua eta heriotza, besteak beste, izan zituen osagai kasu hark, eta prentsa mexikarrak eskuak igurtzi zituen gertatutakoa mokaduka eta enpatia ariketarik egin gabe eskaini aurretik. Orduko kontakizun sentsazionalistari buelta eman eta emakumeen ikuspuntua jasotzen duen dokumentala pasatu den irailaren 5ean estreinatu zuen Netflix plataformak.

Zinemagintzan aspalditik elkarrekin lanean jarduten duten Astrid Rondero eta Fernanda Valadez zuzendari mexikarrek Mezcla ekoiztetxearekin sortu duten “El Portal, la historia oculta de Zona Divas” ikus-entzunezkoak 2001etik 2018ra indarrean egon zen zonadivas.com izeneko webgunearen atzealdeari begiratzen dio, baina, oraingoan, URL hark ezkutatzen zituen indarkeriak sufritu zituzten pertsonen eta haien senideen begiraden bitartez.

Ignacio Santoyo “El Soni”-k eta Jose Antonio Villeda “El Toni”-k sortu eta kudeatzen zuten Zona Divas webgunea “scort”-en online katalogo gisa aurkezten zen: prostituzio zerbitzuak eskaintzen zituzten pertsonen argazkiak eta fitxak erakusten zituen eta, ustez, notario batek berretsitako kontratu bat ematen zioten emakume bakoitzari, zeinak adierazten baitzuen lana modu libre eta boluntarioan egiten zuela eta bi aldeen arteko hitzarmen bakarra publizitatea zela.

Ordea, paperak hori jasotzen bazuen ere, praktikan, Zona Divasek Venezuela, Bolivia, Kolonbia, Argentina eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetatik erakartzen zituen emakume askok ez zituzten eskaini zieten baldintzak topatu Mexikora iritsi zirenean. Batzuk sexu lanak egitera behartu zituzten, nahiz eta garbiketa, zaintza edo etxeko lanak egiteko eskaintza jaso zuten Mexikora mugitu aurretik. Beste batzuei pasaportea eta bestelako dokumentuak erauzi zizkieten, eta andreetako asko zorrekin itotzen zituzten, nahita: hegazkineko bidaiaren zorra, etxebizitza zerbitzuarena, garraioarena, online plataforman eskegitzeko argazki saioena eta zonadivas.com webgunearen barruan ematen zitzaien publizitate espazioarena, besteak beste. Ondorioz, lanegun akigarriak egin behar izaten zituzten hori guztia ordaintzeko, eta webgunearen jabeek lotuta mantentzen zituzten.

Ehunka emakumek, bi aldiz zaurgarri migranteak eta sexu langileak izateagatik, urteak eman zituzten egoera horretan. Webgunea gutxienez 25 orri izatera iritsi zen, eta horietako bakoitzean 35 emakumeren zerbitzuak eskaintzen ziren.

2017 eta 2018 artean Zona Divasek internetetik prentsara salto egin zuen; larriagotu egin zen indarkeria: epe horretan, plataforman agertzen ziren bost emakume hil zituzten lanean ari zirela, lau venezuelar eta argentinar bat. Kenni Finnol, Wendy Vaneska, Andreina Escalona, Genesis Gibson eta Karen Ailen Grodziñiski ziren.

«El Portal» sailaren promozio kartela. (NETFLIX)

Oihartzun gehien izan zuen feminizidioa Kenni Finolena izan zen, bostetatik lehenengoa, dokumentaleko zuzendarien hitzetan. Finolek 23 urterekin utzi zuen Venezuela. Dirua behar zuen, gaixo zuen amaren sendagaiak erosi ahal izateko, eta Zona Divasera jo zuen. «Bera webgunearen goiburuan agertzen zen, bera zen gunearen aurpegia», zehaztu du Astrid Ronderok. Inflexio puntu bat markatu zuen Zona Divasi buruzko auzi mediatikoan eta gizarte mexikarrean.

Zailena, kontaktua egitea

Mezcla ekoiztetxeko taldeak -tartean Laura Woldenberg ekoizleak- gonbidatu zituen Astrid Rondero eta Fernanda Valadez Zona Divas kasuari buruzko serie dokumentala sortzera. Aurretik, ekoiztetxe mexikarrak “Las tres muertes de Marisela Escobedo” eman zuen Netflixen, emakume batek, bere alabaren feminizidioaren ostean, justizia bila egiten duen borrokaren kontakizun gordina, eta “true crime” estiloko dokumentalak arrakasta handia izan zuen Mexikon. «Mezcla asko gustatzen zaigu, ikusleria zabal bati zuzentzen diren dokumentalak egiten dituztelako, betiere xede eta jatorri soziala mantenduta. ‘True crime’ generoak desenkusa bezala balio izan zigun Mexikon gertatzen den emakumeen salerosketaren eta haien kontrako indarkeriaren erradiografia bat egiteko», kontatu du Fernanda Valadezek.

