GAUR8 - mila leiho zabalik

Etxea: barekurkuiluarena, barearena ala putrearena


Barekurkuiluak segurua du etxea; berarekin darama. Bareak, aldiz, ez du etxe finkorik eta batzuetan harri tartean topatzen du goxotasuna eta babesa, bertzeetan landare artean, edo enbor huts baten barnean. Marimo ere etxerik gabe egon zen, amak, itsu eta zaharturik, ez zuelako lana aurkitzeko modurik. Zuhaitz baten gainean eraiki zuen bere eskuz bizilekua, eta poliziak handik bota nahi izan zituenean, lagunen artean harresi bat osatuta lortu zuten polizia bidaltzea. Orain pailazo familiaren berotasunean bizi da, baina jakitun da denak ez direla hain zorteko.

Liburutegitik gai beraren inguruko irakurgaiak ekarri ditugu etxera semeak eta biok, azalak erakarrita: “Irria” aldizkariaren ale bat, parkean kanpin-denda muntatuta iturrian hortzak garbitzen ari den sendi baten irudia duena, eta erabat harrapatu eta emozionatu nauen denda baten marrazkia duen “Yeom anderearen denda harrigarria” nobela korearra, han arrakasta handia izan duena. 24 orduz irekita dagoen janari denda honetara nahi duen guztietan etortzera gonbidatu du jabeak kalean bizi den Dokgo. Seulgo geltokian egiten du honek lo. Yeomek diru-zorroa galtzen du egun batean bertan, eta Dokgoren deia jasotzen du trenean doala, berak daukala eta itzuli nahi diola erranez. Hor hasiko da bien arteko harremana, eta bakoitzarentzat etxeak duen erranahia ezagutuko dugu, Dokgok ere izan baitzuen etxea, familia, lana, eta Yeomentzat, seme-alabak izan arren, dendako langileak baitira bere sendia.

Bi istorio eder hauek bat egin dute eguneroko solasgai den etxe alokairuen eta salmenten prezioen goititzearekin eta Errenteria eremu tentsionatu izendatzearekin. Aitorpen horrek aukera emanen dio herri aitzindariari alokairuen prezioak mugatzeko eta bost etxe (!) baino gehiagoren jabe diren alokatzaileei gehienezko prezioa finkatzeko.

Barekurkuiluak bizitzeko erosi du etxea, barea alokairuan bizi da; putreak, ordea, negoziorako darabil, etxea goxotasuna, jana, babesa eta gehiago izateko eskubidea dela ahantzita. •