Hala, zuzendariak proiektuan sartu ziren, haiek ere gaiaren alde sozialak bultzatuta. «Zona Divas kasuak ahalbidetu zigun adarkadura pila bat dituen arazo baten burua ikustea. Mexikoko gizartea emakumeen salerosketaren sare konplexu horretara gerturatu zuen», agertu du Ronderok. Zuzendarien esanetan, Mexiko da munduan emakumeen salerosketaren helmuga eta sortzaile nagusietako bat.

Lau atalez osatzen den dokumentala egiteko, ikerketa talde «handi» bat osatu zuten eta, besteak beste, sarbidea izan zuten Zona Divasekin lotutako kasu judizial eta estrajudizialaren dokumentaziora, eta lehenengoz egin dute publiko. Horri esker, zuzendarien hitzetan, ordura arte galduta zeuden «istorioen zatiak batu» zituzten eta emakume hauen bizitzak osatu eta ulertu ahal izan zituzten.

Are argigarriagoa izan zen, baina, online plataforma horren sustatzaileen biktima izan ziren emakumeak eta hildako andreen senideak elkarrizketatzea. Bizirauteko eta egoera horretatik askatzeko estrategien garrantzia azpimarratu dute zuzendariek: «Biziraun zuten nesken kasuan, seriean ikusten da nola euretako bakoitzak, zituen baliabideekin, zeukan inteligentzia eta espirituarekin, lortu zuen bahituta zeukaten egoera horretatik ateratzea».

Erronka handia izan zen, bereziki, hildako emakumeen senideekin kontaktua egin eta haien istorioa konta zezaten lortzea, aitortu dutenez. «Zona Divas markatu duen kontuetako bat da nola eman zuen prentsak hilketen berri, eta pentsa, ez da aspaldiko kontua, 2017-2018az ari gara. Uste dut modu sentsazionalistan eta sexu lanbideak esan nahi duen ororen gaineko aurreiritzi askorekin eman zietela oihartzuna gai honi. Horrek asko zaildu zuen senideekin kontaktua egitea, aurretik oso gaizki tratatu zituztelako. Kasuetako askok ez dute inolako epairik jaso, ezta babesik ere. Hori izan zen lanaren lehenengo zatiko alderik zailena. Baina, Laura Woldenberg-ek askotan esaten duen moduan, azkenean, senideak istorio honen bihotza bilakatu dira», esplikatu du Ronderok.

Zuzendari honen ustez, oso garrantzitsua da adieraztea Zona Divasen arduradunek erakarri zituzten emakume «guztiak» direla biktimak, eta ez soilik hildako bostak. «Batzuk engainatu zituzten beste lan bat egingo zutela esanez, baina sexu lanetara etorri ziren horiek ere engainatu zituzten, trafikoa egin baitzuten beraiekin. Hori krimen bat da», baieztatu du.

Biktimen senideekin bezala, zail izan zuten webgunean «biziraun» zuten andreekin hitz egitea, batez ere, zuzendarien esanetan, «sexu lanbideak oraindik ere badituen aurreiritzien ondorioz». «Urteak pasatu dira, bizitzak berregin dituzte; horregatik, hain mingarriak zaizkien gauzen inguruan hitz egitera bueltatzea oso zaila izan zen», gaineratu du Ronderok.

Halaber, kamera aurrean agertzeko errezeloa zuten hildako biktimen senideek nahiz «biziraun zutenek», Mexikoko autoritateek pizten zieten mesfidantzaren ondorioz. «Hori dela eta, bidea oso konplexua izan zen. Baina azkenean, osatu genuen kazetari taldeak ibilbide hori egin ahal izan zuen, areago, lortu genuen gerturatzea familia batzuengana, zeintzuen inguruan Mexikoko prentsak esan baitzuen ez zutela lortu haien senideen gorpuak berreskuratzea, hobi komun batean zeudela. Gezurra zen. Ama guztiek izugarrizko borroka egin dute beren alaben gorpuak berreskuratzeko. Genesis Gibsonen kasuan, bere gorpua oraindik ere Mexikon dago. Istorio gordinak dira», berretsi du Astrid Ronderok.

Pertsona bat «Zona Divas» webgunean nabigatzen, «El Portal» laneko irudi batean. (NETFLIX)

Biktimengana iristeko, une oro sentsibilitatea zaindu eta landu behar izan zuten, eta aitortu dute feminista izatea ez dela nahikoa feminizidioak era egoki batean kontatzeko. «Une oro egiten ari ginen hori zaintzen genuen, beti enpatiatik abiatuta. Eta garrantzitsua da esatea emakume izateak, feministak izateak, ez gaituela libratzen berbiktimizazioan erortzetik eta aurreiritziak izatetik. Proiektu honek hainbat ideia aldarazi zizkigun, eta hausnartzeko bide eman. Ikusten bagenuen zerbait garrantzitsua izan zitekeela narratibarako baina min egin zezakeela, ez genuen sartzen», esplikatu du Valadezek.

Inpunitatearekin hautsi

Rondero eta Valadezen ustez, Netflix plataforman ikusgai den “El Portal” serieak balioko du, modu berean, ikusleak hausnartzera bultzatzeko. Eta baita Zona Divasen kasua ezaugarritzen duen neurriz gaineko inpunitatearekin, neurri batean, hausteko ere. Izan ere, kasu honen ardurak banatzeke daude. Besteak beste, “el Soni”, Zona Divaseko kudeatzaile nagusia, 2021ean libre utzi zuen epaile batek, bere kontrako proba nahikorik ez dela ebatzita.

Beldurrak beldur, hitz egiteko beharra zuten biktimek, eta haien kontakizuna zabaltzeak arindu dezake nolabait justizia mexikarrak sakondu duen mina. «Hasieran mesfidati agertu baziren ere, hitz egiten hasi zirenean, guztiek esan ziguten egin gabe zuten sendaketa hasteko balio izan zuela. Eta oso arraroa zela, bat-batean, aurreiritziz eta indarkeriaz betetako mundu honetan, haien istorioak kontatzeko aukera irekitze hutsa», adierazi dute.

Hori da, Fernanda Valadez eta Astrid Rondero zuzendarien ustez, “El Portal, la historia oculta de Zona Divas” serie dokumentalak orain arte eman duen onena. Emakumeek hitz egin egin dute. Aurrerantzean, milioika ikusleengan sortuko duen erreakzioa izango da epaile.

 

«Sujo», sikario baten semearen istorioak ekarri ditu berriro ere Donostiara

Astrid Ronderok eta Fernanda Valadezek 16 urte daramatzate zinemagintzan elkarrekin lanean, eta nazioarteko 60 sari inguru jaso dituzte beren ibilbidean, horien artean, “Sin señas particulares”(2020) pelikularekin. Film horrek ekarri zituen lehenengoz zuzendari mexikarrak Donostiako Zinemaldira, eta Horizontes Latinos nahiz Kooperazio Espainiarreko sariak eskuratu zituzten. Asteon, bigarrenez izan dira Gipuzkoako hiriburuan, haien lan berria aurkezten: “Sujo”. «Oso pozik gaude Donostiara itzultzearekin. Gure ibilbidean inflexio puntu bat izan zen Donostia, sentitzen dugu orduan aireratu zela guztia. Itzulera ere positiboa izango dela espero dugu», adierazi dute zuzendariek.

Sikario baten semea da Sujo, eta Mexikoko landa eremuko errealitatean bizirauten ikasiko du bere aita hil ostean. «Oso beharrezkoa deritzogu pelikula honi. Mexikon hainbat krisi ditugu, eta horietako bat da indarkeriak eragiten duen zurztasunarena. Film honek etengabe galdetzen du ea Sujoren patua halabeharrez indarkeriari lotuta egon behar den, edo hori aldatzeko aukerarik ba ote duen. Hala, haziera baten inguruko pelikula da», aurreratu du Ronderok.

“Sujo” filmak jadanik ibili ditu hainbat zinemaldi eta, besteak beste, arrakasta ikaragarria izan zuen Sundancen: Epaihamaiaren Sari Handia jaso zuen. «Ez genuen imajinatu ere egiten saria hartuko genuenik», esan dute. «Orain ehun urte ditugula sentitzen dugu -aitortu du, brometan, Ronderok-, pelikula alde batetik bestera aurkeztea oso akigarria izaten ari da. Baina uste dut hunkitzeko gaitasuna duen pelikula bat dela, eta badu alde itxaropentsu bat, gizarte moduan aldaketarako ditugun aukeren inguruan».

Saria ez da, berez, Donostiako bidaiaren helburua, esan dutenez. «Ematen du zinean beti marka batera iritsi behar dela eta, egiaz, nekagarria da. Berez, egin behar duguna da momentu espezifiko horretan ahal dugun pelikula onena kontatu», dio Ronderok. Eta Fernanda Valadezek borobildu du: «Guretzat, zinema garrantzitsua deritzogun elkarrizketa bat proposatzeko tresna da».